Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2030erako plana ezartzeko lanean ari dira hainbat eragile, ikerketa eta I+Ga bultzatu asmoz. 2021ean onartua, lehen hiru urteetan lortutako emaitzekin hamar urterako aurreikusitako lanketaren lehen ebaluazioa egitea adostu dute datozen hilabeteetan. Momentuz, pozik dago Cristina Uriarte Tolosa Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua lortutakoarekin. Erronka nagusia, oraindik ere, enpresa txiki eta ertainengana iristea da.
2023ko titulu bat zientzia, teknologia eta berrikuntzari loturikoa?
Euskadi Europako eskualde berritzaile gisa indartu dela 2023an. RIS Regional Innovation Scoreboard delakoa atera da aurten —eskualdeen berrikuntza neurtzen duena— eta hor ikusi dugu jarraitzen dugula berrikuntza handiko eskualde taldean. 21 portu aurreratu dugu —72. posturaino—. Eta gu kokatuta gaudenez estatu baten non maila moderatuagoa den, esaten dute bikaintasun poloa garela. Horrek nolabait laburbiltzen ditu gauza asko.
ZTBP Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburua da Euskadi kokatzea berrikuntza lidergoa duten eskualdeen artean. Emaitzak erakusten du nolabait bidean gaudela, ez bakarrik inbertsioa egiten delako; gure adierazle guztiek esaten dute ondo kokatuta gaudela Europan berrikuntzan.
Urteetan ezartzen joan zareten plana da, eta hainbat fase izan ditu. Orain, baina, ezjakintasun handiko testuingurua bizi dugu. Nolakoa izaten ari da lanketa testuinguru horretan?
Aukera bezala ikusten dugu. Bai Jaurlaritzarentzat, bai gainontzeko administrazio eta eragileentzat egoera honek suposatzen du apustu bat egin behar dugula, ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustu estrategikoa. Horregatik gure planean agertzen diren estrategiak eta lerroak, eta nola lantzen dugun- den dena aukera bezala ikusten dugu, baita aurrekontua bera ere. Eta ikusi da denbora honetan nola handitu den hori. Izan ere, ez da azken urteetako kontua; esan bezala, ibilbide luzea daramagu.
Egia da azkeneko plana 2021ean onartu genuela, lanketa 2020-2021ean eginda. Une horretan buruan genuen zein izango ote zen aurrekontuen agertokia hemendik hamar urtera, planak hamar urteko iraupena baitu.
"Regional Innovation Scoreboard delakoa atera da aurten eta hor ikusi dugu jarraitzen dugula berrikuntza handiko eskualde taldean. 21 portu aurreratu dugu —72. posturaino—"
Adierazleak jartzea ere konplexua izango zen.
Bai, zalantzak genituen adierazleak jartzerako garaian. Ondoren ohartu gara soberan betetzen dugula jarritakoa. Ez bakarrik aurrekontuaren aldetik edo inbertsio publiko zein pribatuaren aldetik; ikusten ari gara beste adierazle batzuk ere oso ondo doazela. Hain zuzen, ebaluazio epea ezarri genuen ikusteko zer gertatu den hiru urteko epean, eta orain ebaluazio hori egin beharko da. Momentuz, pandemia eta gerrak alde batera utzita, planaren beraren emaitzak oso onak dira. Jarraitu behar dugu lantzen, baina bidean gabiltza.
Adierazleak espero baino hobeto betetzen aritzeak eraman dizue adierazle horietan anbiziotsuago izatera?
Egingo dugun ebaluazioan ikusiko dugu zerbait behar dugun. Hori da aurtengo ebaluazioaren helburua. Azken batean, helburu hori dute ebaluazioek: ez soilik ikustea nola goazen, baizik eta, beharrezkoa bada, zuzenketaren bat egitea. Gainera, ikusten dugu adierazle batzuetan oraindik ere badugula bidea egiteko, marketan, adibidez, nahiz eta patenteetan hobetu egin dugun. Baina orokorrean ez gaude oso urruti.
Hala ere, aukera bada adierazle berriren bat sartzea. Adibide bat jartzeagatik: Europa mailan jasangarritasunerantzi bideratzen ari gara oro har. Lanketa egiten ari gara horren inguruko zerbait sartu behar dugun edo ez ikusteko, batez ere RISen beste adierazle batzuk ere agertzen direlako. Egin beharreko hausnarketak dira, ikusteko ea gure apustuak ausartagoak izan behar diren.
Dena den, esan behar da jasangarritasuna helburuarekin zerikusia duten bost erronkei eman behar diegula erantzuna. Horrekin ere lantzen ari gara zein den zientzia, teknologia eta berrikuntzaren ekarpena jasangarritasun helburu horiei. Horrek giza garapen jasangarriaren markoan kokatzen du plana.
Plana oso zabala da eta puntu asko ditu: lau zutabe estrategiko digu, pilotaje taldeak egiten ari diren lana, askotariko programak.. Hala ere, bizpahiru kontu nabarmendu ahalko bazenitu, zer nabarmenduko zenuke orain arte lortutakoaz?
Proiektuak esatea zaila da. Plana antolatuta dagoen moduan, lau helburu nagusiekin —Euskadiko I+G+baren emaitzetarako orientazioa maximizatzea, enpresetan I+G+bko jarduerak sustatzea, Euskadiko I+G+baren nazioartekotzea sustatzea eta talentu zientifiko teknologikoa sustatzea, bakoitzak bide bat dauka. Azkenean denek osatzen dituzte gure emaitzak, eta bakoitzean ekarpen oso garrantzitsuak ari dira lortzen. Zerbait esateagatik, nazioartekotze mailan, bi urte daramatzagu programa marko berrian, eta lortzen ari garen emaitzak oso onak dira. Ikusi beharko den zer gertatzen den datozen urteetan, baina parte hartzea eta arrakasta-tasa deritzona, lortzen den inbertsioa... emaitzak oso onak dira. Arlo horretan ere bidean gaude, eta uste dut oso pauso garrantzitsua eman dela.
Horrekin batera, bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko industriala eta berrikuntza irekia ere lantzen ari gara. Bikaintasun zientifikoaren esparruan ere zenbait pauso ematen ari dira proiektu berezi batzuekin, adibidez, Basque Quantum proiektuarekin.
"Gure enpresa ehunean batez ere enpresa txiki eta ertainak dira, eta ikusten dugu kostatzen zaiela parte hartzea. Eta ez da bakarrik kostatzea; batzuek berrikuntza egiten dute, baina ez dira ohartzen I+Ga egiten ari direla"
Azken urteetan talentuan, enpresa berrikuntza eta lankidetzan egindako I+Gan hazi egin da aurrekontua. Euskal enpresen eta ekonomiaren erronka nagusi direlako hazi al da hor aurrekontua?
Modu desberdinetan ikusi behar dira. Talentua beharrezkoa da, eta erronka demografikoarekin, falta zaigu. Saiatzen ari gara bideak ondo bideratzen gaztetatik. Horregatik egiten da inbertsioa. Bestalde, bikaintasun zientifikotik ere elikatzen dugu beste guztia. Azkenean balio kate guztia hartu behar dugu: nondik ateratzen den ezagutza identifikatu, sortu, teknologia aplikatu eta merkatura iritsi. Horrekin lortzen dugu bide berdinean joatea.
Askotan enpresa txiki eta ertainetan egunerokotasunak pisu handia izaten du, eta halako planetan zaila izaten da eurengana iristea. Hala da kasu honetan?
Esango nuke hori dela gure erronka nagusienetako bat, bai. Gure enpresa ehunean batez ere enpresa txiki eta ertainak dira, eta ikusten dugu kostatzen zaiela parte hartzea. Eta ez da bakarrik kostatzea; batzuek berrikuntza egiten dute, baina ez dira ohartzen I+Ga egiten ari direla. Horregatik geroz eta programa gehiago ditugu enpresa txiki eta ertainek parte hartu dezaten. Hazinnova programa, adibidez. Eta ikusten ari gara sartzen ari direla.
Lankidetza publiko-pribatua da planak duen parte gakoa?
Bai. Zenbaitetan pentsatzen da lankidetza publiko-pribatua diruaren aldetik dela bakarrik. Ez da hala. Enpresa txiki eta ertainek parte hartzeko, azken batean, horretan oinarritzen gara. Hor badaude entitate publiko eta pribatuak elkarrekin lantzen dutenak lanean aritzen direnak hori lortzeko. Horrekin batera, baditugu lanbide heziketako zentroak, garapen ekonomikoko agentziak, beste enpresa batzuk, zentro teknologikoak eta abar. Azkenean ikusten da denon artean egiten den lanarekin lortzen direla emaitzak. Dena oinarritzen da lankidetza publiko-pribatuan: gobernantzatik hasita, azkeneko proiekturaino. Ezaugarri bat da. Beti esan ohi dugu auzolana dela EAEko ezaugarri garrantzitsuenetakoa. Plan honetan ere uste dut garrantzitsua dela.
"Zenbaitetan pentsatzen da lankidetza publiko-pribatua diruaren aldetik dela bakarrik. Ez da hala. Enpresa txiki eta ertainek parte hartzeko, azken batean, horretan oinarritzen gara"
ZBTParen inplantazioari dagokionez, nola dator 2024a?
Itxaropenarekin. Hau ez da egun batetik bestera aldatzen den zerbait. Bide luzea da, eta legealdia amaituta ere, honek badu bere bidea. Gobernantzarako zenbait talde ditugu. Hor lantzen dira estrategiak, proiektuak eta lan-lerroak, eta horiek emaitzak ematen ari dira. Bikaintasun zientifikoan ere proiektu indartsuekin ari gara. Beraz, ikusten dugu badagoela bidea eta gogoak. Eta kolaborazio publiko pribatu horretan, auzolanean, denok ikusten dugu helburu berdin eta partekatua dugula. Denon mesederako, hobe da horrela egitea lan. Beraz, bere horretan, ez dago ezer berria aurreikusita, are gutxiago legealdiaren bukaeran izanda.