4,5 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen iaz Leartikerrek

Inoizko negozio bolumen handiena erdietsi du Markina-Xemeingo zentro teknologikoak

Argazkia: Leartiker Argazkia: Leartiker

4,5 milioi euroko negozio bolumena eskuratu zuen iaz Leartikerrek. Orain arte zentro teknologikoak erregistratutako kopururik handiena da, eta 2022arekin alderatuta, %15 handitu ditu diru-sarrerak. Soilik ikerkuntza eta garapenari lotutako diru-sarreretan (3,8 milioi euro) hazkundea %23koa izan da.

Aurreikuspenak gainditu ditu Markina-Xemeinen kokatuta dagoen zentroak, eta azaldu dutenez, 2025erako plan estrategikoan ezarritako helburuak bete ditu jada, hala nola, Foku Anitzeko Teknologia Zentroaren akreditazioa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean; BRTA (Basque Research and Technology Alliance) kide izatea; eta Euskal Herriko lehen esneki zentroa sortzea.

Egun, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Zentro Teknologiko gisa erregistroa lortzeko prestatzen ari da Leartiker, eta akreditazio horri esker, zentro teknologikoak ikerketa eta transferentzia lanak zabaldu ahal izango ditu.

Halaber, aurreko ekitaldian bederatzi artikulu zientifiko argitaratu eta bi patente eskaera berri egin zituen zentro teknologikoak. Hau guztia zentroko 51 pertsonako lantaldeak egin du, horietatik %59 emakumezkoak direlarik.

Egindako lana “iraupen lasterketa” bat dela dio Leatikerrek, eta beren lau espezializazio arloetan “erreferentzialtasuna” lortzen jarraituko dutela: garraio jasangarrian, osasunan, elikagaien diseinuan eta Esneki zentroan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK