%11,7 handitu da berrikuntzan egindako inbertsioa EAEn

Manuel Salaverria Innobasqueko presidentearen arabera, berrikuntza "hazten" ari da. Global Innovation Day topaketaren 13. edizioa egin zen atzo

Global Innovation Day jardunaldia egin zen atzo Bilbon | Argazkia: Innobasque Global Innovation Day jardunaldia egin zen atzo Bilbon | Argazkia: Innobasque

Global Innovation Day jardunaldiaren 13. edizioa egin zen atzo Bilboko Azkuna Zentroan Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta. Hainbat gai jorratu zituzten bertan, adimen artifizialari arreta berezia jarriz.

BAIC eta BCAM erakundeen laguntzarekin antolatu zuen egitasmoa Innobasquek, eta berrikuntzaren euskal ekosistemako eragile eta enpresa ugari bildu ziren. Era berean, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 125 ikaslek ere hartu zuten parte jardunaldian, eta aukera izan zuten AAn oinarritutako 20 kasu berritzaile bertatik bertara aztertzeko.

Manuel Salaverriak, Innobasqueko presidenteak, eta Mikel Jauregik, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuak eman zuten ongietorria. Salaverriaren hitzetan, adimen artifiziala “zehar-lerro bat da hainbat esparrutan, eta gizateriaren bilakaera modu sakonean aldatzera irits daiteke”.

EAEko berrikuntza “hazten” ari dela nabarmendu zuen Innobasqueko presidenteak. Horren erakusle 2023an %11,7 handitu dela berrikuntza egindako inbertsioa 2022aren aldean.

Jauregi sailburuak, bestalde, bi erronka nagusi zerrendatu zituen: trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala.

Sei kasu praktikoren bidez, adimen artifizialak enpresetan bereganatzen ari den garrantzia islatu nahi izan zuten atzokoan. Zornotzako Ariadna Grid enpresak, Eroskik, Teknikerrek edota Trebe Languages Techonologiesek adimen artifizialaren hainbat erabilera kasu aurkeztu zituzten.

Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak itxi zuten jardunaldia. “Adimen artifizialaren xedea da giza gaitasunak indartzea; kopilotu bat da, giza jakintzaz elikatzen dena giza talentua zabaltzeko”, adierazi zuen Bilbaok.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK