Donostiako WeekINN berrikuntzaren astea hasiko da urriaren 25ean

Gazteei eta helduei zuzendutako ekimen ugari egingo dira, zientzia eta berrikuntza gizarteratzeko helburuarekin

WeekINN astearen aurkezpena | Argazkia: Donostia Sustapena WeekINN astearen aurkezpena | Argazkia: Donostia Sustapena

Donostiako WeekINN Berrikuntzaren XI. Astea urriaren 25etik 31ra egingo da, Donostia Sustapenarekin eta tokiko zientzia eta berrikuntza ekosistemaren zenbait agenterekin elkarlanean. Ekintzailetza izango da aste honen ardatza, eta espazio nagusia izango da Ekinn nodoa, berrikuntza eta ekintzailetza herritarrengana hurbiltzeko.

Hain zuzen, aurtengo edizioaren helburu nagusia da zientzia eta berrikuntza gizarteratzea. Alegia, herritarrei hiriko zientzia eta berrikuntza ekosistema hobeto ezagutzen laguntzea. Hori lortzeko, hainbat ekitaldi antolatuko dira. Horietako batzuk dira EKINN Fest familientzako jaialdi ludikoa eta Next Gen gazteen nazioarteko topaketa, non hiriak gazteentzako erakargarriagoak egiteko estrategiak eztabaidatuko diren.

Ekimenak, gainera, aukera emango du gazteek eta helduek hiriko lan aukerak ezagutzeko, baita tresnak jasotzeko ere enplegu bilaketa prozesua hobetzeko. Ekintzaileei zuzendutako jardunaldietan, start-up eta inbertitzaileekin topaketak egingo dira. Horrez gain, "Hitz Ekinn" afari-solasaldian berrikuntzari eta talentuari buruzko ideiak partekatuko dira. Beste hamaika ekimen antolatu dira berrikuntzaren astean, eta informazio gehiago aurki daiteke Donostia Sustapenaren webgunean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK