
CEINek programa berria antolatu du online denden merkaturatzea eta hazkundea sustatzeko helburuarekin. Digitech Ecommerce izeneko ekimenak enpresa eta proiektuei erakutsi nahi die gakoak identifikatzen online salmenten errentagarritasuna maximizatzeko.
Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak antolatutako programan zenbait alor landuko dira: marketin digitala (SEO, Metako Ads, Tik Tok eta Google), erabiltzailearen esperientziaren optimizazioa (ingelesez UX, user experience), bihurketa-tasaren optimizazioa (ingelesez, CRO, conversion rate optimization), fidelizazioa, metriken analisia, baita edukia eta estrategia espezifikoak sortzera bideratutako AAren erabilera ere.
Ekimena hamabi saio presentzialetan banatuko da, non ekintzailetzarako kontzeptuak landuko diren era praktikoan. Horrez gain, tutoretza pertsonalizatuak eskainiko dira sei orduz; proiektu bakoitza banaka landuko da adituen eskutik. Bestalde, 70 formakuntza-saio birtualetara baino gehiagora sarbidea edukiko dute parte-hartzaileek.
Programara aurkezteko epea martxoaren 6an ireki bazen ere, 23ra arte dago zabalik, alegia, igandera arte. Aurkeztutakoen artean soilik hamar egitasmo aukeratuko dira (martxoaren 24 eta 27 bitartean). Programari hasiera emango zaio apirilaren 3an, eta ekainaren 30era arte luzatuko da.
Ceinetik adierazi dute ekimena interesgarria dela honako adierazpenak betetzen dituzten proiektuentzako, besteak beste: online denda arrakastatsua sortu nahi eta dagoeneko produktua dutenak; ideia berritzaileak eta balio diferentziala eskaintzen dutenak; hazteko ahalmena duten proiektuak; eta, Nafarroan kokatzen direnak.