Alba Gonzalez ingeniari industriala, ingeniaritza biomedikoan doktorea eta Xcure Surgicalen CEOa eta fundatzailea da. Burlatan jaioa, gradua Zaragozako Unibertsitatean ikasi zuen eta doktoretza Birminghameko Unibertsitatean (Erresuma Batua) egin. Ia 11 urte darama lanean 3D inprimatutako inplante pertsonalizatuak garatzen giza gorputzaren hezur konplexuak berreraikitzeko industria, akademia eta ospitaleen sektoreetan.
2024. urte hasieran hasi zen Xcure Surgicalen ideiarekin, urte erdialderako sortu bazuen ere. Bertan inplante pertsonalizatuak eta paziente bakoitzarentzat neurrira egindako tresna kirurgikoak garatzen dituzte, giza gorputzaren hezur-berreraikuntza konplexuen kirurgiak hobetzeko helburuarekin. Paziente bakoitzak behar dituen anatomiara, biomekanikara eta biologikoetara egokitutako hezur-inplante berreraikitzaileak garatzen dituzte, eta 3D inprimatze-teknologia erabiltzen dute inplante horiek fabrikatzeko, hainbat espezialitate medikorako irtenbideak eskainiz, hala nola kirurgia ortopedikorako, edota aurpegi-masailetako, toraxeko eta bizkarrezurreko kirurgiarako.
Ikertzaileak Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Ada Byron saria irabazi du, 35 urtetik beherakoen kategorian. Sariak bilatzen du zientziaren, teknologiaren eta ingeniaritzaren arloetan emakumeek egindako lana erakustea eta aldi berean, emakumeen artean I+G arloko bokazioak sustatzea.
Zer esan nahi du zuretzat Deustuko Unibertsitateko Ada Byron saria jasotzeak?
Ohore eta motibazio pertsonal handia da. Proiektu honek esfortzu, dedikazio eta pasio handia eskatzen du, eta garrantzitsua da balio horiek ikusaraztea eta etorkizuneko belaunaldiak oztopoak haustera eta gizartearen aldaketarako eragile izatera bultzatu ahal izatea. Gainera, sari honek ikusgarritasun aukera berriak ematen dizkio enpresari, eta gizartearen osasunean eragin nabarmena izango duten irtenbide berritzaileak garatzen jarraitzeko gure misioa indartzen du.
Aitzindaria zara kasu kliniko konplexuetarako 3Dn inprimatutako inplante pertsonalizatuak garatzen. Nola hasi zenuen abentura hori?
2014an hasi nintzen bizkarrezurreko inplanteak garatzen Birminghameko (Erresuma Batua) Marie Curie doktorego industrialarekin. Gero, Galesko ospitale batean lan egin nuen aurpegi-masailetako kirurgiarako inplante pertsonalizatuak diseinatzen. Ondoren, Londresko Strykerrentzat kirurgia ortopedikoan berreraikuntza konplexuak garatzen lan egin nuen. Hori guztia egin eta gero, Espainiara etorri nintzen Marie Curie doktoretza ondoko batekin, inplanteen 3D inprimaketa metalikoko I+G+bn lan eginez, eta pazienteentzako neurrira egindako osasun-produktua sortuz.
"Sari honek ikusgarritasun aukera berriak ematen dizkio enpresari, eta gizartearen osasunean eragin nabarmena izango duten irtenbide berritzaileak garatzen jarraitzeko gure misioa indartzen du"
Ezagutu dezagun Xcure Surgical apur bat. Zergatik sortu zenuen?
Enpresa-proiektu bat da, 2024ren erdialdean sorturikoa, ia 11 urtez ospitaleetan eta beste enpresa batzuetan neurrira egindako osasun produktuak garatu eta gero. Esperientzia hori gizartearen zerbitzura jarri behar zela pentsatu nuen, kalitatearen sinonimo izango zen marka propio batekin. Eta azken finean, hori da helburua: kalitatezko produktua ematea behar duten paziente guztiei, medikuntza pertsonalizatua eta doitasunez zaindutako tratamendu berreraikitzaileak sustatuz.
Nolakoa da Xcure Surgicaleko egunerokotasuna?
Gure jardueraren zatirik handiena da kasu kliniko jakinetarako neurrira egindako produktu berreraikitzaileak garatzea. Paziente horiek operatuko dituzten ekipo klinikoekin koordinatzen gara, eta 3Dn diseinatzen ditugu behar diren konponbide berreraikitzaileak. Diseinatutako produktuen 3Dko inprimaketa kudeatzen dugu, eta gainera, euskarri teknikoa ematen dugu ebakuntza gelan gure Xcure inplanteak txertatzen diren egunetan. Kirurgiako kongresu askotan ere parte hartzen dugu, eta nazioartean hitzaldiak ematen ditugu berrikuntza kirurgikoari eta teknologikoari buruz. Beraz, asko bidaiatzen dugu. Egunerokotasuna askotarikoa da; ez gara inoiz aspertzen.
Oro har, zeintzuk dira proiektuaren helburu nagusiak?
Europako inplante pertsonalizatuetan erreferente izan nahi dugu, eta, horrekin batera, gure irtenbideen kalitateak, berrikuntzak eta fidagarritasunak aintzat hartzea. Eraginkortasuna eta irisgarritasuna sustatzea ere bada gure helburua, eta gure inplanteak eta zerbitzuak paziente eta klinika gehiagorentzako eskuragarri jartzea, gure ekoizpen prozesuak optimizatuz itxaronaldiak eta horiei lotutako kostuak murrizteko.
"Europako inplante pertsonalizatuetan erreferente izan nahi dugu"
Eta zein da zuen balio proposamena?
Gure balio proposamena hezur akatsen kirurgia berreraikitzailea behar duten pazienteei laguntzean datza, hain konplexuak izanik dauden inplante estandarrekin tratatu ezin daitezkeenak, baina soluzio pertsonalizatua garatuz konpon daitezkeenak. Gainera, gure diseinu eta fabrikazio prozesu aurreratuei esker, gure inplanteek hezurrak birsortzea sustatzen dute, eta ez hezur akastuna ordezkatzea bakarrik.
Nolakoa da inplanteak sortzeko prozesua?
Prozesua pazientearen irudi erradiologikoetatik hasten da (normalean OTA bat), eta berregin beharreko anatomiaren 3Dko eredu birtualak sortzen ditugu. Talde klinikoarekin koordinatzen gara paziente bakoitzarentzako estrategia kirurgikorik onena aztertzeko, eta 3Dn diseinatzen ditugu inplanteen eta tresna kirurgikoen soluzioak, konponbide berreraikitzaile optimo hori lortzeko beharrezkoak direnak. Ingeniaritzako analisi biomedikoak egiten ditugu, eta diseinuak baliozkotu ondoren, hainbat material biobateragarritan 3Dn inprimatzen ditugu diseinatu ditugun osagaiak, hala nola titanio biomedikoan. Produktuaren arabera, biomaterial eta 3D inprimatze-teknologia egokiak aukeratzen ditugu. Azkenik, dena esterilizatu eta ebakuntza gelara eramaten da.
"Eskualde eta nazio mailako dirulaguntzak daude berrikuntza medikoa eta 3D inprimaketa garatzeko"
Prozesu konplexua da. Ba al dago laguntza ekonomikorik inplanteak garatzeko eta baliozkotzeko?
Bai, eskualde eta nazio mailako dirulaguntzak daude berrikuntza medikoa eta 3D inprimaketa garatzeko. Horien artean daude CDTI garapen teknologiko industrialerako zentroaren finantzaketa programa batzuk, edo Carlos III.a Osasun Institutuaren laguntzak. Eta, jakina, Europa mailan, Horizon Europe bezalako programetarako laguntzak oso interesgarriak dira, batez ere I+G+b finantzatzeko enpresa garapenaren lehen urteetan.
Zein da zuen bezero-profila?
Gure bezero-profilak osasun sektoreko hainbat eragile biltzen ditu. Ospitale eta klinika publiko zein pribatuekin lan egiten dugu, beren prozeduren zehaztasuna hobetzeko irtenbide pertsonalizatuak bilatzen dituztenak. Osasun produktuak banatzen dituzten enpresekin ere lan egiten dugu, beren produktu-zorroan gailu berritzaileak sartzeko. Askotan, kirurgialari berberek deitzen digute zuzenean, kirurgia konplexuak zehaztasun handiagoz planifikatzeko. Eta, batzuetan, pazienteek berek ere zuzenean, gero eta gehiago ezagutzen baitituzte teknologia eta pertsonalizatzeko aukerak.
"Lehiakide gehienak nazioarteko merkatuetan daude. Tokiko gaitasunaren eskasia hori gertatu da, neurri batean, horrelako produktuak garatzeko eta merkaturatzeko behar den ezagutza duten profesional kualifikatuen faltagatik"
Zer-nolako lehia dago merkatuan?
Produktu mota horrekiko interesa azkar hazten ari den arren, merkatuko lehiak mugatua izaten jarraitzen du, batez ere Espainia mailan. Lehiakide gehienak nazioarteko merkatuetan daude. Tokiko gaitasunaren eskasia hori gertatu da, neurri batean, horrelako produktuak garatzeko eta merkaturatzeko behar den ezagutza duten profesional kualifikatuen faltagatik.
3D inprimaketarekin egindako gero eta egitasmo gehiago ikusten dira, baina zenbateko kostua du 3D inprimaketa egiteko behar diren tresnak edukitzea?
Osasun arloan 3D inprimaketarako tresnak eskuratzeko kostua nabarmen alda daiteke inprimagailu motaren, erabilitako materialen eta aplikazio espezifikoen arabera. Oso araututa dagoen sektorea da, eta hasierako inbertsioa handia da, batez ere 3D inprimagailu espezializatuen kostuagatik, software lizentziengatik eta osasun produktuen araudiak betetzeko beharrezkoak diren ziurtagiriengatik.