Arabako patataren kooperatiba

Tokiko patata ekoiztu eta merkaturatzeaz arduratzen den proiektu kooperatiboa da Udapa. Bertoko produktua sustatuz, pertsonak erdigunean jarriz eta jasangarritasuna oinarri harturik 30 urteko ibilbidea egin dute jada

Argazkia: Udapa Argazkia: Udapa

Arabako patataren inguruan eraikitako proiektu kooperatiboa da Udapa. 1993an, lurraldeko nekazari, enpresari eta langileak tuberkuluaren ekoizpeneko prozesuak hobetu, profesionalizatu eta berritze aldera batu eta egun martxan dihardun kooperatiba eratu zuten. “Bigarren mailako kooperatiba bat gara”, dio Naiara Lopez de Uraldek komunikazioa arduradunak. Hain zuzen ere, Udapa hiru kooperatiba diferenteren arteko batuketa da: Propaco (nekazarien kooperatiba), Proagral (enpresari edota sail zuzendariak) eta Laboral Kutxa. “Egitura honek ahalbidetzen digu sektoreari buruzko ikuspegi sendo eta zabalagoa izatea”, kontatu du komunikazio arduradunak.

Hastapenetatik patata ekoiztu, ontziratu eta saltzea izan da Udaparen jarduera nagusia eta 90. hamarkadako patataren ekoizpen eta merkaturatze prozesuaren egoera nolabait zuzentze asmoz abiatu zuten proiektua, “Araba oso famatua izan da betidanik bere patatagatik, baina 80. hamarkadan Espainia Europar Batasunean sartzearekin batera, mugak irekita eta muga-zerga ugari kenduta, Arabako patatak apurka-apurka garrantzia galdu zuen”, azaldu du Lopez de Uraldek. Joera hori iraultzeko asmoz batu ziren, hortaz, patataren baitako hainbat eragile.

Naiara Lopez de Uralde: “Araba oso famatua izan da betidanik bere patatagatik, baina 80. hamarkadan Espainia Europar Batasunean sartzearekin batera, mugak irekita eta muga-zerga ugari kenduta, Arabako patatak apurka-apurka garrantzia galdu zuen”

Hala, egun, Gaistezen, Jundizko industriagunean dituzten hiru eraikinetan burutzen dute Arabako nekazariengandik jasotako patataren ekoizpen eta merkaturatze prozesua. 30 bazkide inguru dira denera, eta langile kolaboratzaile sare bat ere badute, “kolaboratzaileak hiru urtez gurekin lanean egon ostean bazkide bilakatzeko aukera dute”, dio Lopez de Uraldek.

Bidean topatu dituen zailtasun guztietara egokituz ailegatu da Udapa gaur-gaurkora, “berrikuntzari garrantzi handia emanez”, Lopez de Uralderen hitzetan, Neiker eta beste hainbat zentro teknologikorekin egin dute lan urteotan “egungo beharrizanetara ahalik eta hobekien antolatzeko eta horiei aurre egiteko. Egun ditugun berrikuntza proiektu gehienak nekazaritzara eta lurrera bideratuta daude”, gehitu du. Tamalez, egungo nekazaritzaren egoera “ez da onena”, aldaketa klimatikoa eta belaunaldi-aldaketa dela eta. “Gure ahalegin guztiak horretara bideratzen ari gara, irtenbide onena bilatze aldera”.

Kalitatezko patata nahieran

Marka propioa eta supermerkatuetako marka zuria edota beste marka batzuentzako patatak ekoizteaz arduratzen da Udapa. Egosteko, frijitzeko, kalitate bereziko, guarniziorako edota patata gorria ekoizten duten gama propioa du.

“Gure patatarik kuttunena Eusko Labeleko patata da. Hazia jartzen dugunetik kontrolatzen dugu, hau da, landatzen denetik supermerkatura joaten den momentura arteko prozesua gure esku dago”. Euskal Baserriko zigilua duten patatak ere egiten dituzte eta Princesa Amandine markarentzat ere egiten dute lan. “Marka berezia da Princesa Amandine, Frantzian ekoizten hasi ziren, baina haiekin elkarlanean aritzen gara, nahiz eta berez gure konpetentzia izan beharko luketeen. Honek merkatuarekiko beste ikuspuntu bat ematen digu”, adierazi du Lopez de Uraldek. Halaber, iaz beste bi patata mota merkaturatu zituztela esan du, Neikerren lankidetzari esker, Beltza eta Edurne izenekoak.

Campo de ensayos1
Argazkia: Udapa

Patata egosiari dagokionez, 2016an Paturbat izeneko kooperatiba sortu zuten. Merkaturako eskarira egokitzearren jada kontsumitzeko prest dauden patata egosiak formatu diferenteetan saltzen dituztelarik. 5. gamako patata dira hauek, baita Udapa Facil markapean saldutakoak ere: “supermerkatuetan lau erreferentzia ditugu, patata tortilla egiteko, gisatu eta pintxoak egiteko, entsaladillarako eta guarniziorako”.

Supermerkatuetan, batik bat, baina fruta denda txikietan eta hainbat merkatuetan ere aurki daitezke Udaparen patatak. Edonola ere, ekoizpenaren zati bat ostalaritzara bideratzen dute. 5. gamako patatak saltzen dituzte gehien bat jatetxeetan “oso ondo egokitu da produktua”.

Kooperatiba

“Kooperatiba izatea da gure lehiakideengatik bereizten gaituena”, dio Lopez de Uraldek, “nekazariak egituraren barne egoteak euren egoera ulertzea errazten digu. Ezin dugu ahaztu guk patata behar dugula eta patata gabe ez garela ezer, eta nork ekoizten du patata hori? Egunero euren lursailetan lan egiten duten nekazariek”.

Argazkia: Udapa
Argazkia: Udapa

Horren harira, kooperatiban pertsonek duten garrantzian jarri nahi izan du azpimarra komunikazio arduradunak. Etekinen zati bat IPDKra (COFIP) gizarteraren interes orokorrerako funtsara bideratzen dute, hau da, gizarteari itzultzen diote aberastasuna nolabait. Horrez gain, kultura, kirol eta beste hainbat arloatako proiektu ugari babesten ditu Udapak, baita proiektu solidarioak ere. "Bi proiketu nagusi ditugu: Berakah programarekin La despensa Solidaria antolatzen dugu Gasteizen eta 2012tik Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearekin Kongon gauzatutako  garapen proiektu dugu, eta bertako nekazaritzako kooperatibei laguntzen diegu".

Naiara Lopez de Uralde: "Prozesu guztia kontrolatzen dugu eta ateratako etekinekin beste proiektu batzuk aurrera eraman ahal dituzula jakiteak sekulako poztasuna ematen digu"

Kooperatibaren izaera soziala bere gain harturik, tokiko ekoizpena, jasangarritasuna, kalitatea eta arestian aipaturiko berrikuntza ditu ardatz Udapak. “Gure egunerokotasuna ez da patata ekoiztu, ontziratu eta ahalik eta garestien saltzea. Prozesu guztia kontrolatzen dugu eta ateratako etekinekin beste proiektu batzuk aurrera eraman ahal dituzula jakiteak sekulako poztasuna ematen digu”, bukatu du komunikazio arduradunak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK