Gladys Sariaren hirugarren edizioa irabazi berri du Amaia Abanda Donostiarrak. Ingurune digitalean emakumeen lana aitortzea du helburu sariak, baita esparru teknologikoan hauen presentzia areagotzea ere. UPV/EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS fundazioak antolatzen dute sariketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, Emakunderen, eta Danobatgroup industria taldearen babesarekin, eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin. Lehenengo bi edizioetan Ane Iturzaeta eta Olatz Perez de Viñasprek eskuratu zuten saria, eta aurtengoan Abanda aukeratu du epaimahaiak. Ikerlari donostiarrak matematika ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, baina ibilbide profesionala aurrera egin ahala, informatika eta adimen artifizialeruntz gerturatzen joan da. Hala, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuko (KISA) masterra egin zuen EHUn, eta Basque Center of Applied Mathematics (BCAM) eta EHUko Informatikako Fakultateko Intelligent System Group (ISG) taldeen artean burutu zuen tesia 2022an.
Zer suposatu du zuretzako sari hau irabazteak?
Poz handia egia esan, ilusio handia egin dit. Oso berezia izan da saria jasotzea, eta Gladys saria, zehazki, are eta gehiago. Alde batetik, aldarrikapena delako eta EHUko Informatikako Fakultateak antolatzen duelako, eta beste aldetik, Gladysen kasua oso ezaguna delako Donostian. Ilusio berezia egin dit.
Izena eman zenuenean espero al zenuen saritua izatea?
Informatikako fakultatean emakumeen inguruan egiten diren gai asko ezagutzen ditut, eta Euskal Herrian zientzia eta emakumeak batzen dituzten ekimenak ere ezagutzen ditut. Duela bi urte joan nintzen lehenengo edizioko ekitaldira, sari banaketara, eta orduan pentsatu nuen aurkeztuko nintzela, baina egia esan inoiz ez duzu imajinatzen zuri emango dizutela. Animatu behar gara horrelako egitasmoetan izena ematera, askotan kosta egiten zaigu aurkeztea eta.
"Ilusio handia egin dit. Oso berezia izan da saria jasotzea, eta Gladys saria, zehazki, are eta gehiago"
Nola ikusten duzu zuk egun emakumearen papera arlo digital eta teknologikoan?
Nire esperientzia da oso espazio maskulinizatuak direla. Alor digitalaren arabera alda daiteke, baina nire kasuan nire ibilbide profesional osoan egon naiz gizonez inguratuta. Geroz eta emakume gehiago animatzen ari direla ikusten dut, eta oso positiboa da, baina parekotasuna izatea ere kosta egiten zaigula ikusi dut. Segurtasun aldetik, esaterako, aurkezpenak egiterakoan edo galderak egiterako garaian badago desoreka bat. Dena den, lanean ari gara eta pixkanaka gauzak hobetzen ari dira. Geroz eta antolatuago gaude, eta ahalduntzen ari gara.
Matematika ikasketak egin bazenituen ere, zure ibilbide profesionala informatika arlora bideratu duzu. Nola eman da norabide aldaketa hori?
Oso zientzietakoa izan naiz beti eta institutuan ez neukan batere argi zer egin nahi nuen, nahiz eta matematika asko gustatu. Hortik hasi nintzen, baina ez nuen oso argi gero nora bideratu. Ez naiz izan hasieratik zer egin oso argi duen pertsona horietako bat. Orduan, bidea egin ahala joan naiz ikusten zer gustatzen zitzaidan eta zer ez. Matematikako karrera gustatu zitzaidan, baina pixka bat teorikoa iruditu zitzaidan, eta aplikazioa ikustea falta zitzaidala sumatu nuen, mundu errealean laguntzeko eta soluzioak emateko ikasitako guztia nola erabili nezakeen ezagutu nahi nuen.
Karrera bukatzean, aplikatuagoa zen master bat egin nuen, matematika eta adimen artifiziala lotzen zituena. Gero tesia egin edo ez zalantzak izan nituen, eta azkenean, ikerkuntza probatzeko praktika batzuk egin nituen. Orain jada, ikerkuntza aplikatuan sartuta nago erabat.
Tecnalian datuen zientzien arloan ikerlari gisa ari zara orain. Zertan datza zure eguneroko jarduna?
Askotariko problemei soluzioak eskaintzen dizkiogu datu zientzian oinarrituta eta adimen artifizialaren bitartez. Datu askoko problemak izaten ditugu, eta horiek ikertzen aritzen gara. Orain, esaterako, energia eolikoko kasu batekin gaude, dena oso sentsorizatuta dago eta datu pila bat daude. Ikertzen ari garen kasuan, energia eolikoa ondo doanean, datu pila bat sortzen dira eta gero akatsa ematen duenean oso datu gutxi daude. Orduan, akatsa noiz ematen den identifikatzen saiatzen ari gara. Horrelako proiektuak egiten ditugu beste gauza askoren artean, gauza aplikatuak esango genuke.
Enpresentzat egiten duzue lan?
Bi proiektu mota daude Tecnalian. Alde batetik, bezeroenak daude, produktuan oinarritutakoak. Proiektu batek eskatzen dizuna garatzen dugu. Eta gero ikerkuntzakoak diren beste proiektu batzuk daude, finantzazio publikoa dutenak. Horietan problema erreal bat dugu, baina normalean ez dago bezero bat, eta ikertzea da helburua. Ez da emaitza bat ematean oinarritzen, baizik eta problema hori ebazteko zer teknologia berri proposatu ditzakegun ikustea. Ni bigarren arloan nago gehiago.
"Oraingoz Tecnalian jarraitzeko intentzioa daukat. Oso gustura nago hemen, proiektu aldetik batez ere. Ikerkuntza gustatzen zaion jendean unibertsitatean izaten da, baina bertan egiten den ikerkuntza metodologikoa, ez da hain aplikatua"
Etorkizunera begira, nondik jo nahi duzu zure ibilbide profesionalean?
Oraingoz Tecnalian jarraitzeko intentzioa daukat. Oso gustura nago hemen, proiektu aldetik batez ere. Ikerkuntza gustatzen zaion jendean unibertsitatean izaten da, baina bertan egiten den ikerkuntza metodologikoa, ez da hain aplikatua. Ikerkuntzan soilik lan egitea oso zaila da; oso postu publiko gutxi daude. Jende askok irakasle bezala bukatzen du. Ni oso gustura nago eta hemen jarraituko dut ikasten.
Ikerkuntzaz gain, dibulgazioan eta genero desberdintasunean ere zenbait proiektutan sartuta zaude. Zer proiektu mota dira horiek?
Oso espazio maskulinizatuetan egon gara beti, eta tesia egiten ari ginenean lankidetza batzuk antolatu genituen emakumeen programazio talde bat egiteko. Hortik hasi ginen tailer batzuk egiten, batez ere, emakumeen espazioak sortzeko, eta gure artean aurkitu eta hitz egiteko. Emakumeak Zientzian ekimenean ere parte hartu izan dut, eta garrantzitsua iruditzen zait horrelako egitasmoetan ere izatea.