Berrikuntza teknologikoko proiektuak garatzeko beka deialdia ireki du Vital Fundazioak

3.000 euroko laguntzak eskainiko dira Egibideko Goi Maila titulua duten ikasleentzat

Argazkia: Vital Fundazioa Argazkia: Vital Fundazioa

Arabako Vital Fundazioak Egibide 2024 bekak eguneratu ditu. Beka horiek Egibideko Goi Mailako Heziketa Zikloetan titulua duten ikasleengana daude bideratuta. Orotara, hamar beka izango dira, eta bakoitzak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du. Beken helburua da berrikuntza teknologikoko proiektuak garatzen laguntzea.

Vital Fundazioaren "lehentasunetako bat" izan da beti Arabako Lanbide Heziketa. Horregatik, beka eskuratzeko beharrezkoa izango da Goi Mailako Teknikari titulua lortu izana, zehazki, Egibideko campusetako batean (Arriagan, Jesus Obreron, Mendizorrotzan, Molinuevon edo Nieves Canon), eta azken bi ikasturteetan. Prestakuntzaren iraupena 2024ko urriaren 1etik 2025eko ekainaren 20ra bitartekoa izango da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara. Beka bat eskuratu nahi duenak posta elektronikoz bidali beharko du Egibideren webguneko dokumentazioa, hilaren 16tik 20ra bitartean.

Hamar bekak ondorengo arlotan sailkatuko dira: laborategi kimikoko kalitate-prozedurak, hezkuntza-arloko ingurumen-sentsibilizazioko prozedurak, ostalaritzaren kudeaketa integrala, ekipo informatikoa, industria-ekipoen mantentze-lanen kudeaketa, ikus-entzunezko edukiak sortzeko espazio bat kudeatzea, sistema integratzea 4.0 industrian, hezkuntza-laguntzarako eta bideratutako ikasketarako programa Mediateketan, fabrikazio- eta muntaketa-proiektuen garapena, eta komunikazioa eta sare sozialak kudeatzea LHko zentro batean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK