60 ikertzaile batu egin dira itsasoko energia berriztagarriaren garrantzia herritarrei helarazteko

Datozen bi urteetarako hainbat jarduera antolatu dituzte herritarrekin eta ikastetxeekin elkarlanean

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Itsasoko energia berriztagarrien sektorea ezinbestekoa da Europar Batasunean deskabornizazio-helburuak betetzeko. Ildo horretan, klima aldaketak etorkizunean ondorio handiak utziko ditu euskal kostaldean, eta itsasoko energia berriztagarriak hedatzeak lagundu egiten du klima aldaketaren arrastoaren arintze horretan. Egoera honetaz jakitun, 60 ikertzaile emakumek ORE4citizen deituriko aliantza sortu dute, itsasoko energia berriztagarrien garrantzia herritarrei helarazteko.

Tecnaliak, EHUk, Euskampus Fundazioak eta Basque Center for Applied Mathematicsek (BCAM) zuzendu dute ekimena, eta Europar Batasunak finantzatzen du, ikerketa eta berrikuntzako Horizon Europe programaren barruan. Horrez gain, 15 erakundek babesten dute proiektua, besteak beste, Arrecife Energy Systems, BIMEP, Energiaren Klusterra, Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza edota Iberdrola.

Talde berri honek hiru helburu nagusi ditu: zientzia herritarrengana hurbiltzea, klima aldaketak euskal kostaldean utziko dituen ondorioetaz jendea ohartaraztea, eta itsasoko energia berriztagarriek berotze globalaren aurkako borrokan funtsezko rola dutela ezagutaraztea.

Aurreikusten diren ekintzak

Ekimenean hainbat jarduera programatu dituzte datozen bi urteetan EAEko udalerrietan, herritarrekin eta ikastetxeekin elkarlanean. Ekintzen artean nabarmentzekoa da, OREgaua. Irailaren 27an, arratsaldez, Portugaleteko Euskal Herriko Unibertsitatearen Nautika Itsasgunean zuzeneko musika-emanaldiak, jolasak, hitzaldiak eta esperimentuak izango dira gustu guztientzat. Halaber, OREeskolak ere antolatu dituzte, eta bertan ikertzaileek ikasgeletara zientzian duten jakinduria eramango dute, hitzaldiak eta jarduera esperimentalak antolatuz. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK