Ainara Garcia: "Goi mailako ikertzaileak enpresari egin dakiokeen ekarpena abantaila lehiakorra da"

CIC nanoGUNE Transferentzia zuzendariak talentuaren ihesaldiari aurre egiteko aukera gisa ikusi du 'Ikertzaileak industriarekin lankidetzan' izeneko programa

Garcia, nanoGUNEko instalazioetan | Argazkia: utzitakoa Garcia, nanoGUNEko instalazioetan | Argazkia: utzitakoa

Nola helarazi zentro teknologikoetan garatzen den ezagutza disruptiboa enpresetara, azken hauen berrikuntza eta lehiakortasuna sustatu ahal izateko? Ainara Garcia Gallastegi CIC nanoGUNEko Teknologia Transferentziaren zuzendariaren ustez, gakoa pertsonak dira. nanoGUNEtik dagoeneko urte batzuk daramatzate lotura hori lantzen, amaitu berri duten eta enpresetara salto egin nahi duten goi mailako ikertzaileak enpresetara nolabait bideratzen, alegia, bertako langile bihurtu daitezen, eta urteetan garatutako ezagutza txertatu dezaten. Orain, baina, bultzada berri bat eman nahi izan diote egindakoari deialdi jakin batekin: Ikertzaileak industriarekin lankidetzan programak konexio horretan lan egin nahi du. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30era bitarte dago zabalik nanoGUNEren webgunean.

Deskonexiorik al dago industriaren eta ikertzaile kualifikatuen artean?

Sektorearen araberakoa da hori. Zenbait sektoretan, adibidez, osasungintzari loturikoa, ohitura dago teknologia disruptiboa bereganatzeko, eta ondorioz, beharra dute langile erabat kualifikatuak izateko. Izan ere, enpresa batek teknologia txertatu badu, baina ez badu langile oso kualifikatua, esaterako, doktoretza egin duen norbait, teknologia hori ulertu eta erabiltzeko gai izango dena, ez dago bat etortzerik. Bestetik, beste zenbait sektorek, hala nola euskal industria astunak edo tradizionalak, ohitura handiagoa du ingeniaritzari loturiko profilak-eta bereganatzeko, alegia, beste profil mota batzuk.

Era berean, garatu nahi den teknologiaren araberakoa ere bada: ea berria den edo tradizionalagoa.

"Abantaila eta balio handia eskaini ahal dio euskal enpresa ehunari akademiatik enpresara salto egin nahi duten profesional horiek, dagoeneko formatuak daudenak nanoGUNEk euren formakuntzan zenbait urte inbertitu dituelako"

Zergatik uste duzue CIC nanoGUNE garrantzitsua dela birkonexio hori egitea?

Azken baten pertsona batek, goi mailako ikertzaileak kasu, eta haren ezagutzak enpresa bati egin diezaiokeen ekarpena abantaila lehiakorra da. nanoGUNEtik goi mailako ikertzaileak prestatzen ari gara, nazioarteko erreferente direnak, eta proiektu oso berritzaileak garatzen ari direnak. Hori dela eta, gure helburua ere bada pertsona horiek, urtetan proiektu baten lan egin ostean, euskal enpresa batera lekualdatu ahal izatea, bere ezagutzaren transferentzia egin dadin. Beste modu batean, zailagoa izan liteke enpresarentzat hori lortzea.

Pertsona horien laneratzea hobetzeko eta denon ahotan dagoen talentuen ihesaldia ekiditeko modu bat ere al da?

Guztiz. Batzuk bertan jaio eta hazitako pertsonak izan dira. Baina badira Europa osotik edo AEBtik etorritakoak ere, euren bizitza guztia hemen egin dutenak eta geratu nahi dutenak, euren ibilbide profesionala enpresa baten garatuta. Abantaila eta balio handia eskaini ahal dio euskal enpresa ehunari akademiatik enpresara salto egin nahi duten profesional horiek, dagoeneko formatuak daudenak nanoGUNEk euren formakuntzan zenbait urte inbertitu dituelako.

Ezagutzak berak ere "ihes" egin ez dezan.

Hori da. Edo ikertzaileen jatorriko herrialdera itzul ez dadin. Esan bezala, ez delako soilik joaten diren euskaldunak, baizik eta atzerritik erakarri dugun jendea, gelditu nahi duena. Joaten badira, inbertsioak ez lituzke bere fruituak emango.

Ikertzaileak eta industria, eskutik helduta izeneko deialdia atera duzue lehen aldiz lotura egiteko. Zer dela eta deialdi jakin bat?

Orain arte lanean aritu gara ikertzaile horiek euskal enpresetara transferitzeko. Baina programa honekin indartu egin nahi dugu lan hori. Hobetu.

"Orain arte lanean aritu gara ikertzaile horiek euskal enpresetara transferitzeko. Baina programa honekin indartu egin nahi dugu lan hori. Hobetu"

Nola funtzionatuko du programak?

Enpresak izena ematen du deialdian, eta nanoGUNEk eta enpresak, elkarrekin, prozedura edo produktu bat atzematen dute lanketa egiteko. Momentu horretan, zenbait puntu aztertzen dira: ea nanoGUNEk ezagutza baduen horri loturiko lan lerroak dituelako; ea aukerarik baduen nolabait ezagutza horren transferentzia egiteko prozedura edo produktua lantze aldera; eta ea ikertzaileak dauden halako proiektuetan parte hartzen aritu eta enpresetara salto egin nahi dutenak. Kondizio horiek emanez gero, proiektu bat definitzen da. Proiektu horrek urtebeteko iraupena du, eta nanoGUNEk ordaintzen du ikertzaileen soldata. Pertsona horrek urtebetez bere denboraren guztizkoa proiektuaren garapenera bideratuko du, enpresarentzat ad hoc eginikoa.

Urtebete hori igarota, enpresak konpromisoa du pertsona hori kontratatzeko. Beraz, lehen urte horretan lantzen da, era berean, nola txertatuko den ikertzaile hori enpresan bigarren urtean, transferentzia ahalik eta naturalena izan dadin. Izan ere, bada atzeman dugun muga bat. Oso teknologia disruptiboa garatzen dugunean enpresa batentzat, horren transferentzia egin baina ezagutza duen pertsona bat ez badago langile gisa horri jarraipena eman diezaion, enpresak beti nanoGUNEkiko dependentzia izango du. Hori ez da ona inorentzat. Modu honetara, enpresarentzako soluzioa diseinatzen da, transferentzia eskaintzen zaio, eta gainera pertsona bat du horretarako, berme batekin, lehiakortasun horrek emaitza bat izan dezan. Enpresa nolabait independente izango da teknologia hori ezarrita.

"Oso teknologia disruptiboa garatzen dugunean enpresa batentzat, horren transferentzia egin baina ezagutza duen pertsona bat ez badago langile gisa horri jarraipena eman diezaion, enpresak beti nanoGUNEkiko dependentzia izango du. Hori ez da ona inorentzat."

Aipatu dugu nork finantzatzen duen enpresarentzat lan egingo lukeen pertsonaren lehen urtea. Aldiz, prozeduraren eta proiektuaren definizioan elkarlanean ari dira nanoGUNE eta enpresa. Nola finantzatzen da parte hori?

Transferentziako taldeak enpresako taldearekin izan ditzakeen bilerei, adibidez, normalean izaten dira proiekturako ekarpenei... ez zaie baliorik jartzen. Erdibana egiten dira, nolabait esatearren.

Eta teknologiaren instalazioa enpresetan, enpresen esku?

Bai, hori da.

nanoGUNE osasungintzan, energian, automobilgintzan.... aritzen da ikertzen. Zein motatako proiektuak dira landu ahal direnak deialdi berri honetan?

Dagoeneko badauzkagu zenbait proiektu esparru horietakoak, bai. Adibidez, ontziratzea hobetzeko teknologiak lantzen ari gara deposizio tekniken bitartez. Automobilgintzan ere propietateen hobekuntzarako proiektuak izan ditugu. Ehungintzan, proiektu oso interesgarria egin genuen motorretako arroparen abrasioa hobetzeko Andromeda moto izeneko enpresa batekin. Donostiako Moda Eskolako spin-off batekin ere egin dugu lan. Eurak ehuna sortzen dute plastiko birziklatua abiapuntu. Eta hor kontuan hartu behar dute azalarekin kontaktua-eta. Hori materialen hobekuntzari dagokionez. Alzheimerrerako monitorizazio goiztiarrerako proiekturen baten ere hartu dugu parte. Oso zeharkako zentro gara, eta area asko ukitzen ditugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK