1982an Nafarroako Unibertsitateak sortutako irabazi asmorik gabeko ikerkuntza zentroa da Ceit. Industria arloan ikerkuntza aplikatua garatzen du, eta Reyes Elizalde zuzendari zientifikoaren esanetan, euren misioa euskal enpresen lehiakortasun handitzea da. “Gure egunerokotasuna ikerketa proiektuak dira. Batzuk finantzazio publikoaren bidez garatzen ditugu, ezagutza sortzeko, eta beste batzuk, finantzazio pribatuarekin, ezagutza hori transferitzeko”.
Eusko Jaurlaritzak, 1982an, egindako dekretu baten bidez hasi ziren ugaltzen Ceit bezalako zentroak gure lurraldean. "Hemengo enpresa txiki eta ertainek ez zuten I+G sail bat edukitzeko nahikoa egitura, eta hutsune hori betetzea izan zen teknologia zentroen helburua”, gogoratu du Elizaldek. Jaiotzaren motiboa ahaztu gabe, enpresentzat balio erantsia sortuz, zentroaren bezeroentzat irtenbide berritzaileak eskaintzen Donostiako zentroak. “Enpresen arazoei konponbidea ematen diegu, teknologia oinarri duten soluzioen bidez. Hainbat ikerketa lerro ditugu, hemengo enpresentzat baliagarriak izan daitezkeenak”. Teknologia hori garatuta, I+G proiektuak gauzatu ahal ditu Ceitek, baita teknologia hori "lizentziatu" edo enpresa berriak eratu ere.
Elizaldek argitu duenez, zentroko finantzazioaren %50 inguru enpresekin itxitako kontratuetatik dator, beste %20 Emaitek programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak zentro teknologikoei bideratutako egitasmoari esker, hain zuzen. Gainerako %30 finantzazio publikoa da, hots, Europa, eskualde edo estatu mailatik datozen funtsetatik eskuratutakoa. “Finantzazio publiko hau gure proiektuen bidezko inbertsioa da, eta teknologia eta soluzioa berriak garatzea ahalbidetzen digu”.
Lau ikerketa lerro nagusi
Urtean 200-250 bat proiektu gauzatzen ditu Ceitek, eta euskal industriaren oso lerratuta dauden lau ikerketa lerro nagusi ditu: materialak eta fabrikazioa, garraioa eta energia, ura eta hondakinak eta informazio eta komunikaziorako teknologiak. Material eta fabrikazioari dagokionez, metalaren sektorean egiten dute lan batik bat, prozesu termomekaniko nahiz metalurgikoetan edota fabrikazio aditiboan, besteak beste. Mugikortasunaren esparruan, aldiz, ibilgailu elektrikorako sail berezi bat dute, mugikortasun jasangarria sustatu nahi dutelarik. Halaber, tren sektorea ere aritzen dira.
Ur hondakinetan, hiriko nahiz industria arloko urekin lan egiten dute, baita hondakin organikoen eta ez-organikoen errekuperazioan ere. “Balioa ematen diegu hondakinei, baliagarria izan baitaiteke elikagaien sektoreko enpresentzat. Gainera, beste hainbat material kritikoren errekuperazioa ere egiten dugu, kobaltoarena eta lur arraroena, esaterako”. Azken ikerketa esparrua "transbertsalagoa" da, beste hiru ikerketa lerroei orientazioa eskaintzera bideratuta baitago. Ura, garraioa edo fabrikazioren digitalizazioa, robotika edo logistika jorratzen dute.
Elizaldek gogoratu du Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren %24 industria dela, Alemanian %23 da eta Frantzian %13. Gainera, euskal industriaren %32 metalurgian eta produktu metalikoek osatzen dute. "Gure zentroko lerro horiek egun hemen dugun industriara oso bideratuta daude”.
Reyes Elizalde: "Gure zentroko ikerketa lerro guztiak egun hemen dugun industriara bideratuta daude"
270 bat langile badira zentroan, horietatik ehun doktoreak dira. Donostian, Miramongo parke teknologikoan eta Ibaeta auzoan, Tecnun unibertsitatearen ondoan ditu bi egoitza nagusiak. Atomizazio planta pilotua bat ere badute Miramonen. “Segur aski Europan mailan ez da halako beste planta bat izango, 200 kilo atomizatzeko gaitasuna baitu, eta prototipoak egiteko aukera ematen digu”, kontatu du zentroko zuzendari zientifikoak.
Baina, teknologia garatu eta eskaintzeaz gain, enpresa teknologiko berriak sortzeaz ere arduratzen da zentroa. “Ez da gure jarduera nagusia, baina enpresak sortzeko tradizioa luzea dugu”, argitu du Elizaldek. 1996an eratu zuten lehen enpresa, ATM izenekoa, eta harrezkeroztik 19 enpresa sortu dituzte denera. “Guk garatutako teknologia saldu ezin dugunean, edo hemengo enpresek teknologia hori aplikatu ezin dutenean, guk geuk eratzen ditugu enpresa berriak”.
Enpresengana hurbiltzeko euskara
2022-2025 aldirako euskararen plan estrategikoa egin du Ceitek, eta hizkuntza politika garatuta du ere. Indeus Industriaren Euskal Plataformara atxikirik, garrantzia handia ematen dio zentroak gure hizkuntzari. “Hizkuntza politika zentroaren helburuen barruan kokatzen dugu. Enpresei teknologia sortu eta transferitzearen barruan txertatuta dago hizkuntza politika", aipatu du Amaia Iza-Mendiak termomekanika prozesamenduaren material eta fabrikazio saileko zuzendariak.
Indeusen lantaldeetan parte hartuz, enpresen zailtasunak, oztopoak eta praktika onak ezagutzeko parada izan du Ceitek, eta hori “oso baliagarria” dela dio, “pizgarri bat da guretzat”. Horrekin batera, enpresa, erakunde laguntzaile eta administrazio publikorekin harremanak hizkuntza desberdinetan egin ditzaketela nabarmendu du: “Komunikazioa euskaraz egiteak erraztasuna ematen du bezeroarekin ulertzeko, konfiantzazko erlazio bat sortu daitekeela iruditzen zaigu. Sendotasun bat ematen du, balio erantsia”.
Amaia Iza-Mendia: “Komunikazioa euskaraz egiteak erraztasuna ematen du bezeroarekin ulertzeko, konfiantzazko erlazio bat sortu daitekeela iruditzen zaigu"
200 pertsona baino gehiagoko lantalde batean baina, zaila da denek euskaraz jakitea, are gehiago erabiltzea. Dena den, Izak dio "hasieratik euskaraz asko produzitu" dela Ceiten, eta langile askok euskaraz egin dutela lan. Iza bera buru den sailean, esaterako, gehiengoak egiten du euskaraz. “Gure hizkuntzan sortutako lana egiten dugu, hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Dibulgazioa ere euskaraz egiten dugu”.
Bestalde, nabarmendu du doktoretza tesiak ere euskaraz egiten dituztela, eta Ceit eta Tecnuneko euskara batzordeak bultzatuta, C2 mailari dagokion tituluaren salbuespena ematen dutela, doktoretza tesiak euskaraz aurkeztuz gero.
Hainbat ekimen eskuartean
Euskararen erabilera sustatzeko, “etxe barnean” diagnostikoak egin ditu ikerketa zentroak. “Konturatu gara euskararen erabilera igo egin dela langileen artean, bai ahozkoa bai idatzizkoa. Baina, industriarekin lotutako terminologia zientifikoaren ezagutza eta erabilera ez”. Bere esanetan, horrek bultzatu du zentroaren euskara batzordetik zenbait ekimen martxan jartzea, hala nola euskara teknikoari buruzko ikastaroak, euskaraz idazteko kontsulta tresnak, testu teknikoak idaztean sortzen zaizkigun zalantzak eta akatsak argitzea, ingeniaritza eta testu zientifikoak idazteko lagungarriak izan daitezkeen kontsulta iturriak edota testuen hizkuntza kalitatea neurtzeko tresnak.
Amaia Iza-Mendia: “Konturatu gara euskararen erabilera igo egin dela langileen artean, bai ahozkoa bai idatzizkoa. Baina, industriarekin lotutako terminologia zientifikoaren ezagutza eta erabilera ez”
MZT Materialen Zientzia eta Teknologia kongresuan ere parte hartzen du zentroak. Euskara hutsean egiten den materialen inguruko topaketa da MZT, eta seigarren edizioa egin da aurten. Ceitek ikerketa lanak aurkeztu eta batzorde zientifikoan parte hartzen du. Gainera, MZTren eskutik hiztegi terminologiko bat ere garatu du. “Edizioz-edizio sortzen ari den terminologia berria UZEI Terminologia eta Lexikografia zentroaren eskutik lantzen ari gara. Beraz, komunitate zientifikoari ere euskararen aldetik ematen diogula uste dut”. Finean, bi helburu nagusi dituztela argitu du Izak: "euskaraz lanean aritzea eta ingurune zientifikoari aportazioa bat egitea".