Ander Aizpurua: "Ez da Eureka Tabakalerara eramango dela; beste ikuspegi batetik planteatu da"

Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak esan duenez, gipuzkoar gizartearekin hartu-eman sakonagoa bultzatu nahi du erakundeak bere plan estrategiko berriaren bitartez

Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko egoitza nagusian | Argazkia: Andoni Canellada/Foku Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko egoitza nagusian | Argazkia: Andoni Canellada/Foku

Hilabete inguru igaro da Kutxa Fundazioak 2024-2030 Plan Estrategikoa aurkeztu zuenetik, lau helburu estrategiko ezarrita: STEAM bokazioak sustatzea haur eta gazteengan; kultura eta zientzien laguntzaz gizartearen pentsamendu kritikoa sustatzea; esparru ekosozialaren aldeko konpromisoa aktibatzea; eta garapen ekonomiko jasangarrian aletxoa jartzea. Plana konplexua izanik ere, horren ezartze fasean murgilduta dago lantaldea une honetan. Erronkak erronka, "elkarlanean eraikitako" plana izateak bidea erraztu dezakeela uste du Ander Aizpurua fundazioko zuzendariak. EnpresaBIDEAk atzetik dagoena aletu du Aizpuruarekin.

Noiz ohartzen da Kutxa Fundazioa barne-kanpo eraldaketa baten beharra duela?

Duela urte batzuk aldaketa gauzatu zen.

Zu sartzen zaren momentuan, 2019an, esan nahi duzu?

Lehenago ere bai. 2012an Kutxabank sortu zen, eta Kutxa Fundazioak zuen Kutxabanken %32. Eta egia da momentu eta testuinguru desberdinetan martxan jarritako proiektuak genituela. Baina era orokorrean aldaketa baten beharra ikusi genuen. Hausnarketa hori hasi genuen 2019. urtean, eta 2020an pandemiak bezalakoek ere eragin zezaketela ikusi genuen. Momentu horretan identifikatu genuen barne eta kanpo eraldaketaren behar hori.

Lanketa berehala hasi zen, edo horrek ere denbora bat hartu zuen?

Hasi ginen pentsatzen: nola egingo dugu? Horretarako da plan estrategikoaren garapena. Bertan jaso dugu noiz eta nola eman erantzuna barne eta kanpo eraldaketa horiei. Bata bestearekin etorri da: lehenik hausnarketa burutu, sakona; ondoren, eta emaitza gisa eta eraldaketarako beharra ikusia, plan estrategikoaren garapena.

ander 0
Barne eta kanpo eraldaketa sustatzeko nahia hainbat urteetan landu du Fundazioak | Argazkia: Andoni Canellada/Foku

Lau helburu estrategiko ezarri dituzue, bakoitza bere jarduerekin. Helburu eta jardueretan daramazuen erritmoa berdina al da, edo batzuetan besteetan baino aurreratuagoak zaudete?

Plan estrategikoa garatzeko abiapuntua da orain arte egindako programak —iraganekoak barne— gainbegiratu ditugula. Batzuk, bertan behera utzi baino, beste modu batera egitea aurreikusi dugu; beste batzuk egokitu egin ditugu etapa berri honetara; eta berriak ere garatzen ari gara. Erritmoak plan estrategiko horretan jasotzen dira. Izan ere, Gipuzkoako gizartean fokua jarrita erreparatu diegu guk ditugun gaitasunei, baina baita beste eragileei ere. Beraz, erritmo desberdinak baino gehiago, kronograma batzuk daude ezarrita. Bertan ikusten dugu programa berriak nola garatu behar ditugun, beste batzuk noiz eraldatu ditzakegun, eta beste batzuk bere horretan nola mantentzen ditugun. Horrela dago antolatuta plan estrategikoa, duen konplexutasunarekin.

Zergatik helburu estrategiko horiek?

Hiru faktore garrantzitsu hartu ditugu kontuan, egiteko modu berri hori definitzeko: lehena, Gipuzkoako gizarteak zein garapen izan duen; bigarrena, beste eragile eta entitateek zein proiektu dituzten martxan; eta hirugarrena, guk zein gaitasun ditugun etxe barruan, martxan jarri ditugun programa guztiak aintzat hartuta. Argi dugu geu batzera goazela, elkarlanean aritzera. Hori da muina.

Emaitzetako bat izango da Museo 4.0 delakoa. Zer eskaintzen du?

Eboluzio bat suposatzen du. Azpimarratuko nuke gizartearekin ezartzen duen harremana horizontala dela, iraganean beste era bateko harremanak jarri badira ere erdigunean. Herritarren parte hartzea handitu eta sustatzen du, parte hartze horrekin eta sortzen den ezagutzarekin museoa bera aberasten joateko. Museo 4.0 horretan alderdi horiek txertatu eta egokitu nahi ditugu.

"[4.0 Museoak] eboluzio bat suposatzen du. Azpimarratuko nuke gizartearekin ezartzen duen harremana horizontala dela. [...]Herritarren parte hartzea handitu eta sustatzen du, parte hartze horrekin eta sortzen den ezagutzarekin museoa bera aberasten joateko"

Ez da, beraz, orain arte imajinatu ahal izan dugun museoa. Nola uztartzen ditu aurrez aurrekoa eta esparru digitala, adibidez?

Museo horrek izan nahi duen parte berritzailea hori da: ez dadila izan soilik bertaratu eta bisita bat egin, baizik eta iraunkortasunaren bitartez loturak sortzea. Gure programaren ardatzetako bat da pertsonek jakin-minaren bitartez sortu dezatela jakin-mina. Gu ez gara inor esateko pertsonek zer egin behar duten; eman behar dizkiegu tresnak beraiek gaitasun hori garatu dezaten pentsamendu kritiko eta konplexuagoa izateko, aukerak areagotu daitezen. Era berean, datuek erakusten dute ez dela nahikoa puntualki bisita bat egitea pertsona batek lotura garatu dezan, baizik eta zabalagoa izan behar duela.

Plan estrategikoa aurkeztu zenutenean, hedabide askotan jarritako titularra izan zen Ateneak Eureka Museoa ordezkatuko duela. Soilik hori al da, edo harago doa?

Harago doa. Zalantzarik gabe. Gerturatzea beste maila batetik egiten da. Gure plan estrategikoaren baitan, hainbat lerro dauzkagu. Eta hau ez da egingo dugun gauza bakarra; gauza asko egingo ditugu. Era berean, gerturatzea egiten dugu ezagutzatik.

Eurekak bere etapa bete zuen, eta bere ekarpena egiten ari da programa berria martxan jarri arte —2026ra bitarte—. Hori esanda, egiteko modua desberdina da. Kontua ez da Eureka hara eramango dela; beste ikuspegi batetik planteatzen da. Bilatzen du Gipuzkoar gizartera egokituagoa egongo den, eta egunerokotasunetik abiatuta eta egiten diren garapen guztietara egokitzeko gaitasuna duen proposamena izatea. Atenea izango da Kutxa Fundazioak Tabakaleran egingo duen guztiaren aterkia. Baina aterki horren pean beste hainbat programa ere martxan jarriko ditugu. Horregatik dago, batetik, ezagutzaren programa eta, bestetik, Atenea.

Nola ari zarete gauzatzen azaldu duzun guztia?

Plan estrategikoa egiteko moduak horren ezartzea erraztu egiten du. Elkarlanean eginiko plana da, bai etxe barrura begira —talde guztiak parte hartu baitu—, bai beste hainbat eta hainbat eragileekin batera. Beraz, ardatzetako bat izanik elkarlanean aritzea, bidea egiten hasiak gara. Konplexutasun handia dauka, aurretik ezarritako programak mantentzen direlako, eta beste batzuk egokitu behar ditugulako. Eta hori ez da lan erraza. Ari gara; taldearekin lanean, beste eragileekin harremanak egiten... Ikuspegi horretatik heldu diogu plana gauzatzeari.

ander 2
"Iraganean hainbat kultura genituen, eta horiek guztiak nolabait egokitzen joan behar gara" | Argazkia: Andoni Canellada/Foku

Ildo beretik, plana ezartzeak kultura aldaketa eskatzen du. Nolakoa izaten ari da kultura aldaketa sustatzea?

Kultura jokabideak dira. Jokabide horiek landu egin behar dira, eta noski, taldearen aurredisposizio bat eskatzen du. Lanketa hori orain bizia izaten ari da, iraganean hainbat kultura genituelako, eta kultura horiek guztiak nolabait egokitzen joan behar garelako. Guri dagokigun eta plan estrategikoan jarri ditugun asmo eta helburu horietara iristeko gaitasun handiagoa emango digu kultura bat garatzeak. Baina kultura egunero sortzen da, egunero eraikitzen da, denon artean, taldearen lan itzelarekin, aurredisposizio oso onarekin eta pausoak emanaz. Pertsonak, prozesuak eta tresnak behar dituzu jokabide horiek lantzeko. Ikuspegi hori ematen ari gara.

Jokabideek ez al dituzte mikrokultura asko sortzen?

Talde desberdinak dituzun momentutik, bakoitzak bere kulturak garatzen ditu. Edozein kasutan, azpimarratuko nuke Kutxa Fundazioa garela eta Kutxa Fundazioa izate horretan, bat bakarra garen horrek kulturaren garapena ekartzen duela.

Plana gauzatzeko lidergo ugari izango dira. Baina nolakoa izaten ari da zuretzat lidergoa eramatea, zuzendari nagusi gisa?

Eredu bat sustatzen ari gara non lidergoa partekatua den. Hori esanda, niri dagokidan funtzio eta alorrean, izaten ari da oso ilusionagarria, oso polita, intentsoa, ekarpen handia pertsonalki niretzat. Eta taldea egiten ari den lana izugarria izanik, oso gustura nago nire ekarpena eginaz. Askotan ez gara kontziente zein momentu ari garen bizitzen. Kutxa Fundazioak duen historia eta ardura guztiarekin uste dut talde guztia parte izatea oso polita dela.

Noizbait sentitu duzue gizarteak ez duela ondo ulertu Kutxa Fundazioaren egitekoa?

Bai. Hori atzeman izan dugu. Hainbat arrazoi dira. Guk izan dugun garapena da horietako bat. Nik hor azpimarratuko nuke gure izaera mantendu dugula hasieratik; alegia, entitate soziala garela eta gizartera gure ekarpena egin nahi dugula programa eta jardueren bidez. Baina egiteko moduagatik askotan gizartearengan nahasketa sortu izan da. Hori ere atzematen dugu: sarritan ez gara gai izan azaltzeko gizarteari Kutxa Fundazioa zer den eta zertan ari den. Alegia, Gizarte gipuzkoarrak ezagutzen ditu egiten ditugun programak, baina ez ditu Kutxa Fundazioarekin lotzen. Eta ez dut erantzukizuna gizartearengan jartzen.

Guk egiten dugun guztia da eragin handiagoa izan dezan gizartean. Eta hori guztia plan estrategiko honetan txertatu dugu Kutxa Fundazioa gehiago ezagutu dadin.

Marka bera ere egokitu duzue, aurrekoa hartuta eta modernizatuta. Eraldaketa hori kanpora begira ere islatzeko modu bat da?

Bai. Markaren berritze horrek badauka horrekin lotura. Ikusi dugu guk dugun marka indartsua dela, baina beste logotipo bat garatzeak ere uste dugu ematen diola freskotasuna eta berritzea. Honekin guztiarekin helarazi nahi izan diogu Gipuzkoako gizarteari hemen gaudela, plan estrategikoa hemen daukagula, eta izaera mantenduaz, Kutxa Fundazioak egin nahi duen ekarpen hori egiteko moduak egokitu nahi izan ditugula.

Mezu baten laburbildu beharko bazenuke, nola ulertu behar du gizarteak Kutxa Fundazioaren egitekoa?

Entitate sozialaren egiteko gisa, gipuzkoar gizartera zuzendua. Egiten ditugu programak eta jarduerak eragin bat lortzeko bidean gure ekarpena egiteko eta aipaturiko asmora iristeko. Zaila izan ohi da hitz batzuetan laburbiltzea, baina nik hori azpimarratuko nuke. Izaera hori hasieratik dugu eta mantendu dugu.

 
ander 5
Fundazioaren egitekoa hobeto komunikatzen asmatu nahi dute plan estrategiko berriaren lanketarekin | Argazkia: Andoni Canellada/Foku

 

Elkarrizketan zehar atera bada ere, zer aldatzen da?

Aldatzen dena da egiteko modua. Eta hiru ezaugarri aipatuko nituzke horri lotuta. Batetik, gu gatoz entitate batetik non bizipenak banatuta dauden. Esango nuke diziplina artekotasuna ere badela plan estrategikoaren ezaugarrietako bat. Ikusten dugu gizarteak dituen erronkan hain handiak direla era indibidualean, diziplina batetik erantzuna ematea ezinezkoa dela. Bigarrena da elkarlanean aritu eta hainbat elkarlan mota garatzea. Iraganean ere aritu gara. Baina askotan finantzatzaile gisa soilik identifikatu gaituzte. Guk bilatzen duguna da proiektuetan ekonomikoki elkarlanean jarraitzea. Hirugarrenik, uste dugu ekarpen handiagoa egin dezakegula ditugun ezagutza horiek gizartearen esku jarrita. Horrek gero badakar proiektu batzuei indarra emateko ekarpen ekonomikoa ere egon behar duela, horretarako prest, noski. Baina ez abiapuntu bezala, baizik eta nolabait beharrezko tresna bezala.

Kutxabanken bazkide zarete BBK eta Vital fundazioekin batera. Nolakoak dira zuen arteko harremanak une honetan?

Harremanak oso onak dira beste fundazioekin. Azpimarratuko nuke fundazio bakoitzak duela bere independentzia, autonomia eta estrategia, askotan nahasketa baitago. Lotzen gaituen elementu nagusia da Kutxabank, eta Kutxabanken dugun partaidetza hori. Ondorioz, partekatzen dugun interesa da Kutxabankek ahalik eta eboluzio onena izatea fundazioen diru-sarreretan onuragarria izango delako, eta hain zuzen ere horrek gaitasun gehiago emango digulako bakoitzari gure plana garatzeko. Baina, harremanak oso onak izanik, bakoitzak du bere ibilbidea eta bere bidea. Saiatu behar gara hori behin eta berriro errepikatzen argi geratu dadin.

Bakoitzak bere lurraldean eta moduan ekarpena egiten badu ere, estrategia berria ezartzerako garaian zer ikasi dezakezue gainontzeko fundazioetatik?

Bi fundazioez harago, guk begiratzen dugu gainontzeko eragileak ere zertan ari diren eta nola egiten duten lan. Behin hori esanda, saiatu gara, geure lurraldea Gipuzkoa denez, gipuzkoar gizarteak dituen beharretara ekarpena egiten, zentzu horretan, lurralde bakoitzak badituelako bere bereizgarritasunak. Nahiz eta desberdinak izan, fundazioetatik esango nuke zera ikasi dezakegula geure plan estrategikoan nolabait txertatzeko: beraiek gizartearekin nola harremantzen diren, programa horiek nola garatzen eta ezartzen dituzten... Erronka bat izaten da gizartearen nondik norakoak ezagutzea eta beraiekin harremanetan izatea.

"Esango nuke diziplina artekotasuna ere badela plan estrategikoaren ezaugarrietako bat. Ikusten dugu gizarteak dituen erronkan hain handiak direla era indibidualean, diziplina batetik erantzuna ematea ezinezkoa dela"

Eta zein ekarpen egin dakieke zuek egin duzuen lanketa eta egingo duzuena BBKri eta Vitali?

Ausardia handia iruditzen zait galdera erantzutea. Gu saiatuko gara Gipuzkoar gizartearen parte hartze aktiboa sustatzen. Ikusiko dugu ea esperientziak eta etorkizunak aukera ematen digun egiteko modu edo ibilbide horretan besteekin partekatu ditzakegun esperientzia positiboak lortzeko.

Elkarte eta entitate askori entzun diegun beste kontu bat, baina nik ere partekatzen dudan hausnarketa bat da programen bitartez zein eragin lortu dugun identifikatu behar dugula. Hor ere bide bat egiten badugu eragina neurtzeko eredu bat garatzen, eta ikasketak ateratzen. Orain arte eraginaren inguruan ez da modelo edo metodologia bakarra izan. Eta ez dago oso argi zein den egokiena hori lortzeko. Gai bagara plan estrategikoa txertatze horretan ikasketak atera eta besteekin partekatzeko, apaltasunez, horiek partekatzen saiatuko gara.

Eragina neurtzeko metodologia aproposena bilatzeko eragileen arteko elkarlanik badago?

Metodologia bakoitzak bere lekua izan dezake programaren arabera. Baina hori esanda, gure asmoa da (eta horretan gabiltza) ikustea besteek zer-nola lortzen duten hori, nola garatzen duten, zuk egiten duzun programa edo jarduera batek eragin handiagoa edo txikiagoa duen. Helburua da tresna bat izatea zuk egiten duzun kudeaketan erabakiak hartzeko.

Elkarlanean zentzu horretan esaten nuen: besteengandik ikasiz eta guk ere partekatuz gure esperientzia. Baina gu hasieran gaude, horren inplikazio guztiekin. Orain gehiago da asmo bat errealitate bat baino. Baina hori benetan eraginkorra izan dadin, programetan hasieratik txertatu behar duzu elementu bezala.

Eta mantenduko diren programetan, hori nola txertatu konplexua da.

Hori da. Horrek konplexutasuna du. Eta neurketan ere bai.

ander 4
Eragina neurtzeko metodologiak garatzea ezinbestekotzat jo du Aizpuruak | Argazkia: Andoni Canellada/Foku

Entzute aktiboa ere areagotu behar dela esan duzu. Zergatik?

Faktore askorengatik. Gizartean gertatzen diren aldaketak lehen baino azkarrago gertatzen dira, eta eragina ere azkarragoa da. Entzute aktiboak lehen garrantzia izanik orain garrantzia handiagoa du egokitzen saiatzeko gaitasuna izan dezazun. Hori ere txertatu nahi dugu plan estrategikoaren etapa berri honetan.

Eta lehen aipatu dizudan museo eredu eta proposamen modu berri horrek ere hori du bere barruan. Bestela oso zurrunak gerta daitezke zuk dituzun programak, eta egokitzeko ahalmen hori txikiagoa izan daiteke. Guk bilatzen dugu elementu horiek nolabait uztartzea.

Nola interpretatzen du une honetan Kutxa Fundazioak Gipuzkoar gizartearen taupada?

Taupada sendoa da, eta frekuentzia onekoa. Ikusten dugu Gipuzkoako gizartea dela dinamikoa, erronketara egokitzeko eta garatzeko nahia duena. Askotariko eragileak daude eta ehun oso sendoa dugu inguruan ere. Gizartearen parte-hartzea, boluntariotza... esparru ekosozial hori guztia beste ezaugarri bat da. Eta oso irakurketa positiboa egiten dugu zentzu horretan.

Baina bestalde aldaketak oso azkar gertatzen dira. Eta erronkak oso handiak dira. Behin eta berriro aipatzen da trantsizio digitala, ekologikoa, demografikoa eta horrek dakarren erronka guztiekin —integrazioa, berdintasuna—. Elementu asko daude jokoan eta gure ikuspegitik Gipuzkoar gizarteak horri erantzuna emateko gaitasuna izan behar du. Irakurketa oso positiboa eginik, eta tresnak ditugula jakinik, bidea egin behar dugu egokitzeko eta trantsizio horiei, aldaketei eta erronkei erantzun partekatu bat emateko.

"Ikusten dugu Gipuzkoako gizartea dela dinamikoa, erronketara egokitzeko eta garatzeko nahia duena. [...] Baina bestalde aldaketak oso azkar gertatzen dira"

Estrategia kontuan hartuta, zein amets ditu Kutxa Fundazioak?

Gure ametsa gure asmoan jasotzen da. Gipuzkoa ikasiagoa, jasangarriagoa, sortzaileagoa eta kultuagoa lortzeko bidean pausoak ematea litzateke gure ametsa. Eta hor Kutxa Fundazioari dagokionez, apaltasunetik, baina anbizioz, gure ekarpena egitea. Hemendik urte batzuetara ere Gipuzkoa gai izatea horrelako gizarte bat edukitzeko eta elkarlanean emaitza hobeagoa eraikitzea, iraganean erakutsi dugun gaitasun horretatik abiatuta, eta guri dagokigunez gure ekarpena eginaz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK