Atlantic Data Infrastructure (ADI) datu zentroaren bigarren egoitza Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan eraikiko da. Eusko Jaurlaritza, Teknei, Dominion, Euskaltel eta Gertek izan dira orain arte egitasmoko bazkideak, baina kapital handitze bat egin berri dute, eta Kutxabank, Iberdrola, Mondragon eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiak ere sartu dira proiektuan.
ADIren lehen datu zentroa Abanton egingo dute, eta eraikitze fasean da. Aurreikuspenen arabera, 2025eko lehen hiruhilekoan hasiko da funtzionatzen, eta atzo jakinarazi zuten bigarren egoitza Arrasaten izango dela.
Informazioen zerbitzurako segurtasunean eta konektibitatean oinarritutako azpiegitura izango da ADI, eta Euskal Herriko enpresen digitalizazioa sustatzeko datu zentro sarea bilakatzea du helburu. Lurraldea beharrezko azpiegituraz hornitu nahi dutela diote proiektuko arduradunek.