Erditzeetan laguntzeko teknologia garatuko duen enpresa sortu du CIC nanogunek

Optec4Life enpresak, erditzeetan asfixia perinatala diagnostikatu ahal izateko, denbora errealeko monitorizazio ez-inbaditzailerako gailu mediku bat garatuko du

Zentroak adierazi duenez, teknologioa hau “eguneroko praktika klinikoaren premia bati eranzuteko sortu da” | Argazkia: CIC nanoGUNE Zentroak adierazi duenez, teknologioa hau “eguneroko praktika klinikoaren premia bati eranzuteko sortu da” | Argazkia: CIC nanoGUNE

CIC nagoGUNEk Optec4Life izeneko enpresa berri bat eratu du. Donostiako ikerketa zentroaren zazpigarren spin-offa da Optec4Life, eta denbora errealeko etengabeko monitorizazio ez-inbaditzailerako gailu mediku bat garatuko du ospitaletarako, erditzean asfixia perinatala diagnostikatu ahal izateko, eta horrekin beharrezkoak ez diren zesareak saihesteko eta emaitza perinatalak hobetzeko.

Zentroak adierazi duenez, teknologioa hau “eguneroko praktika klinikoaren premia bati eranzuteko sortu da”. IIS Biogipuzkoa ikerketa institutuak antzeman zuen beharra, eta nanoGUNErekin lankidetzan garatu du teknologia, erditzean haurren bizi-konstanteak monitorizatzeko soluzio bat aurkituz.

Gaur egun, kardiotokografia da erditzean fetuaren ongizatea ebaluatzeko metodorik hedatuena: horren bidez, fetuaren bihotz-maiztasuna eta umetokiaren uzkurdurak erregistratzen dira etengabe. Metodo horrek aukera ematen du fetuaren estresa identifikatzeko, baina zeharkakoa eta interpretagarria da, eta ez da nahikoa asfixia perinatala zuzenean detektatzeko.

Fetua estresa jasaten ari dela detektatzen denean, beste teknika batzuetara jo ohi da, hala nola umeari odol-lagin bat ateratzea, gero hura aztertzeko pH eta/edo laktato mailak neurtze aldera. Lagin hori haurtxoaren buruko ile-larrutik lortzen da, ama erditzen ari dela, eta, hura aztertu ondoren, berehala atera behar ote den erabakitzeko informazioa lortzen dute obstetra-taldeek. Bigarren urrats horrek arazo bat du, prozedura inbaditzailea baita. Ondorioz, analisiak une bati buruzko informazioa baino ez du ematen, eta, gainera, guztira eskatzen duen neurketa denbora gehiegizkoa da batzuetan.

nanoGUNEko Nanoingeniaritzako taldea,  Andreas Seifert Ikerbasqueko irakaslea buru zuela, gailu fotoniko bat garatzen hasi zen, aldaketa biokimikoak, pH- edo laktato-mailen aldaketak, esaterako, fetuaren azalarekiko kontaktu hutsarekin antzemateko. Gailuak emandako informazioak, adimen artifizialak lagunduta, hipoxia-iskemia gertakariak denbora errealean identifikatzen lagunduko luke, eta, ondorioz, erabakiak azkar hartzea erraztu.

Teknologia garatzen hasita, enpresa berri bat sortzea planteatu zuten, eta horren emaitza da Optec4Life. “BIC Gipuzkoak proiektua hautatu zuen merkatu eta bideragarritasun azterketa bat egiteko, eta, horri esker, ustiapen-estrategiak lehenetsi ziren”, adierazi du Ainara García Gallastegui nanoGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendariak.

Oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzen laguntzeko Basque Tek Ventures egitasmoak hautatu du proiektua, eta enpresa berria eratu ahal izan dute. “Teknologia hori ustiatzeko lizentzia esklusiboa du” Optec4Lifek, gaineratu du Garcíak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK