Burujabetza teknologikoa: datuak hemen eta ez beste inon

Sortzen ditugun datuak tokian kudeatu eta mantentzearen garrantziaz mintzatu ziren atzo Euskarabildua jardunaldian. Gaiaren inguruan pedagogia egin beharra dagoela uste dute adituek, baita administrazio publikoek datu zentro lokalak finantzatu beharko lituzketeela ere

Euskarabilduaren 13. edizioa egin zen atzo Donostiako San Telmo museoan | Argazkia: EnpresaBIDEA Euskarabilduaren 13. edizioa egin zen atzo Donostiako San Telmo museoan | Argazkia: EnpresaBIDEA

Zer nolako garrantzia du datuen kudeaketa lokal bat egiteak? Nola ordaintzen da sareko hodei famatu hori? Zenbateko gastua litzateke Euskal Herritarrei zerbitzu duina eman diezaiokeen datu zentro bat hemen sortu eta mantentzea? Halako eta bestelako galdera askoren inguruan mintzatu ziren bart Xabier Garmendia Abaila kooperatibako kidea eta Alexis Guirlé Izarralde taldeko zuzendaria Argiak, Iametzak eta Ametzagaina elkarteak antolatutako Euskarabildua jardunaldiaren 13. edizioan.

Izan ere, etengabe datuak sortzen dituen mundu honetan, datu horiek gurean kudeatu eta mantentzea funtsezkoa bilakatu da burujabetza teknologikoa eskuratzeko bidean, tokiko beharretara egokituz, euskarari balioa emanez eta teknologia gizakien mesedera bideratuz.

Eta, ugaltzen ari dira Euskal Herrian hainbat egitasmo, IzarLink 2014an Lapurdin sortutako telekomunikazio enpresa, esaterako. Eskualdeko enpresa eta eragileei zerbitzua eskaintzeko asmoz jaio zen, eta azpiegitura informatikoan beharrak ikusita, eratu zuten IzarHost datu zentro propioa. Inguruko enpresek datuak "hodeian edo nazioartean" gorde beharrean, tokian bertan, enpresatik kilometro gutxira biltegiratzeko aukera ematen du datu zentro lokalak. “Lurraldeko enpresekin lan egin nahi dugu eta aterabideak eman. Ez dugu datuek munduari lau bira ematea nahi berriz hona ekartzeko”, adierazi du Guirlék.

Alexis Guirlé: “Gure lurraldeko enpresekin lan egin nahi dugu eta aterabideak eman. Ez dugu datuek munduari lau bira ematea nahi berriz hona ekartzeko”

Abaila, bestalde, telekomunikazio sare burujabeen garapen lokalean diharduen irabazik asmorik gabeko kooperatiba zumaiarra da. Garmendiak azaldu duenez, zerbitzurik ailegatzen ez zen landa eremuetan Internet hornitzaile bezala sortu ziren 2018an. “Sare aske eta elkarbanatuak erabiliz, zerbitzuak era lokalean eskaintzeak potentzialitate handia zeukala ikusi genuen telekomunikazio ireki eta deszentralizatuen barruan”, kontatu du.

Kontrola eta pedagogia

Sektoreko enpresa handiek datuak merkaturatuz dirua irabaztea dute xede. "Gure berezitasuna da bezeroek jakin behar dutela non dituzten datuak. Datuak arriskutsuak badira hobe Googlen esku ez uztea, zuzenbidearen arabera, hobe da enpresa handien esku ez uztea”, argitu du IzarLinkeko zuzendariak. Bere ustetan, hobe da datuak “etxean” gordetzea, eta "zerbitzaritik ihes ez egitea". Datu zentro bat aurkitu beharra dago "tokikoa eta subiranoa", datuen kontrol gehiago atxikitzen baita honela. Hartara, tokiko sareetan datuak segurtatzea funtsezkoa da, "datuak tokitik ateratzen badira, monetizatu daitezke eta".

Garmendiak, bestalde, argitu du datu zentro lokal bat izateak ez duela esan nahi datu horiek ez direla merkantilizatuko. Datuak hemen geratzeak “pedagogia” aldetik laguntzen du batik bat, "bezeroari esan diezaiokezulako datuak non dauden". Bere esanetan, alde batera uzten da datuak lainoan daudenaren ideia hori. "Konfiantzan oinarritutako hornitzaile batek eraikitzen du datu zentro lokal bat, ezin baita bestela Amazon batekin lehiatu, eta horretan datza desberdintasun handiena".

Erabaki politiko bat

Euskal Herri osorako datu zentro bat eraikitzearen aukeraz mintzatu dira bi adituak. Abailako kideak nabarmendu du herri bezala dauzkagun behar kritikoak asetzeko zer azpiegitura behar den kontuan hartu beharra dagoela halako proiektu bati ekin aurretik. Azpiegitura horren kostuaz galdetuta, zera esan du: "50 edo 100 metro karratuko lokal fisiko bat akondizionatzea 300.000 mila euro jartzea lirateke", eta horri, gainera, makinak ezartzearen inbertsioa gehitu beharko litzaioke.

Dena den, halako zentro bat hemen jartzea “erabaki politiko bat” dela iritzi dio. ENS Espainiako segurtasun eskemaren eskakizuna dela eta, estatuko legeak aldaketak izango ditu, instituzioen datu kudeaketan eraginez. “Koiuntura hori aprobetxatu liteke administrazio publikoak euren datu zentroak finantzatzeko”. Halaber, Garmendiak uste du administrazio publikoak bultzatu beharko lukeela datu zentro publikoa, eta bertan bermatu azpiegitura fisikoak, argindarra, konektibitatea, aire girotua eta bestelakoak. “Estatuak errepideak egiten dituen bezala, datu zentroen sorkuntzan ere parte hartu beharko luke".

Xabier Garmendia: “Estatuak errepideak egiten dituen bezala, datu zentroen sorkuntzan ere parte hartu beharko luke"

IzarHosten datu zentroa euren funtsekin sortu dute, Frantziako estatuaren inolako laguntzarik gabe, “ez eskualdetik ez departamendutik”, argitu du enpresako zuzendariak. Tankera horretako azpiegiturek "irudi txarra" dutela azpimarratu du, kutsadura dela eta edota eraikinak azpiegitura tekniko asko eskatzen duelako. "Estatuak eraiki dezake zentroa, baina eguneroko kudeaketa beste gauza bat da. Mantentze lana eta segurtasuna oso garestiak dira”, gehitu du.

Aitortu du, era berean, datu zentro bat kudeatzeak badituela arrisku ugari, baina lurraldeari zerbitzu hori eman nahi izan diotela. Hala, lurraldean bigarren datu zentro bat sortzeko asmoa du Izarralde taldeak. “Gurea bezalako ekimenak gutxi dira Frantzian. Elkarte bat gara, Frantzian sakabanatuta dauden hainbat operadorerekin egiten dugu lan, baina estatuak inoiz ez du interes handirik erakutsi; agian ez dugu gure burua ondo saldu”.

Datuak ez daude hodeian, baizik eta etxe ondoan

Datu zentro lokalak burujabetza teknologikorako beharrezko tresnak direla argi du Garmendiak. “Zentro horiek gabe ez dago burujabetzarik”. Erronka nagusia, ordea, ez da “teknika” ––azpiegitura fisikoak badaude––, baizik eta gizarteak burujabetza digitalaren inguruan duen pertzepzioan eragitea. “Gizartearen ehuneko handi bati hau guztia berdin zaio”, eta, beraz, arazoa "pedagogikoa" dela uste du. “Jendeak Office 365 edo Google erabiltzen du lan egiteko, eta kito”. Ez dugu pentsatzen datuak eragile horiei emateak zein ondorio izan ditzakeen.

Alexis Guirlé: "Balio-kate guztia kontrolpean dugula ziurtatu behar da, geruzaz-geruza, azken kableraino"

Pedagogia egin beharrarekin ados agertu da Guirlé. Kontatu duenez, bezeroei askotan azaldu behar izan die euren datuak leku informatiko batean dituela etxetik gertu, eta ez hodei birtual batean. "Kontu fisikoa da; ikusi dezakete segurtasun neurriak dituen leku batean daudela euren datuak”.

Barazkiak erostearekin egin du alderaketa, esanez, nahiago dugula herriko merkatuan bertakoa erosi supermerkatuan Europako "beste puntatik" datorrena baino. "Hori guztia da burujabetasuna. Badakigu zerbitzaria eskuz uki dezakegula, eta badakigu bertako langileek ongi kudeatuko dutela”. Horren harira, zera dio: "balio-kate guztia kontrolpean dugula ziurtatu behar da, geruzaz-geruza, azken kableraino".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK