
Donostiako mugikortasun adimendunerako –Smart Mobility– protokoloaren baitan, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen berria sinatu dute. Honen arabera, azterketa teknikoak egiteko eta aurreproiektuak idazteko ardura Udalak izango du; Jaurlaritzak, berriz, aurreproiektu hori gauzatu ahal izateko laguntza teknikoa eskainiko du, Euskal Trenbide Sarea Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren menpeko erakundearen bitartez.
Mugikortasun jasangarriko proiektu hau hiriko 17 linean ezarriko da, Gros eta Amara auzoak lotzen dituena, eta Ospitaleetatik eta Miramongo Parke Teknologikoko gunetik ere igarotzen dena. Horretarako, bederatzi autobus elektriko jarriko dituzte.
Guztira, 25,7 milioi euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta Jaurlaritzak % 65 jarriko du, 16,7 milioi euro, alegia, 2022. eta 2025. urte bitartean emango dituenak. Gainontzeko % 35 Donostiako Udalak jarriko du, 9 milioi euro, alegia. Proiektua garatzeko epea lau urte ingurukoa izatea aurreikusi da.