34 proiektu baino gehiago aurkeztu dituzte Bind 4.0ren Demo Day jardunaldian

400 pertsona baino gehiago bildu ditu topaketak

Gaur egin duten topaketa, Euskalduna Jauregian | Argazkia: SPRI Gaur egin duten topaketa, Euskalduna Jauregian | Argazkia: SPRI

Bind 4.0 plataformak antolatzen duen Demo Day 2024 egin da gaur Euskalduna Jauregian. Hainbat start-upek jorratutako 34 proiektu aurkeztu dira bertan eta 400 pertsona inguru batu dira. Parte hartzaileek adimen artifizialean, big datan, edo robotikan oinarritutako soluzio teknologiko berriak ezagutzeko parada izan dute, sektorearen erronkei erantzuteko gai direnak hiru arlotan: industria adimenduna, energia garbia eta jasangarria, eta elikaduraren eta osasunaren teknologia. Carlota Mateosek, Munduko Ekonomia Foroan Young Global Leader hautatuak, hitzaldia eskaini du, ekintzailetza kontziente eta osasungarriari buruz.

Ekitaldian, bisitariek erakusketa bat ikusteko aukera izan dute eta bertan Bind 4.0en azken edizioan parte hartu duten start-upen teknologiak ezagutu ahal izan dituzte. Hein horretan, Bindek abian jarritako hiru ekimen ezagutu dituzte: Corporate, Sme eta GovTech. Bind plataforma 2016an martxan jarri zenetik, 240 start-up baino gehiago azeleratu dira eta 320 proiektu baino gehiago garatu dira, 9 milioi euroko fakturazioa gaindituta. 

Berrikuntza proiektuak

Arestian esan bezala, start-upen teknologia berritzaileak dituzten 34 proiektu baino gehiago ere aurkeztu dira, tartean, Mercedez-Benz, Tubos Reunidos, eta Orona enpresena. Start-upen teknologien erakusketa honekin batera, berrikuntza-proiektu onenen aukeraketa baten erakustaldi eta aurkezpenak ere egin dira.

Lehen arrakasta-kasuetako bat Orona konpainiarena izan da, eta igogailu baten kanpoan eta barruan pertsonen presentzia detektatzeko soluzio bat garatu dute. Mondragonek eta Ausolanek elkarlanean proiektu bat egin dute Lust 4 Food Brands start-uparekin. Proiektu horretan, tresna bat garatu dute bezeroen eskaerak automatizatzeko eta erosketa-esperientzia eta efizientzia operatiboa hobetzeko. Bestalde, Tubos Reunidosek eraginkortasun energetikoko proiektu bat garatu du karbonoaren kudeaketan.

9. edizioaren deialdia zabalik

Topaketa horretan, Bind 4.0en bederatzigarren ediziorako deialdi berria ere zabaldu da. Ohi legez, euskal industriako 70 enpresa liderrek mundu osoko start-up teknologiko berritzaileenak bilatzen dituzte. Aurten, hautagaitza aurkezteko, start-upek euren teknologiak erakutsi ahal izango dituzte edizioan parte hartuko duten enpresa handiek planteatutako 12 erronka berrietako bati edo batzuei erantzuteko.

Edizion parte hartu nahi duen orok hautagaitzak aurkeztu ahal izango ditu, irailaren 6ra arte, programaren webgunearen bidez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK