Mahai-inguruak antolatu ditu Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (RSBAP) adimen artifizialaren inguruan hausnartzeko. Zehazki, nolako eragina duen aztertuko da zuzenbidearen, artearen eta zientzia eta teknologiaren arloetan. Elkarteak antolatutako bigarren mintzaldien zikloa da, eta helburua da aztertzea adimen artifizialak (AA) aipatutako alorretan sortzen dituen erronkak, aukerak eta arriskuak. Horretarako aukera egongo da parte hartuko duten adituen hitzak eta hausnarketak entzuteko.
Ziklo berri hau “Adimen Artifizialaren orainaldia eta etorkizuna” izendatu du RSBAPek, eta urriaren 15ean, 22an eta 29an burutuko dira, arratsaldeko 18:00etan, Bizkaiko Batzar Nagusietako Hitzaldi Aretoan. Sarrera librea eta doakoa izango da aretoa bete bitartean.
Lehenengo mahai-inguruan, urriaren 15ekoan, AAk zientzia eta teknologiaren alorrean duen eragina aztertuko da, eta "AA, aurrerapenak oinarrizko zientzian eta aplikazioetan" izendatu dute. Moderatzaile lanak egingo ditu José Manuel Barandiaranek (EHUko katedratiko eta RSBAPeko kideak), eta hizlari izango dira Raquel Justo (EHUko Elektrizitate eta Elektronika saileko irakaslea, eta ikasketa automatikoan eta hizkuntza-teknologietan aditua), Kerman López de Calle (Informazio Sistema Adimendunen ikertzailea Tekniker zentro teknologikoan) eta Miguel Esteras Bejar (Tecnalia zentro teknologikoko ikertzaile seniorra).
AA eta Artea aztertuko den mintzaldia urriaren 22an burutuko da, eta AA eta zuzenbidea aztertuko dituena, aldiz, urriaren 29an.