
Nafarroako Gobernuak 4 milioi euro inbertitu ditu Datuak Prozesatzeko Zentroaren gaitasuna bikoizteko. Azken hilabeteetan egindako handitze eta modernizazio lanak amaituta, gaur bertan inauguratu du zentroa María Chivite Nafarroako presidenteak, ondorengo kideekin batera: Alicia Echeverría Nafarroako Gobernuko ordezkaria; Juan Luis Garcia Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; eta Luis Campos Nasertic enpresako zuzendari gerentea. Nasertic enpresa publikoa da zentroa kudeatzeaz arduratzen dena.
Chivitek esan du zentroa handitu izanak ez duela soilik administrazio datuak biltzeko gaitasuna areagotzen, baizik eta, aldi berean, baliagarria dela lurraldeko enpresa eta erakundeei eskaintzeko haien zerbitzariak Nafarroan kokatutako leku “seguru eta eraginkorrean” ipintzea. Besteak beste, datuak gordetzeko estruktura berrian kokatuko dira zergei buruzko informazioak, polizia-espedienteak, Hezkuntza sailak dituen ikasleen datuak eta historia kliniko digitalak. Horrez gain, presidenteak azaldu du Adimen Artifizialaren proiektuak garatzeko lagungarria izango dela espazioa, baita Big Data eta medikuntza pertsonalizatua bultzatzeko ere.
Zehatz-mehatz, 200 kW izatetik 400 kW eko potentzia izatera pasa da instalazioa, eta teknologia ekipamenduak gordetzeko lekua 130 metro karratutik 290 metro karratu baino gehiago izatera pasa da.