Adimen artifiziala bultzatzeko "katedra" sortu dute Tecnunek eta Donostia Sustapenak

Doktorego tesiak nahiz gradu eta master amaierako lanak egiteko aukera eskainiko du lankidetza hitzarmenak

Argazkia: Donostia Sustapena Argazkia: Donostia Sustapena

Datozen lau urteetarako lankidetza hitzarmena adostu dute Tecnunek eta Donostia Sustapenak. Adimen artifizial aplikatuaren gaineko ikerketa garatuko dute bi erakundeek elkarlanean. Akordioa “katedra bat” sortzean oinarrituko da, zeinak adimen artifizialari buruzko doktorego tesiak garatzeko aukera emango duen.

Bada, katedra horretan landutakoa hiriko ezagutza-enpresa intentsiboetara (EZI) transferitu nahi da. Donostia Sustapenaren arabera, Donostiako enpleguaren %30 baino gehiago eta BPGaren %49 biltzen dute EZI enpresa mota horiek.

Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak eta Raul Anton Tecnuneko zuzendariak sinatu dute akordioa. Oyarbideren hitzetan, adimen artifiziala gizartearen “aldaketarako eragile handienetako bat” da. “Donostian, dagoeneko teknologia horrekin lan egiten duten enpresen ekosistema zirraragarria dugu, eta gure konpromisoa teknologia horren erabilera bultzatzea da, eta etika eta batzuetan oinarrituta, bai eta enpresa-sektorean berrikuntza eta lehiakortasunaren hobekuntza sustatzeko”, azaldu du.

Rocío Núñez Arnés Tecnuneko ordezkariak ere hitz egin du akordioaren aurkezpenean. Bere ustetan, "katedra honek aukera emango du teknologia berrietan ezagutza transferitzeko, adimen artifiziala kasu, Donostiako enpresa sektorera”. Halaber, “gazte talentuarekiko lotura erraztuko da, tokiko enpresei gai horiei buruzko prestakuntza emango zaie, eta gizarte inpaktua duten dibulgazio, ekintzailetza eta berrikuntza jardueretan lagunduko zaie”, gehitu du.

Doktorego tesiaz gain, katedrari esker, Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak bultzatzeko aukera izango dela nabarmendu dute bi erakundeek, eta Adimen Artifizialari buruzko ikerketan oinarritutako hedapen- eta prestakuntza-jarduerak antolatu ahal izango dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK