Interes tasen igoera dator. Nola eragingo digu?
Europako Banku Zentralak moneta politika aldatuko du, interes tasen ingoerari ateak zabalduz
Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidente izateko, edonork ez du balio. Ekonomiaren inguruko ezagupen sakonak izan eta finantza munduan aditua izan behar da. Baita aritua ere. Badago, baina, beste ezaugarri bat ezinbestekoa dena: lerro artean berba egiten jakitea.
EBZko presidenteak maisu dira lerro artean solasten. Euren agerraldietan kazetariek xehe aztertzen dituzte adierazpen guztiak esan dutena, eta batez ere, esan ez dutena ulertzeko. Estatu Batueko Erreserba Federalean ere adierazpenetan zorrotzak badira ere, ez dute horren misteriotsuki hitz egiten. EBZ barruan ikuspegi zeharo kontrajarriak daude, eta presidenteak oreka ariketak egin behar ditu askotan. Fauna propioa dauka EBZk bere baitan, batez ere hegaztien munduan: usoak eta belatzak. Usoak diru politika lauso eta malgu baten aldekoak dira, interes tasa baxuak mantenduz hazkunde ekonomikoa sustatzeko. Quantitative easing edo hedapen kuantitatiboaren aldekoak dira, dirua erraz txertatzeko ekonomian. Belatzak, ordea, politika ortodoxoen zale amorratuak dira. Nahiago dituzte interes tasa altuak, inflazioa kontrolpean izateko.
Christine Lagarde egungo presidentea bi familien arteko orekaren bila aritzen da normalean. Pandemiak eragindako hondamendi ekonomikoari aurre egiteko usoekin bat egin zuen, ezohiko aktiboen erosketa programa abian jarriz. Belatzek, egoerak behartuta, bat egin zuten, baina hazkunde ekonomikoa Europara itzuli ahala kexak areagotu dituzte. Hornidura kateen shockak eta energiaren prezioak inflazioaren gorakada ekarri zuten, aspaldi ezagutu gabeko mailara helduta, eta belatzak urduri jarri ziren. Moneta politikan aldaketak eskatu zituzten, interes tasen igoerak nagusiki.
2021eko abenduaren 16an egindako agerraldian, Christine Lagardek baztertu zuen 2022an zehar interes tasak igotzea. Ikusmin handia zegoen jakiteko Erreserba Federalak edo Inglaterrako Bankuak bezala EBZk inter-tasak igoko zituen edo ez. Hala ez izatekotan, etorkizunean tasak igotzeko asmorik ote zuen jakin-mina zegoen. Inflazioa igotzen hasia zen, eta baziren kezkatzeko arrazoiak, baina Lagarde irmo mantendu zen: "Oraindik ere nahiko zaila da 2022an tasak igotzea, baina datuen arabera jokatzen dugu".
Lau hilabete eta erdi pasa dira eta mezua zeharo aldatu da. Asteazken honetan, Lagardek esan du aktiboen erosketen programa uztailean bukatzeko aukera asko daudela, eta ondoren interes-tasen ordua izango dela. Europako Banku Zentralaren gobernu batzordearen hurrengo bilera ekainaren 9an izango da. Data da, hortaz, egutegian gorriz markatu beharreko hurrengoa.
Interes tasen igoera dator, beraz, eta zalantza gutxi daude ekonomiak igarriko duela. Denok igarriko dugula. Baina nola?
Familiak
Interes tasen igoerak eragin bikoitza izango du. Aurrezkiak izan edo mailegua izan: gakoa hori da.
Mailegu pertsonalen kasuan, interes tasa finkokoak izaten ohi dira, baina hipoteka maileguetan denetarik dago. Ipar Euskal Herrian nagusiki tasa finkoko maileguak izaten dira, baina Hego Euskal Herrian kontrakoak. Tasa finkoko hipotekak sinatzean bezeroek ezagutzen dituzte bizitzan zehar ordainduko dituzten maileguaren kuotak, eta ez dira merkatuaren gorabeheren zain egon behar tasa aldakorreko maileguetan bezala.
Joera aldaketa egon da Espainian azken urteotan. Duela zazpi urte, tasa finkoko hipotekak % 5 baino ez ziren. Interes tasak jaitsi zirenean, bankuek estrategia aldatu zuten. Aldakorren ordez, tasa finkoko hipoteken kontratazioa hauspotu zuten. 2020 bukaeran, tasa finkoko beste aldakor sinatu ziren, eta 2022ko otsailean hipoteka berrien % 74 tasa finkokoak ziren.
Tasa aldakorreko hipoteketan erreferentziazko indize bati diferentzial bat gehitzen zitzaion. Erreferentziazko indizerik erabiliena urtebeterako euriborra izaten da. Euribor indizea ( Euro InterBank Offered Rate) Europako bankuarteko indizea da, bankuen artean eragiketak egiteko erabiltzen dutena. Polemika iturri izan da urte askotan euriborra. 2011an Europako Batzordeak euriborraren merkatua ikertzeko agindua eman zuen manipulazio zantzuak egon zirelako. 2013ko abenduan 1.170 milioi euroko isunak ezarri zizkien sei banku handiri 2005 eta 2008 bitartean euriborra manipulatzeagatik. Horren ondorioz, Euriborraren kalkulu sistema berria ezarri zuten.
Hipotekei dagokienez, bada begiratu beharreko beste kontu bat: letra txikia. Kontratu batzuek urtebeteko euriborrak egunero duen prezioaren erreferentzia erabiltzen dute, eta beste batzuek, ordea, hilabete bakoitzeko batezbestekoa. Merkatuak ezartzen du euribor indizea, interes tasen mugimenduei aurrea hartuz. Euriborra denbora luzez tasa negatibotan ibili da, baina 2022an goranzko joera hartu zuen eta atzoko datua % 0,109 da. Apirileko behin-behineko batezbestekoa, aldiz, % -0,002koa da.
Kontratu gehienetan hipoteka maileguen interesak urtero berrikusten dira. Oso kasu gutxitan izaten dira sei hileko berrikusketak. 2021eko apirilean, urtebeterako euriborra (batezbestekoa) % 0,484 zen, eta aurten % 0 inguruan kokatzea espero da. Urte batean, hortaz, euriborrak % 0,50 egin du gora. Horrek isla izango du familiek hilero ordaintzen duten maileguaren kuotan.
Aurrezkiak dituztenek euriborraren igoera begi onez ikusiko dute, bankuetan gordeta dituzten aurrezkiengatik interes altuagoak jasoko dituztelako. Azken urteotan bankuak bezeroen aurrezkiak inbertsio-funtsetara bideratzen ahalegindu dira. EBZk tasa negatiboa ezartzen zieten dirua izateagatik. Bankuentzat ez zen erosoa bezeroek kontuan dirua izateak. EBZren moneta politikak hankaz gora jarrita zuen bankuen negozioa. Interesak igotzean, litekeena da finantza erakundean berriro ere bezeroentzako epe finkorako gordailuak eskaintzea, eta lehia handia egotea erakundeen artean.
Enpresak
Familiekin bezala, interes tasen igoerak ezberdin eragingo die enpresei, dirua izan ala ez.
2008ko krisiaren ondorioz enpresen zorpetzea asko igo zen. Egoera ekonomikoak hobera egin ahala zorrak murrizten hasi ziren, baina pandemiak berriro ere zorpetzera behartu zituen. Enpresen kasuan, tasa aldakorreko maileguak dira ohikoenak. Berrikusketa epeak, aldiz, anitzagoak dira. Urtebeteko berrikusketa duten mailegu asko badaude ere, sei hilean behin berrikusten direnak ere badira. Inflazio igoera handiei, hortaz, interesen igoera gehitu behar diete enpresek.
Enpresen kasuan bada beste ondorio nagusi bat: gordailuetarako erraztasun marjinala ere aldatu zuten Europako Banku Zentralaren interes tasa negatiboen politikek; EBZk bankuei kontuetan dirua izateagatik aplikatzen dion interesa, alegia. Negatiboa izatera pasa zen, eta banku gehienak interes tasa negatiboak kobratzen hasi ziren enpresei kontuetan dirua izategatik. Kasu askotan, urtean -% 0,5 ere kobratzen zien batezbesteko saldoak izateagatik. Europako Banku Zentralak interesak igo ahala, bankuak tasa hori kentzea estimatzen da. Enpresentzako kostu bat gutxiago.
Gobernuak
Interes tasa baxuko garaietan gobernuak oso merke finantzatu dira. Zor publikoko jaulkipenen bitartez eskuratzen dute gobernuek finantzaketa. Epearen araberako jaulkipenak dira. Espainiak, esaterako, altxor letren jaulkipenak egiten ditu (18 hilabete artekoak), eta Estatuko bonu edo Obligazioenak ere (epe luzeagoa dutenak). Moneta polika ultra hedakorra izaan den bitartean, Espainiako gobernuak tasa negatiboetan bideratu ditu bere jaulkipenak. Jaulkipen zaharren muga eguneratu ahala, jaulkipen berriekin ordezkatu ditu, eta horri esker bere kostuaren batezbesteko kostua jaistea lortu du. Gaur egun, merkatuan dagoen zorraren batezbesteko kostua % 1,55koa da, inoizko baxuena. Interes-tasen igoerek izango duen eragin negatiboari aurrea hartu nahian, Espainiako gobernuak bere jaulkipenen erritmoa azkartu du. Gaur gaurkoz 94.172 milioi euro jaulki du, iazko kopuru osoaren % 40.
EBZren politika aldaketak zorpetze maila historikoan hartu ditu Frantzia eta Espainia. Orain arte zorra jaulkitzeko orduan arazorik ez dute izan EBZren pizgarrien politikari esker. Orain, ordea, egoera aldatu da, eta merkatuek badakite. Aspalditik ahaztutako arrisku-saria berriro ere agertu zaigu.
Arrisku-saria herrialde baten hamar urterako bonuen prezioa eta Alemaniakoaren arteko alde neurtzen du. Alemania Europako herrialderik fidagarriena izanda, bera hartzen da erreferentziatzat. Arrisku sariek, hortaz, herrialde batek bere finantza betebeharrei aurre egiteko duten gaitasunarekiko konfiantza neurtzen dute. Frantzia eta Espainiako arrisku-sariak, momentuz, maila jasangarritan daude, baina urtebetean asko igo dira. Espainiako arrisku saria 100,45 puntukoa zen atzo, duela urtebete baino % 52,31 altuagoa. Frantziakoa baxuagoa da, 49,75 puntukoa, baina urtebetean bikoiztu egin da.
Badira, ordea, goranzko bidea malkartsuagoa hartu duten herrialdeak. Italiako arrisku saria 180,85 puntutan dago. Greziakoa 228,95 puntutan.
Arrisku saria adierazle bat baino ez da. Gobernuek oraindu beharreko interesak jaulkipen publikoetan finkatzen dira, baina joera aspaldi aldatu zen. Zorraren prezioa igotzeak estatuak interesen ordainketari diru gehiago bideratzea eskatzen du.
Europak defizita kontrolatzeko arauak malgutu egin zizkien estatuei pandemiaren ondorioei aurre egin ahal izateko. Pandemia igarota, zorroztasunerako deiak entzuten hasi dira Bruselan berriro ere. Harritzekoa bada ere, jarrera erabat kontrajarriak dituzten bi estatuk, Herbehereek eta Espainiak, defizita kontrolatzeko mekanismoak berrikusteko proposamen bateratua aurkeztu dute. Europak oraindik ez du erabakirik hartu, baina argi dago berandu baino lehen arauak zorroztuko dituela. Pandemian zehar Europako fauna hibernatzen egon dela dirudi, baina esnatzen hasiak direla ematen du. Usoak eta belatzak, nor baino nor. Belatzak nagusituko direla dirudi.