Berrikuntza teknologikoak Paris 2024 Joko Olinpikoetan

Munduko kirol ekitaldi garrantzitsuenaren emanaldi nahiz jarraipenean esperientzia paregabea eskaintzeko aurrerapauso teknologiko nabarmena eman da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan, munduko kirolaririk onenak ez ezik, berrikuntza teknologiko aurreratuenak ere bilduko dira. 43 euskal kirolarirekin, erdiak baino gehiago emakumeak, hedapen teknologikoaren helburua estaldura paregabea eta esperientzia murgiltzailea eskaintzea da, bai bertaratutakoentzat, bai mundu osoko ikusleentzat.

Aurtengo Joko Olinpikoak ez dira soilik kirolarien talentuagatik eta ahaleginagatik nabarmentzen, baita teknologia aurreratuen inplementazioagatik ere, ekitaldi global hau disfrutatuko den modua aldatuko baitute. Hegoaldeko La 1 UHD kateak 4Kn emitituko ditu emanaldiak, eta RTVE Play eta MAX bezalako kanal anitzeko plataformen erabilgarritasunak aurrekaririk gabeko irudi eta kalitateaz gozatzeko aukera emango die ikusleei. Gainera, Parisko hiriak nabarmen hobetu du bere 5G sarea, milioika bisitariek Interneten abiadura handian eta etenik gabe nabigatu ahal izateko, baita dentsitate handiko eremuetan ere. Azpiegitura aurreratu horrek bermatuko du bertaratutakoek, kazetariek eta antolatzaileek konektibitate iraunkor eta eraginkorra izatea.

Parisko hiriak nabarmen hobetu du bere 5G sarea, milioika bisitariek Interneten abiadura handian eta etenik gabe nabigatu ahal izateko, baita dentsitate handiko eremuetan ere

Joko hauetan sartu den tresnetako bat smartphone-etarako aplikazioa da, azken albisteei, lehiaketen egutegiari eta medaileroari buruzko informazioa denbora errealean emateko diseinatuta dagoena. App honek ekitaldiaren jarraipena egiteaz gain, sare sozialetan partekatzeko kamera-efektu dibertigarriak ere eskaintzen ditu, eta horri esker, zaleak ekintzaren parte senti daitezke modu interaktibo eta eguneratu batean.

Adimen artifizialak (AA), nola ez, berebiziko garrantzia izango du Paris 2024an, kirolariei zein epaileei lagunduz. AA azterketa zehatz eta pertsonalizatuen bidez, atleten errendimendua optimizatzeko erabiliko da, eta epaileei ere lagunduko die eztabaida-jokaldiak berrikusten, erabaki zehatzagoak eta bidezkoagoak ziurtatuz. Errealitate areagotuak (EA) ere bere debuta egingo du emanaldi batzuetan, Meta Quest bezalako bisoreei esker, ikusleek esperientzia murgiltzaileaz gozatzeko aukera izan dezaten. Teknologia honek ekitaldiaren ikuspegi paregabea eskainiko du, ikusleak estadio berean baleude bezala sentiaraziz, lehiaketen xehetasun bakoitza denbora errealean ikusiz.

Euskal partaidetza

Joko hauetan, 43 euskal kirolarik parte hartu izana nabarmentzekoa da, azken ediziotako jendetsuenetako bat baita, eta bereziki nabarmentzen da emakumeen presentzia, kirolean izandako aurrerapena eta genero berdintasuna islatzen duena. Atleta hauek, euskal kirola ordezkatzeaz gain, ekitaldi historiko baten parte ere izango dira, berrikuntza teknologikoari eta kirol-berrikuntzari dagokienez.

Paris 2024 Olinpiar Jokoen historian mugarri izango da, ez soilik lehiakideen kalitateagatik eta kirol espirituagatik, baita ikusleen eta parte-hartzaileen esperientzia neurri berean hobetuko duten teknologia aurreratuak sartzeagatik ere. 4Kko emankizunetik 5G konektagarritasunera, adimen artifizialera eta errealitate areagotura, joko hauen alderdi bakoitza esperientzia ahaztezina eskaintzeko eta kirola maila berri batera eramateko diseinatuta dago. Paris 2024ko kirol eta teknologiaren fusioak estandar berri bat ezarriko du etorkizuneko kirol ekitaldietarako, berrikuntza eta espiritu olinpikoa elkarrekin joan daitezkeela erakutsiz, eta belaunaldiek gogoratuko dituzten aparteko uneak sortuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK