Bizkaiko Parke Teknologikora bisitan etorri zenen baten, aitarekin osteratxoa egin nuen kristalezko eraikin eder eta dotoreen artean. Ikerketa-zentroez eta enpresa teknologikoez inguratuta, baso-itxurako jardinen oinez eta patxadaz gindoazen, solasean. "Ederra" esaten zuen aitak, behin eta berriro, bere golkorako bezala. Halako baten, baina, harritu ninduen galdera bota zidan: "Baina hemen, non daude fabrikak?". Bere garaiko fabrikez ari zen, noski, eraikin ez horren eder, ingurune ez horren isil edo garbiez. Enpresek objektuak, makinak, ondasunak ekoizten zituzten garaikoa zen gure aita eta kosta egiten zitzaion den-dena zerbitzu bilakatu dezakeen ekonomia berri hori ulertzea.
Aste honetan Fast Retailing-UNIQLO etxeak bere emaitzak aurkeztu ditu. Mundu mailako bigarren txikizkako arropa-saltzailea da jadanik; H&M gainditu du, eta Inditex erraldoia baino ez du bere aurretik. Bere hazkunde-erritmoa bikoiztu egin da azken bi urte hauetan eta bere ereduaren arrakasta-gakoez galdetuta zera esan ohi dute: "UNIQLO ez da moda-saltzailea, enpresa teknologikoa baizik".
Titularrerako balio du esaldiak, noski, baina horrez gain, agerian uzten du gaur egungo ekonomiaren zimenduetan datzan joera ukaezina. Hazkundean jarraitu nahi duen —are gehiago, bere biziraupena bermatu nahi duen— edozein enpresak teknologia behar du funtsezko osagai gisa: adimen artifiziala, marketin prediktiboa, logistika adimenduna… Negozio-eredu ororen azpian algoritmoz eta datuz osatutako sistema oso bat dago, maiz ikusezina dena.
Horren aurrean gure aitak atzera zer galdetuko lukeen imajinatu dut. Enpresa guztiak teknologikoak badira, zein da egiazki bat eta bestea bereizten duena? Ez dut uste erantzuna gaitasun teknologikoetan datzanik, enpresaren helburu edo xedean baizik.
Beren potentzial teknologikoa lehenesten duten enpresek beren estrategia eta hazkundearen mapa marrazten dituztenean zer egin dezaketen galdetzen dute. Aukera bat da, noski. Baina badira erabakien erdigunean helburua, hau da, enpresaren xedea, kokatzen duten enpresak eta horiek oso bestelakoa den galdera egin ohi dute: zer egin behar dugu? Ñabardura txikia da, baina aldea erraldoia da. Egin behar denaz galdera egiten duten enpresek, izan ere, erantzunean norabidea, koherentzia eta etorkizunerako begirada uztartzen dituzte. Bai, errentagarritasuna ere beharrezkoa dute enpresa horiek, baina hautua egin dute: inpaktu, balio eta konpromisorik gabe, alferrik da munduko lehena edo bigarrena izatea.
Enpresa helburuaren arabera zuzentzeak eta kudeatzeak eskatzen du egiten diren aukera agerian jartzea, erabaki bakoitzaren atzean dagoen pentsamendua azaleratzea, hain zuzen. Hautu horiek ez dira marketin-diskurtso hutsak, izaera definitzen duten balio, jarrera eta ekintzak direlako. Langileei nola begiratzen dieten, zer kontsumo-eredu sustatzen duten, zer ingurumen-inpakturekin bizitzeko prest dauden. Zergatik eta zertarako existitzen garen galdetzeari beldurra dioten enpresek beste galdera batzuk egiten dituzte.
Gure enpresa guztiak ez dira UNIQLO bezalako marka globalak, noski. Baina aipatu diren galdera horiek ez dute zerikusirik tamainarekin, mugitzen gaituen barne-indarrarekin baizik.
Teknologiak egin dezakeguna erakusten digu, baina gure esku dago gu geuk erabakitzea zer egin nahi dugun. Teknologiak gero eta sofistikatuagoak diren tresnak ematen dizkigu bidean aurrera egiten jarraitzeko, baina helburu edo xedea ezarri gabe, norabiderik gabeko bidea izango da.
Izan ere, ia dena egin dezakegun garai honetan, gauzak ongi egitea ere aukera bat da. Mundua ez dute algoritmoek mugitzen, ezta makinek ere. Gure erabakiek, gure aukera kontzienteek, gure helburuek mugitu dezakete.
Aukera kontua da eta beti aukeratu daiteke.