Euskadiko adimen artifizialaren (AAren) egoeraren diagnostikoa aurkeztu berri du Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroak (BAIC), SPRIren egoitzan. Gai horri buruz egin den lehen diagnostikoa da, eta EAEko AAren egungo egoera eta izan dezakeen potentziala aztertu dute.
Txostenean azaldu denez, dagoeneko euskal enpresen %12,2k erabiltzen du AA. Portzentaje hori handiagoa da, batik bat, jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen sektorean (%25) eta informazioaren eta komunikazioaren sektorean (%24). Administrazio publikoan, %16,4an kokatzen da erabilera, beraz, oraindik ere "hazkunderako marjina dagoela" ondorioztatu dute diagnostikoan. Hala ere, teknologiaren inplementazioaren zeharkakotasuna ere jasotzen du.
AAren hornitzaile diren enpresen fakturazioa 105 milioi eurora iritsi da, baina bada esanguratsua den beste datu bat: AA erabiltzen hasi eta geroko bilakaerari erreparatuta, erabiltzaile diren enpresek %9ko hazkundea izan dute diru-sarrerei dagokienez. AAko zerbitzu eta teknologia hornitzaile diren konpainien artean, 89 enpresa eta 26 start-up identifikatu ditu diagnostikoak. Era berean, AAren erabiltzaile diren 105 start-up daude. Denera, baina, AAren esparruan aritzen diren 771 eragile identifikatu ditu txostenak, bestelako enpresak eta entitate publikoak ere aintzat hartzen badira.
Enpleguari dagokionez, 7.500 langilek (EAEko langile aktiboaren %0,7ak) AAren sektorean egiten du lan: %17k ikerketan eta %83k enpresa arloan.
Formakuntza bai, zentroak ere bai
Hezkuntzaren arloan, gaiari buruzko 35 programa baino gehiago daude EAEn (prestakuntza ez-arautua kontuan izanik, gehiago). Hots, 900 ikasle AAn espezializatutako tituludun berriak dira.
Jada errendimendu handiko sei konputazio zentro (HPC) daude EAEn, eta 2026rako bat gehiago izatea aurreikusten da. Zentro horiek ahalbidetzen dute datu masiboak oso modu azkarrean prozesatzea. Enpresen artean %57,3 dira odeieko zerbitzu informatikoen erabilera egiten dutenak. 8 data zentro publiko edo erdipubliko eta 13 pribatu ere baditu Euskal Autonomia Erkidegoak, baita 8 laborategi ere AAri loturikoak. "Aurrerapen horiek funtsezkoak badira ere, ezinbestekoa da subiranotasun teknologikoan lan egiten jarraitzea, esparru horretan ditugun gaitasunak sendotzeko eta zabaltzeko"
Laura Marrón BAICeko zuzendariak adierazi du AAren erabilerak EAEko industria “sendotzen" duela eta "egokitzeko gaitasuna areagotzen" duela. “Ekosistema hau guztion parte-hartzeari esker sostengatzen da”, azpimarratu du, eta deia zabaldu die ikuspegi hori partekatzen duten pertsona eta entitate guztiei ”eragile aktibo bihurtzeko”.
Aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu eta BAICeko presidenteak, eta Nerea Aranguren Mondragoneko Makina Erreminta eta Automatizazio Industrialeko zuzendari nagusi eta BAICeko presidenteordeak. Diagnostikoa "aurrerapausoa da Eusko Jaurlaritzak EAEko Adimen Artifizialaren Ekintza-Plana martxan jar dezan", azpimarratu du sailburuak. 2025eko lehen erdialdetik aurrera hasiko dira plana lantzen.