Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Maite Reizabal izango da EnpresaBIDEAko zuzendaria

Orain arte egunkariko erredakzio-buru lanetan aritu da, eta proiektuaren egonkortzea izango du helburu nagusi

EnpresaBIDEAko Administrazio Kontseiluak Maite Reizabal Arregi izendatu du hedabideko zuzendari. 2022ko apirilean sortu zen EnpresaBIDEA, euskaraz tokiko ekonomia eta enpresa munduari buruzko informazioa eskaintzeko asmoz, eta hastapenetatik erredakzio-buru bezala aritu da.

Deustuko unibertsitatean Komunikazioko gradua egin zuen Reizabalek, eta gerora, komunikazioko hainbat esparrutatik igaro da EnpresaBIDEAra iritsi aurretik. Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuan, ikerketaren eta komunikazio instituzional arloan aritutakoa da, baita kazetari bezala ere Irutxuloko Hitzan eta Mundo Deportivon. Irakasle ere izan da Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko Graduan. Egun, Euskadi Irratiko Baipasa saioko kolaboratzaile ere bada.

Urte eta erdiko ibilbidea eginda —tartean Rikardo Arregi Komunikazio saria jasota—, Reizabalek proiektuaren egonkortze eta hazkunde faseekin jarraitzea du helburu, kalitatezko eta gertuko kazetaritza eskainita, jende gehiagorengana iristeko asmoz. Alboan izango du Karolina Sainz de Bikuña Irigoien, irailetik EnpresaBIDEAko gerente, baina hasiera-hasieratik proiektuan izandakoa. Joanes Marquet Lopetegi kazetaria eta Borja López Cárdenas estrategia digitalean adituak osatzen dute egunerokotasuneko taldea. Aitzitik, Pilar Kaltzada proiektuaren sortzaile eta Nico Cuenca orain arteko koordinatzaileak ere proiektuan jarraituko dute aurrerantzean. Kaltzada Kontseilari Nagusi eta Administrazio Kontseiluko kide lanetan arituko da, eta Cuenca, berriz, gertuko aholkulari izango da, batez ere edukien alorra indartzeko.

Joanes, Karol, Borja eta Maite | Argazkia: Aritz Loiola/Foku