Donostian egingo den Lubmat-Ibertrib 2024 kongresuak nazioarteko 200 aditu bilduko ditu

Hiru egunez lubrifikatzaile industrial, mantentze-lan eta tribologia sektoreko profesionalek hitzordu garrantzitsua izango dute Kursaalean

Argazkia: GUK Argazkia: GUK

Bihar hasi eta ekainaren 20ra bitartean Donostiako Kursaal jauregian Lubmat-Ibertrib 2024 nazioarteko kongresua egingo da. Lubrifikatzaile industrialetan, mantentze-lanetan eta tribologian mundu osoko 200 aditu baino gehiago jasoko ditu. Mantentze prediktiborako bidean azken berrikuntza zientifiko eta teknologikoak aurkezteaz gain, makinen bizi-zikloa luzatzeko, kostuak murrizteko, prozesuen eraginkortasuna bultzatzeko eta enpresen lehiakortasuna handitzeko balioko du topaketak.

Tekniker, Basque Research and Technology Alliancek (BRTA), Atten2k, Bureau Veritas eta The Jost Institute for Tribotechnology (Erresuma Batua) zentroetako kideek antolatutako topaketa profesional honetan, Asiatik, Amerikatik edo Europatik etorritako enpresak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta hizlariak izango dira.

Ana Aranzabe Teknikerreko zuzendariorde nagusi eta teknologiako zuzendariak nabarmendu duenez, "kongresuaren lehen edizio presentziala da 2018tik (2020an online formatuan egin zen), eta harrera ona izan du sektorearen aldetik". Gainera, aurten ponentzien maila altua nabarmentzen du, haren esanetan jasangarritasunean foku garrantzitsua duten kasu eta aplikazio industrialak aurkeztuko baitituzte hainbat sektoretan.

Teknikerren presentzia

Topaketa honetan ere, Teknikerreko langileek ere euren aletxoa jarriko dute, laborategietan eta industria-proiektuetan egindako lan zientifikoaren aurkezpenaren bidez.

Aitor Arnaiz, Teknikerreko Informazio Sistema Adimendunen zuzendaria, kongresuko hizlari nagusietako bat izango da eta bere aurkezpenean Teknikerren posizionamendua eta sortzen ari diren teknologien inguruko joera korporatiboak aztertuko ditu, besteak beste, adimen artifizial sortzailea. Honi buruzko xehetasunak aletu ditu: "Helburua da mantentze lanetako egungo irtenbideak aprobetxatzea errendimenduari eta malgutasunari dagokienez, baina beste industria eremu batzuetara ere zabal daiteke, besteak beste, manufaktura ekoizpenera edo energia sorkuntzara".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK