Atzo bukatu zen Food 4 Future elikagaien teknologiaren industriako azokaren bigarren edizioa, Nebextek eta Aztik antolatua, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko udalaren babesarekin. Guztira, 25 herrialdeko eta balio kate guztiko 7.217 lagun izan dira BECen asteartetik ostegunera 253 postu bisitatu eta 386 aditu entzuteko asmoz, eta 14 milioi euroko inpaktua izan duela jakinarazi dute sustatzaileek. Hala, "Bilbo munduko foodtech industriaren erdigune" bihurtu da, antolatzaileen hitzetan. Era berean, aipatutako sektorean "erreferentziazko foro teknologiko" bezala indartu dela adierazi dute.
Azokaren helburua foodtech industriaren topagunea izatea da,"elikagaien eta edarien industria eraldatzen ari diren punta-puntako berrikuntza eta soluzioak" erakutsita. Gainera zenbait egitasmo saritu nahi izan dituzte. Horren adibide izan da BTEM Euskadiko Elikagaien Berrikuntzako Sarien hirugarren edizioa, Basque Food Clusterren eta Aztiren eskutik. La Cocina de Senén, Goxorrubi eta Casa Eceizak jaso dituzte sariak. Gainera, Agustin Markaide Eroskiko presidentearen ibilbidea aitortu nahi izan dute Food Tech Innovation sarietan.
Zentro teknologiko eta enpresa handien artean izan dira euren soluzioak aurkeztu dituzte start-upak ere, hala nola Insekt Label, Moa Foodtech eta Delikatetxe. Hain zuzen ere, ekintzaileen presentzia areagotzeko indarra nabarmendu dute antolatzaileek, bai postuen bitartez, bai FoodTech Startup Forumen.