64.000 euroko dirulaguntza jasoko du BCCk Aldunditik, sukaldaritza jasangarria bultzatzeko

Akordioari esker, sukaldaritza arloan jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatu nahi dira, sektorearen diagnostiko baten bidez

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta BCCko ordezkariak akordioa sinatu berritan| Argazkia: VK Comunicación Gipuzkoako Foru Aldundiko eta BCCko ordezkariak akordioa sinatu berritan| Argazkia: VK Comunicación

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak eta Basque Culinary Centerrek lankidetza hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako jatetxe-sektorean praktika jasangarriak eta zirkularrak sustatzeko. Hala, Gipuzkoako jatetxe sektorearen diagnostiko bat egingo da, jardunbide jasangarriak eta ekonomia zirkularra ezartzeko oztopoak eta aukerak identifikatzeko. Amaitzeko, proba pilotu bat burutuko da inkestatutako establezimendu batean edo gehiagotan praktika horiek aplikatuta. Ekimen hau babesteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 64.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du.

Akordioaren ekitaldian izan dira Monica Pedreira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko zuzendaria, Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasun diputatua, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Begoña Rodriguez, BCC Innovation-eko zuzendaria.

Hitzarmen hau bat dator Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrarekin (GHHKPO 2019-2030). 

Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, "hitzarmen hau aurrerapauso esanguratsua da Gipuzkoan jasangarriagoa eta arduratsuagoa izango den sukaldaritza sektore bat eraikitzeko". Erakundeen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza sustatuz, ingurumen eta ekonomia erronkei modu eraginkorrean aurre egiteko ere balioko duela gaineratu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK