Langileak, kamamila biltzen | Argazkia: Josenea

Ereduak

Zaurgarrienen gizarteratzea arintzeko infusioak

Joseneak gizarteratzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten du. Irabazi asmorik gabeko erakundeak Nafarroako lurretan ekoiztutako te eta infusio ekologikoak saltzen ditu Europan, Saudi Arabian eta Estatu Batuetan, besteak beste

Irunberrin, Bordablanca izenez ezagutzen den 13 hektareako lursailean, 60 bat landare mota desberdin landatzen ditu Joseneak. Sendagarriak nahiz usaintsu edo aromatikoak, te zein infusio gisara dastatu ahal izateko poltsatxoetan bildu, eta produktua merkaturatzen duen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Gurean saltzen hasi baziren ere, egun 200 mota baino gehiagoko te eta infusioak munduko herrialde askotan merkaturatzen dituzte egun, formatu desberdinetan. Urte guztiotan lortutako ospearen emaitza.

Aitzitik, landare, infusio eta tearen ekoizpenaz harago doa elkartearen jarduera. Izan ere, funtsean proiektu soziala da Josenea, eta lan merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak dira elkarteko langile. Migratzaileak, desgaitasunen bat duten pertsonak edota gizarteratzeko beste edozein zailtasun mota dituztenak aritzen dira Bordablancan lanean, eta gizarte-bazterkeria pairatzen duten pertsona horien lanerako integrazioa da elkartearen oinarrizko helburua.

Jesus Cía: “jarduera tresna edo bitartekoa da soilik eta gure egiazko jomuga pertsona zaurgarrien birgizarteratzea da”

“Inork nahi ez zuen jendearekin sortu dugu guzti hau”, dio Jesus Cía sortzaile eta zuzendariak. “Jarduera tresna edo bitartekoa da soilik, eta gure egiazko jomuga pertsona zaurgarrien birgizarteratzea da”. Joseneak, beraz, tranpolin papera jokatzen du nolabait; zubi-lanak egiten ditu. Langileak inguruko udalerrietako gizarte zerbitzuetatik bideratuta ailegatu ohi dira, eta gutxienez hiru hilabetez eta gehienez hiru urtez izaten dira. Behin esperientzia erdietsi eta lan munduan trebatzen direnean, beste enpresa batzuetara salto egin edota euren enpresa proiektu propioa sortzeko baliabideak dituzte.

Nekazaritza ekologiko zein jasangarri baten eredu

2002an ekin zion proiektuari Cíak, eta hasieratik argi zuen helburua egoera zaurgarrian diren pertsonen gizarteratzea izango zela. Hori bermatuko zuen jarduera (tresna edo bitartekoa), ordea, bigarren mailako kezka zen nolabait. Landa-eremuaren despopulazioari aurre egiteko asmoz, Irunberrin ezarri zuen azkenean landare sendagarri eta usaintsuen landaketa bihurtuko zen jarduera. “Marka propioarekin prozesu osoa egiten hasi ginen, landaketatik infusioarentzako azken katiluraino”, azaldu du. Hortaz gain, landa-eremuan beharrezkoak diren komunitate eta ingurumen jarduera batzuk ere egiten zituzten: “errepide garbiketak, araztegiak, mendiko lanak, atseden-guneak, eremu degradatuen errekuperazioa eta ibaien garbiketa ere egiten ditugu”.

Bordablanca izpilikuz inguratuta | Argazkia: Josenea

Erabat hustutako landa eremuan zazpi bat langile hasi ziren aipatutako laborantza eta komunitate lan horietan: “zerotik eraiki behar izan genuen dena, ez genuen ez komunik, ez urik, ezta argindarrik ere. Ekonomia zirkularraren bidez ekin genion guztia eraikitzeari”, dio Cíak. Hala, biomasazko galderak eta bio eraikuntza etxe-denda bat eraiki zituzten, eta negutegiak, bainugelak eta bestelako egitura material birziklagarriz altxa zituzten. Ura eskuratzeko ere euri bilketa burutu zuten.

Hori guztia martxan jarri ahal izateko bankuen partetik finantzazioa erdiestea kostatu zitzaien, harik eta Bilboko Fiare banku etikoarekin topo egin arte. Bankua orduan eratu berri zela, Josenea izan zen finantzatu zuten lehen proiektua Cíaren hitzetan: “Gure aldeko apustu garbia egin zuten, eta 90.000ko kreditua eman ziguten. Hortik urte gutxira, 50.000 euroko bigarren mailegu bat eskatu genuen proiektua egonkortzeko”.

Lan merkaturako sarbidea

Egun Joseneak 49 langile ditu, horietatik 30 baino gehiago lan merkatuan txertatzeko pertsonak direlarik. Landa-eremuan askotariko lanak egin behar izaten dituzte. Langileak negutegian, lorezaintzan, fabrikan edo egokien datorkien arloan aritzen dira: “lanaren dibertsifikazioak pertsona orori lana emateko parada ematen digu. Hemen 16 urtetik 65era arteko jendea dugu, eta denak ez dira gai zuhaitz batera igo edo landa-eremuan aritzeko”, azaldu du Cíak.

Lan formakuntza eta esperientzia eskuratzen dute langileek Bordablancan, eta nolabaiteko autonomia lortzen duten unean, lan merkatura segurtasun gehiagorekin eman dezakete urratsa. Cíak aitortu du langileen etengabeko txandakatzeak berebiziko esfortzua eskatzen diela. Izan ere, langileak prestatuen daudenean egiten dute alde, eta langile berriak formatu behar dituzte. Hala eta guztiz ere, erakundeak konpromiso soziala berresten du modu honetara.

Jesus Cía: “Lanaren dibertsifikazioak pertsona orori lana emateko parada ematen digu. Hemen 16 urtetik 65era arteko jendea dugu, eta denak ez dira gai zuhaitz batera igo edo landa-eremuan aritzeko”

Halaber, proiektu soziala badira ere, Joseneak errentagarri izan daitekeela frogatu du, eta horren erakusle iazko 1,2 milioi euroko fakturazioa. Te eta infusioak Europako inguruko herrialdeetara (Frantzia edota Ingalaterra) eta Saudi Arabia eta Estatu Batuetara ere ailegatu dira, eta 2006an bisita gidatuak eskaintzen hasi zirenetik, munduko 30.000 bisitari baina gehiago jaso dituztela nabarmendu du zuzendariak.

Bordablanca: ekonomia zirkularreko parkea

“Bisitatu ahal izango den ekonomia zirkularreko lehen parkea izan nahi dugu Europan, eta erakutsi nahi dugu baliabide naturalak erabiliz soilik posible dela sistema produktibo oso bat martxan jartzea”, dio Cíak. Bada, 2019an, konpostatze planta txiki bat sortu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eskatuta zonaldeko herrien hondakin organikoen kudeaketa eramaten hasi ziren. Europako Rural Inspiration Awardsetan saritu zuten egitasmoa, 125 hautagaien artean gailenduz.

Landaketatik infusioarentzako azken katiluraino eskaintzen du Joseneak | Argazkia: Josenea

Ekonomia zirkularreko parke bisitagarria Joseneak turismoari begira hartutako erabakietako bat da soilik. Izan ere, Cíak azaldu duenez, proiektu gisa hazten jarraitzeko turismoan aurkitu dute merkatu-hobia: “turistak erakarri nahi ditugu. Hona urtero 120.000 pertsona datoz Irunberriko arroila ikustera, eta hori aprobetxatuz gurera urtean 15.000 pertsona gerturatzea nahi genuke. Denda handiago bat egin nahi dugu, eta turismoa, laborantza, elikagaien nekazaritza eta produktu ekologikoak batu nolabait esparru berean”.

Jesus Cía: “Turistak erakarri nahi ditugu. Hona urtero 120.000 pertsona datoz Irunberriko arroila ikustera, eta hori aprobetxatuz gurera urtean 15.000 pertsona gerturatzea nahi genuke”

Hortaz, elikagaien mundua ere jomugan dute. Barazkiak ekoizteko 4.000 metroko negutegi bat egitea pentsatzen ari dira Bordablancan, barazki ekologikoak berotegi barnean zein kanpoan landatzeko. “Janariaren arloan sartzea pentsatzen ari gara, asko inporta zaigun gaia da eta. Elikadura hezkuntza lantzea gustatuko litzaiguke, eta janaria nola kontsumitu, kontserbatu, kozinatu edo landatu azaldu nahi dugu”, gehitu du.

Horrekin batera, landatik hirirako migrazioa tendentzia globala bada ere, eskualde batzuetan nabarmenago agitzen da fenomenoa, Nafarroa kasu. Joseneako zuzendaria, zonaldeko beste enpresari, ekoizle eta ekintzaile ugariren gisan, egoeraz jakitun kezkaturik da, eta zonaldeko zein Nafar Pirinioetako beste hainbat enpresa, kooperatiba eta elkarterekin batera elkarlanean ari da sare bat osatu nahian. “Nafarroako Pirinioetan bost biztanle ditugu kilometro karratuko. Landa-eremua biziberritu nahi dugu, industria txikiak sortu eta enplegu aukerak eman”, bukatu du.