Gaur abiatuko da ofizialki Mondragon Unibertsitateko ikasturte berria. Goi Eskola Politeknikoan, baina, tresna berri bat izango dute berrikuntza proiektuetarako: Hirekin ekintzailetza industrialerako zentroa. Ekainaren 15ean inauguratu bazen ere, aurten jarriko dute martxan. "Iraultza baino", orain arte egindakoaren "garapena" dela dio Carlos García Mondragon Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile orokorrak.
Zerk bereizten du Hirekin MUko beste eraikin batzuekiko?
Ez da iraultza bat, garapen bat baizik. Prototipoak dagoeneko egiten ditugu, berrikuntza proiektuak egiten baititugu enpresekin. Baina askotan mugatuta gaude azpiegiturek ez digutelako ahalbidetzen eskalan egitea, edo behar diren ezaugarriekin. Hirekinek ahalbidetuko digu, enpresekin berrikuntza proiektuak egiten ditugunean, industrializaziotik gertuago izango diren prototipo industrialak garatzea. Bestela esanda, prozesuen aurreindustrializazioa egin ahalko dugu.
Zer izango da, zehazki, bertan?
Bertan izango dira enpresen aurreindustrializazioko proiektuak. Batzuek geure laguntza izango dute, baina beste batzuek ez. Horiez gain, gure aurreindustrializazio proiektuak ere izango dira, gure ikerketaren emaitzetatik eratorritakoak.
Orientazio praktikoagoa du, beraz, ikerketa behin eginda hurrengo fasea garatzeko.
Izango da baliozkotze moduko bat, esperimentalagoa. Dagoeneko egiten duguna harago eramanda.
"Une honetan hiru proiektu handi ditugu martxan, datozen hiruzpalau hilabeteetan sartuko direnak. Prototipoen ikuspegitik hori da datorren lehen gauza"
Zertan datza garapena?
Bi alderdi bereizi behar dira: edukia eta egiteko modua. Edukiari dagokionez, bilatzen dugu industriatik hurbilago izan daitezkeen baliozkotzeak gauzatzea, baita modu errazago baten egitea ere. Arestian aipatu bezala, gure orain arteko azpiegiturek ez digute lagundu bide horretan, eta gauzak egin ditugu, baina guztiz egokitu gabeko espazioetan.
Egiteko moduari dagokionez, elkarlana bilatzen dugu, eta diziplina artekotasuna, alegia, askotariko ikerketa eta transferentzia taldeek parte hartu dezaten. Eta ez soilik gure —MUko ikertzaileen— artean; kanpoko jendearekin ere bai. Are gehiago, zenbaitetan geuk parte hartu gabe ere. Ez dugu betorik jarri nahi izan guk protagonismoa dugun proiektuak soilik egin daitezen. Ikuspegi apur bat eskuzabalagoa du Hirekinek. Bestela esanda, norberari protagonismoa utzi dagokionean, baina Goi Eskola Politeknikoak tira egin behar badu, tira egitea.
Zein momentutan dago eraikina, edo bertan egin nahi duzuena?
Diseinatzen ari gara noiz sartzen dugun zer. Izan ere, instalazio handiak dira.
Une honetan hiru proiektu handi ditugu martxan, datozen hiruzpalau hilabeteetan sartuko direnak. Prototipoen ikuspegitik hori da datorren lehen gauza.
Zer nolako proiektuez ari gara?
Hiruak dira enpresa kasuak, eta oso proiektu politak dira. Bi dira enpresa euskaldun garrantzitsuak —bata kooperatiba eta bestea ez—. Ez dut esango mundu mailako liderrak direnik, hala ere. Eta hirugarrena da aliantza bat, ETE baten eta geure artekoa. Hamar bat urte daramatzagu elkarrekin lanean teknologia berri baten garapenean, eta lan horren guztiaren emaitza izan da enpresa baten sorrera. Orain egin behar dena da teknologia hori eskala industrialera eraman.
Esan behar da, metro koadro kopuru handia hartuko duten proiektuak direla Hirekinek hartuko dituenak, eta gauzak erosi behar izaten dira ekipamendua ondoren muntatzeko, nahiz eta aipaturiko proiektuen kasuan dagoeneko erabakita dagoen zer izango den.
Bulegorik badu?
Ez dugu nahi Hirekinen bulego gehiegi egotea. Eta ez ditu ikasgelak edukiko. Baina egia da jendeak nonbait eseri behar duela, aurreindustrializazio baten lanean ari diren pertsonak ez baitaude beti tailerretan. Askotan diseinuak egin behar dituzte. Beraz, badaude esertzeko espazio batzuk. Espazio ez hain industrialetako hiru solairu dira.
Nor izango da espazio horietan?
Espazio horietan izango da, batetik, Ekonomia Zirkularreko eta Jasangarritasun Industrialeko ikerketa eta transferentzia taldea. Bestetik, Ihoberen nodo bat izango da, Basque Circular Hubekoa. Gainera, badira dagoeneko bertan bi start-up, epe luzera geratuko direnak. Jasangarritasun ikuspegia izan behar dute enpresa horiek. Izan ere, prozesu industrial jasangarrien garapenaz ari gara denbora guztian.
Bestalde, solairuetako batean jarriko dugu gainazaletako teknologietako laborategia, xehetasun handikoa.
Zer aztertuko da bertan?
Gainazaletako teknologietan aztertzen dute mundu industrialeko materialen gainazaletan gertatzen diren fenomeno guztiak, baita haien portaerak ere. Adibidez, gainazal hori dagoenean korrosio edo oxidazio inguru oldarkor baten, edo beste batekin kontaktuan dagoenean, marruskadura, higadura... gertatzen dira. Gainazaleko zimurrek ere garrantzia izan dezake zenbait kasutan, baita konposizio kimikoak ere.
Ekintzailetza industrialeko zentroa da Hirekinen "abizena". Zein rol izango du ekintzailetzak?
Proiektuko hitz gakoa da. Eskola politeknikoak 81 urte beteko ditu urrian, eta hainbat jarduera garatzen ari gara: hezkuntza, ikerketa jarduera, enpresetarako ezagutza transferentzia eta ekintzailetza. Azken horri ere bultzada nabaria eman nahi diogu. Are gehiago, eskolatik bertatik atera zen Saiolan Enpresa eta Berrikuntza zentroa, ekintzailetza proiektu gisa. Baina ondoren Saiolanek bizitza propioa hartu zuen, eta gu albo batera geratu ginen. Orain berriro sartzen ari gara.
"Ez dugu betorik jarri nahi izan guk protagonismoa dugun proiektuak soilik egin daitezen. [...] Norberari protagonismoa utzi nahi diogu dagokionean, baina Goi Eskola Politeknikoak tira egin behar badu, tira egitea"
Zein motatako ekintzailetzaz ari gara?
Batetik, gure ikerketatik ateratzen direnak. Bestetik, ikasleek sustaturikoa. Hori ere garatu nahi dugu. Nahi dugu gure ikasleak irten daitezen ekintzailetza begirada batekin. Agian ondoren beste norbaitentzat egingo dute lan, oso eratuta dagoen enpresa baten. Baina nahi dugu lotura izatea berrikuntzarekin.
Nola identifikatu proiektu ekintzaile horiek?
MUSEA Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards sariak antolatzen ditugu, lehen Enpresa Sortuz izena zuena. Sarietako bat bekak dira. Azken baten, ekintzaileek askotan behar izaten dutena baita dirua denbora eduki ahal izateko euren proiektua garatzeko. Urtean 100.000 euro bitarte lortu daitezke, den-dena enpresen babesletzatik datorrena. Hori da Hirekinen izango den alderdietako bat.
Bestetik, barne ekintzailetzako proiektuak ere lantzen dira, enpresa egonkorragoetatik eratorritakoak. Produktuen garapena edo dibertsifikazioaren bila dabiltzan enpresak dira, edo berrikuntzan eta barne ekintzailetzan.
Hitz egin dugu ikasleak edo ikasle ohiak ekintzailetza proiektuetara bultzatzen dituzuela izan euren enpresak sortzeko, izan beste enpresa batzuetan txertatzeko. Prototipo aurreindustrialen garapenean ikasleek parte hartuko dute?
Esango nizuke guk parte hartzen dugun proiektuen %95ean hartzen dutela parte ikasleek. Guzti-guztietan ez zenbaitetan oso gauza azkarrak izaten direlako eta ez du denbora ematen inor sartzeko. Gainera, ikasketen lehen etapak oso formakuntzakoak dira.
Zergatik ikasleak txertatzearena? Industriaren etorkizuneko harrobia formatzeko modua ere badelako. Hamarkadak daramatzagu hori egiten, eta oso ondo doa. Horregatik ia beti sartuko dira ikasleak.
"Zergatik ikasleak txertatzearena? Industriaren etorkizuneko harrobia formatzeko modua ere badelako"
Adibidez, zein modutan?
Zenbait kasutan ikasleen ekintzailetzarako sustapen dinamiketan gerta daiteke ikasleek aurkeztea proiektuak eta proiektua bera ez izatea bereziki ona; bai, ordea ikaslearen jarrera eta gogoa sekulakoa izatea. Halakoa antzematea oso interesgarria da. Lehiaketen helburuetako bat ere bada profil horiek antzematea.
Bestalde, aipatu ditugun hiru proiektuetan ere ikasleak izango dira. Enpresek ere eskatzen digute. Horrela produktuaren garapena lortzen dute, harrobia egitea, eta talentua dagoeneko formatuta izatea euren produktuetan eta teknologietan. Eta inplikatuta izatea gainera.
Helburua da 2028-2029rako 36 proiektu garatzea, 54 ekintzaile bertatik igarotzea eta 67 ikasle. Zein lan duzue aurreikusita helburu horietara heltzeko?
Esan dugun bezala, ez gara zerotik abiatuko. Sei urte daramatzagu honetan lan egiten.
Bestalde, aipatzekoa da konplizitate bila gabiltzala ez dadin izan soilik MUko proiektu bat. Fagor taldearekin ari gara, bereziki, talde barruan jasangarritasun ikuspegia lantzen duten haiekin. Talde hori bultzaka ari da. Gainera, barne ekintzailetzako proiektuetan, zenbait lanketa ez ditugu MUtik egingo. Garaia Parke Teknologikoa, Mondragoneko Sustapen Zentroa bera, babes industrialeko enpresak, berrikuntzakoak... honen parte izango dira. Bilatzen dugu indarrak batzea. Garapen teknologikoa gauzatu behar dugu.