Baziren mp3 erreproduktoreak 2001. urtea baino lehen. Baziren smartphoneak 2007. urtea baino lehen. Bazeuden tabletak 2010. urtea baino lehen. Eta errealitate areagotua ere bazegoen joan den aste aurretik. Applek, baina, iPod, iPhone edo iPad-ekin egin zuen bezala egin du: Apple Vision Pro betaurreko berriekin areagotutako errealitatea irauliko duela agindu du Kaliforniako konpainiak.
Joan den astelehenean, Applek WWDCk garatzaileen konferentzia egin zuen urtero ekainaren hasieran egin ohi duen lez. Hitzaldi hori sagarraren konpainiaren sistema eragileen bertsio berriak aurkeztera bideratuta dago, baina noizean behin produkturen baten aurkezpena egiten da. Applek iOS 17, iPadOS 17, MacOS Sonoma eta WatchOS10 bertsio berriak aurkeztu zituen.
Sistema eragile gehienek aldaketa zorrotzik gabeko jarraitutasuna mantentzen duten bitartean, aurten aldaketa gehien jaso dituen sistema eragilea WatchOS da, Applen erloju ospetsuek duten sistema eragilea. Oraingo honetan eta bere 10. bertsioan, WatchOSek itxura garbitu du: orain arteko interfazea koloretsu eta dinamikoago batekin ordezkatu du Applek. Orain, erlojuaren koroa irristatuz, widget batzuk zabaltzen ditugu, informazioa azkar eta erraz erakusten digutenak, Siriren esferak egiten zuen bezala.
iOSi dagokionez, iPhonen sistema eragilean ez dugu berritasun handirik aurkitzen. Aipagarriena, agian, sarrerako dei-pantailaren birdiseinua da. Bertan, kontaktuaren pantaila osoko irudi bat agertuko zaigu, blokeo-pantailaren antzekoa. Kontaktuekin ere lotuta, orain gure kontaktu-txartela partekatu ahal izango dugu iPhone bat beste batera hurbilduz, NFC teknologiaren bidez. iPadOSen, azkenik, blokeo-pantaila pertsonalizatu ahal izango dugu: orain, iPhonean bezala, widget azkarrak sartu ahal izango ditugu, pantailaren ezkerreko aldean informazioa erakusten digutenak.
Kontaktuekin ere lotuta, orain gure kontaktu-txartela partekatu ahal izango dugu iPhone bat beste batera hurbilduz, NFC teknologiaren bidez
Oraingo honetan, softwareari dagokionez berrikuntza gutxi aurkezteaz gain, Applek gailu berriak aurkezteko aprobetxatu du. 15 hazbeteko MacBook Air berri bat iritsiko da azkenean M2 txipa gehituz. Appleren ordenagailu eramangarri salduena hazi egingo da, eta 1.299 $tik aurrera erosi ahal izango da. Bi ordenagailu gehiago aurkeztu zituzten joan den asteleheneko hitzaldian, MacStudio eta MacPro bat, azken hori konpainiak inoiz sortu duen txip indartsuena estreinatuz: M2 Ultra.
Apple Vision Pro
Baina zalantzarik gabe, datozen asteetan eta agian datozen urteetan Applen betaurrekoez hitz egingo dugu gehien. Hainbat urtez Apple errealitate areagotuko betaurrekoak garatzen ari zela zabaldu ondoren, Applek astelehenean aurkeztu zituen Apple Vision Pro direlakoak. Betaurreko horiek, eskiatzaileen antzekoak, Appleren punta-puntako teknologia dute barruan. Tim Cookek zuzentzen duen konpainiak aitortu du urte asko daramatzala azkenean ikusi ahal izan genuen produktua garatzen.
Apple betaurrekoen asmoa ez da metavertso batean murgiltzea zurrumurruen arabera, errealitatea handitzea eta errealitate hori osatu eta aberastuko duten elementuak gainjartzea baizik. Bideo-aurkezpenean ikusi ahal izan genuen nolakoa izango den sistema eragile berri honen interfazea, VisionOS izenekoa. Elementuek Appleren ekosisteman dagoenaren oso antzeko diseinua izaten jarraituko dute, baina oraingo honetan, elementuak ikusten ari garen inguruneari gainjarrita agertuko dira.
Kamera eta sentsore sistema baten bidez, Appleren bisore berriak erakutsiko du norbere begiek bisorerik gabe benetan ikusiko luketenaren irudia, hau da, errealitate areagotua. Apple Vision Pro izenekoak jartzean beste unibertso batean murgildu beharrean, inguratzen zaituen unibertsoa elementu berriekin aberasten da. Gainera, Appleren betaurrekoek pantaila bat izango dute aurrealdean, gailua erabiltzen ari den pertsonaren begiak eta espresioak erakusteko, esperientzia hain intrusiboa izan ez dadin.
Bisoreak oso diseinu minimalista du, Applek dagoeneko ohituta gaitu horretara bere produktuekin. Arreta erakarri duen elementu bat petaka formako kanpoko bateria da, betaurrekoekin kable bidez konektatzen dena. Hori da Applek aurkitu duen soluzioa bisoreari pisua kendu eta bateria modu errazagoan aldatu ahal izateko.
Appleren betaurrekoek pantaila bat izango dute aurrealdean, gailua erabiltzen ari den pertsonaren begiak eta espresioak erakusteko, esperientzia hain intrusiboa izan ez dadin
Zalantzarik gabe, Apple Vision Pro delakoa izan zen aurtengo garatzaileen konferentziaren iragarkirik garrantzitsuena. Appleren betaurreko berriak ez dira datorren urtearen hasierara arte iritsiko; orain, garatzaileak gailu horren potentziala zorroztu dezaketen aplikazio berrietan lanean hastea falta da. Appleren gailu berria 3.270 euroren truke iritsiko da merkatura, kontsumitzaileengandik asko urruntzen duen prezioa.
Dena den, Applek ez du aurrerapausorik emango egiten ari duen apustua segurua ez bada. Azken hamarkadetan erakutsi du teknologiaren sektorea irauli dzakeela, eta, ziur asko, Apple Vision Pro delakoak mugarri izango da errealitate areagotuko betaurrekoen industrian. Atzo sagarraren konpainiak aurkeztutako produktuak eta proposamenak dira Applek erreferente teknologiko izaten jarraitzea eta gainerako markek jarraitu beharreko bidea ahalbidetzen dutenak.