Gaur egungo enpresek, biharko arrakasta bermatzen duten proiektuekiko interesa izan ohi dute. Hazkunde jarraitua bilatzen dute, eta epe luzerako helburuak ezartzen dituzte. Horretarako, baina, erantzunkidetasuna beharrezkoa izan ohi da, lanaren banaketa orekatua izanda errentagarritasuna ere handitu dadin. Hain justu ere, horretan laguntzen du Erakide tresnak. Enpresetan erantzunkidetasun soziala neurtu eta lantzeko tresna eta lan-prozesu berritzailea da, enpresa proiektu irekiagoak eta partehartzaileagoak garatzea helburu duena, betiere erantzunkidetasun sozialaren kontzeptua eta praktika sustatuz. Enpresa bat baino gehiago da tresna horretaz baliatu dena, bere enpresaren jarduera hobetze aldera.
Baina nola funtzionatzen du Erakidek? Lehendabizi enpresek erantzunkidetasun sozialean duten maila neurtzen du, ondoren, kudeaketa modu berriak sortuta, maila hori hobetzeko. “Autodiagnostiko tresna bat da. Enpresa baten jardueran ezinbestekoak diren esparru guztiak ukitzen ditu, eta hainbat galdera sortaren bitartez, enpresak erantzunkidetasun sozialean duen jardun osoaren irakurketa egiten du”, azaldu du Nerea Elias Erakideko lantaldeko eta Farapi kooperatibako kideak. “Erakide hiru lan esparrutan aritzeko antolatuta dago: batetik, finantza, hornitzaile, bezero, produktu eta zerbitzuen arloan; bigarren, pertsonen esparruan; eta, azkenik, gizarte arloan. Horiek aztertu, puntuatu, eta hobekuntza proposamenak egiten ditu”, gaineratu du.
Nerea Elias: “Autodiagnostiko tresna bat da. Enpresa baten jardueran ezinbestekoak diren esparru guztiak ukitzen ditu, eta hainbat galdera sortaren bitartez, enpresak erantzunkidetasun sozialean duen jardun osoaren irakurketa egiten du”
2015ean eman zituen Erakidek lehen urratsak. Bere sorreran izan ziren, hain zuzen ere, Farapi kooperatibako kideak, Beterri Buruntzako Udala, UGGASA eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Proiektuaren lehen fase horretan, 2015 eta 2016 urteen artean, enpresetan hausnarketa prozesu bat burutu ahal izateko tresna bat garatu zuten. Hala, enpresa eredu jasangarriago baten inguruko gogoeta sustatzeko aukera izan zuten. Helburua, enpresaren funtzionamendua beste ikuspuntu batetik begiratzea izan zen (barrura zein kanpora), modu zabalago eta integralago batean, lurraldeari loturiko erronka jasangarriei erantzunez
Bigarren fasean, 2016 eta 2017 artean, proiektuan sakondu zuten, bederatzi enpresetan aipatutako tresnaren kontrastea eginez. Proposamen eta metodologia horri esker, Erakidek enpresen eraldaketa barrutik zein kanpotik bultzatzea lortu du, bai prozesuan zehar eta baita ondoren ere. Izan ere, Farapik adierazitakoaren arabera, prozesuaren helburua ez da bakarrik erakunde partehartzaileak eraldatzea, pertsonengan ere eragitea baizik.
Gauzak horrela, eta urteen poderioz, beste hainbat elkarte ere batu zaizkie eta elkarlarlanean dihardute Elhuyar, Aztiker, Emun eta Isladak aholkularitzek ere. Tresnaz baliatu diren enpresak ere 35 bat dira egun: “Sektore ezberdinetako enpresa gipuzkoarrak dira, baina, batez ere zerbitzuen sektorekoak. Tamainari lotuta, bereziki, txiki eta ertainetan ibili gara orain arte, halako enpresek ere badituztelako gizarte arloari erantzuteko derrigor egin beharreko hainbat prozesu ere. Interesgarria da, legezko eskakizun horiek alde batera utzita, Erakidek ere osagarri egiten dituelako lanketa hauek”, azaldu du Eliasek.
“Enpresa asko dabiltza lantegiko plan ezberdinak burutzen, baina, Erakideren laguntzaz, erantzukizunkidetasun sozialera pausoak emateko esparru bakoitzean zer egin daitekeen ikus daiteke. Hori da enpresek bereziki eskertzen dutena”
Baina, zergatik da garrantzitsua Erakide bezalako tresna baten erabilera enpresa batean? Eliasen hitzetan, enpresek inguruan dituztenekiko ardurak dituzte, izan bizi baldintzekiko ardurak, ingurumenari loturikoak edo lurraldearekikoak, eta ardura horiei erantzun egin behar diete. Erakidek ardura horien argazki osatua egiteko aukera eskaintzen duela azaldu du: “Enpresa asko dabiltza lantegiko plan ezberdinak burutzen, baina, Erakideren laguntzaz, erantzukizunkidetasun sozialera pausoak emateko esparru bakoitzean zer egin daitekeen ikus daiteke. Hori da enpresek bereziki eskertzen dutena”.
Nola baliatu Erakide tresnaz?
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako tresna izanik, dirulaguntza lerro bat ere badu, eta Erakide tresna erabili nahi duten enpresek dirulaguntza hori eskatzeko aukera dute apirilaren 20ra bitarte. Horri esker, aukera izango dute tresnaren aplikazioa enpresan egiteko. “Bost aholkularitzatako pertsonak joaten dira enpresa barrura bidelagun prozesuan laguntzeko. Garrantzitsua da jakitea enpresaren barruan talde propio bat osatzen dela, profil eta zeregin ezberdinetan lan egiten duena, eta Erakideren aplikazio hori talde horretan kolektiboki egiten da. Norbere esperientziak, ikuspuntuak, eta halakoak ere jartzen dira mahai gainean lanketa egiterakoan”, dio Eliasek.
Azpimarratu duenez, behin aplikazioa jarrita, parte hartu duten guztiek jarraitu dute Erakidek adierazi dizkien erronka horien inguruan ere lanketak egiten.
Kasu praktikoa
Erakide tresnaz baliatu diren 35 enpresa horietako bat da BST Rods Legazpiko enpresa, kasu honetan, industriara bideratuta dagoena. Aitor Andres Osa 2016tik 2022ra bertako zuzendari izandakoak adierazi duenez, Erakide tresnaren lehen fasean parte hartu zuen enpresak: “Tresnaren zuzentze eta aurrera ateratze fase horretan partaide izan ginen. Begiratu egin genuen ea zein arlotan behar ote zen halako tresna bat”. Horren ostean etorri zen tresna horrekin autoebaluazio prozesua burutzea: “Behin tresna sortu eta lehenengo fasea amaituta, autoebaluazioa egin genuen, eta hor ikusi genuen zein arlotan genbiltzan ongi eta beste zein arlotan egin behar genituen hobekuntzak, Erakidek arlo bakoitzaren puntuazioa ematen baitu. Horren arabera, hobetu beharreko arloak aukeratu genituen eta hobekuntza hori lortzeko lanean hasi ginen”.
Aitor Andres Osa: “Erakideren lehenengo autoebaluazioa ezinbestekoa da. Gero, agian ez urtero, baina bi urtean behin berriro egitea gomendatuko nuke, enpresaren onerako”
Enpresaren funtzionamendu egoki baterako autoebaluazio horren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Erakideren lehenengo autoebaluazioa ezinbestekoa da. Gero, agian ez urtero, baina bi urtean behin berriro egitea gomendatuko nuke, enpresaren onerako”.