Biqain, Bizkaiko apustua teknologia kuantikoa bultzatzeko

Teknologia kuantikoan elkarlan publiko-pribatua sustatzeko beste pauso bat eman nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak

Biqain aurkezpena gaur goizean, BECen | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia Biqain aurkezpena gaur goizean, BECen | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundiak estrategia berria aurkeztu du teknologia kuantikoei bultzada eman asmoz. Quantum Now 24en bigarren edizioan egin du aurkezpena Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak, BECen egingo dena gaurko egunean zehar.

Biqain izena hartu du estrategiak, Bizkaia Quantum Advanced Industriesen siglak, hain zuzen. "Bizkaiak sektore horren abangoardian duen posizionamendua sendotzeko" helburua du estrategiak, diputatu nagusiaren hitzetan.

Lurraldeak 2021etik darama teknologia kuantikoei loturiko ekosistemari bultzada berezia eman nahian. Ekosistema horren parte dira unibertsitateak, teknologia- eta ikerketa-zentroak, nazioarteko korporazio teknologiko handiak eta bestelako enpresak, klusterrak, start-upak eta administrazio publikoak.

Estrategia berriarekin, EHUk Leioan duen campuseko María Goyri eraikinean bilduko da ezagutza guztia, tartean unibertsitatearen laborategi kuantikoak. Gainera, Biqainen bitartez enpresak laguntzeko zerbitzuak eskainiko dira. Batetik, hasiberriak direnentzat, lehen erabilera kasuak garatzeko ezagutza; bestetik, esperientzia dutenentzat, eraldaketa eta teknologia kuantikoko departamentuen sorrera bultzatzeko zerbitzuak, operadore teknologikoen eskutik. Ibilbide orriak Europako Batzordearen oniritzia jaso du dagoeneko.

2025 Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtea izango da 2025, Etxanobek gogorarazitakoaren arabera. Izan ere, eragina izango du seguru asko sektore guztietan, tartean, finantzetan, energian, medikuntzan edo mugikortasunean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK