Foodtech munduko hiriburu bihurtuko du Bilbo aste honetan, Food 4 Future - Expo FoodTech 2022 azokak. Aurreko edizioaren arrakastaren ondoren maiatzaren 17tik 19ra, elikagaien eta edarien industriako profesionalentzat pentsatutako nazioarteko topaketak 7.000 biltzarkide baino gehiago bilduko ditu. Foroak 14 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du hirian, eta Euskal Herria bihutuko du foodtech munduaren erreferente.
"Food 4 Future topaketa teknologikoa da, elikagaien industriaren balio-katerako era guztietako irtenbideak ezagutarazten dituena. Gainera, gune egokia da foodtech alorreko startup enpresek ikuspuntu desberdinak eman eta negozio-eredu berrien bitartez benetako eraldaketa sustatzeko, elikagaien industria berrasmatuz ", nabarmendu du Sergio Fabregat Food 4 Future - Expo FoodTech-eko zuzendariak.
Azoka elikaduraren sektorea eraldatzen ari diren azken berrikuntzak eta irtenbideak ezagutzeko ezinbesteko hitzordu teknologiko gisa bilakatu da. Industria seguruagoa, iraunkorragoa eta osasungarria lortze aldera elikagaien teknologiaren arrakasta-kasuak eta aplikazioak aurkeztuko dira topaketan. 250 enpresa baino gehiagok industriaren balio-kate osoa modernizatzen eta digitalizatzen lagunduko duten azken soluzio teknologikoak eta elikagaiak aurkeztuko dituzte, lehengaietatik hasi eta prozesu logistikoetaraino.
Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren sariak
Food 4 Future azokan bertan BTEM Euskadiko Elikagaien Berrikuntzako Sarien hirugarren edizioaren irabazleak ezagutzera emango dira. Sari hauen bitartez, BASQUE FOOD CLUSTERek eta AZTIk euskal elikagaien sektorearen lehiakortasuna bultzatu nahi dute berrikuntzaren bitartez. Sarien helburua elikadura-kateko enpresek beren estrategietan berrikuntza-elementuak txertatzearen alde egindako apustua balioestea da, bai produktuetan eta zerbitzuak merkaturatzean, bai negozio-prozesuak eta -ereduak ezartzean, eta baita merkatuak irekitzean eta merkataritza-estrategia berriak abiaraztean. Hiru kategoria ezberdin daude: Berrikuntza Teknologikoa (produktua edo zerbitzua), Enpresa Berrikuntza (prozesua) eta Berrikuntza Merkatuetan.