Adimen artifiziala eta EBko araudi berriak, Gipuzkoako enpresen zibersegurtasunean gako

Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko zentroaren azken txostenaren arabera, industriaren sektorean areagotu egin da ChatGPTren erabilera

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpe dagoen Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko zentroak, Ziurrek, zibersegurtasunaren arloan gehien nabarmentzen diren alderdiak aletu ditu bere azken txostenean. Zentroaren arabera, adimen artifizialaren (AA) gorakada eta araudi berrien onarpena izaten ari dira 20224an zibersegurtasunaren esparruan gehien nabarmentzen ari diren arloak, esaterako, hornidura-katean.

Adimen artifizialari dagokionez, enpresetan tresna berritzailearen erabilera geroz eta nabarmenagoa da, eta hori areagotu egiten da, adibidez, industrian. Gartner informazioaren teknologien aholkulari estatubatuarraren arabera, "2026ean AAren gardentasuna, konfiantza eta segurtasuna praktikan jartzen duten enpresek ikusiko dute bere AA ereduek %50eko hobekuntza lortuko dutela adopzioari, helburu komertzialei eta erabiltzaileen onarpenari dagokionez”.

Halaber, enpresek azpimarratu duten beste esparru bat izan da Europar Batasuneko kide diren estatu guztiek bete beharreko gutxieneko zibersegurtasun arauei dagokiena. Araudi hauek estatu kideen zibersegurtasun maila handitzeko balio dute. Ildo horretan, aski ezagunak dira sektorean EBko NIS2 zuzentaraua, gutxieneko zibersegurtasun maila ezartzen duena edo adimen artifizialeko legea, agertoki ezberdinen arabera AAren erabilpenaren arrisku maila arautzen duena.

ChatGPTren erabilera, gora

Bestalde, Ziurren txostenak ere beste ondorio batzuk utzi ditu: industriaren sektorean areagotu egin dela ChatGPTren erabilera. Hala ere, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko zentroaren dokumentuak jasotzen duenez, tresnaren erabilera iraingarriak ere gora egin du. SlashNetek azaldu duenez, 2022an ChatGPT merkaturatu zenetik, %1265eko hazkundea atzeman da phishing kanpainak posta elektroniko bidez abiaraztean.

Egoera honen aurreran, Ziurrek ohartarazi du “erreminta eta teknika berriak garatzen diren heinean, ezinbestekoa dela erakunde hauentzat eskuragai dauden tresnak eguneratzea, eraso berriak identifikatzeko eta horiei aurre egin ahal izateko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK