ITP Aero enpresak eta Ideko zentro teknologikoak hitzarmen bat sinatu dute aeroespazio sektorean berrikuntza sustatzeko. Zamudioko enpresak aeronautikako aldagai eta motorrak ekoizten ditu eta zentro teknologikoarekin batera bost urteko akordioa izenpetu dute.
Ohar bidez azaldu dutenez, lankidetzari esker, ezagutza aplikatua sortu eta teknologia gakoak garatu ahal izango dituzte, Adimen Artifiziala, esaterako. ITP Aeroren produktuen eta zerbitzuen "eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetuko duten soluzio praktikoak" bilatu nahi dituzte, horrela, industria aeroespaziala garatzen laguntzeko. Zamudion, Bizkaiko Parke Teknologikoan, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroan (CFAA), sinatu dute hitzarmena.
Bi erakundeek 15 urte daramatzate elkarrekin kolaboratzen, mekanizazio prozesuetan, robotikan eta digitalizazioan. "Taldeen arteko konfiantza handituz joan da urteen poderioz, eta akordio honek gure posizioa indartzen du ITP Aeroren aliatu estrategiko gisa I+G arloan", adierazi du Rafa Lizarralde Idekoko zuzendari nagusiak.
Akordio honekin, ezagutza sortzeaz gain, talentuaren kaptazioa eta garapena ere gauzatu nahi da, eta horretarako formakuntza programa bat egingo dute, bi erakundeetara langile berriak bideratzeko asmoz.