
Euskadiko Parke Teknologikoak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hala, parke teknologikoak Illunbeko lursail zati bat erosiko du parkearen azalera handitzeko asmoz.
Gaur goizeko ekitaldian izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Jaione Ganzarain Euskadiko Parke Teknologikoko presidentea, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia. "Garrantzi handiko" akordioa dela adierazi dute denek, eta campusaren hedatzeak proiektu estrategiko berriak erakarriko dituela uste dute.
Euskadiko Parke Teknologikoak erositako partzela Miramongo egungo instalazioen ondoan dago, eta, beraz, parkearen azalera modu naturalean zabaltzea ahalbidetuko du. 11.400 metro karratuko azalera du Illunbeko lursailak, eta negozio berriak ezartzeaz gain, gaur egungo kanpusak duen okupazio maila altua arinduko du.
“Pertsonentzat pentsatutako hirigintza-jarduketa integralaz ari gara, eta etorkizuneko industriaren aldeko apustua ere bada. Gaur urrats garrantzitsua emango dugu Donostia biozientzien eta biomedikuntzaren arloko nazioarteko erreferente gisa finkatzeko”, adierazi du Jauregik.
Donostiako alkateak, bestalde, uste du eragiketa honi esker “enplegu egonkorra eta kalitatezkoa” sortzeko aukera egongo dela. “Oso hondatuta dagoen eremu bat berriro urbanizatu eta birsortzen da, eta, gainera, bultzatu nahi dugun erabilera anitzeko pabiloiaren proiektuari lotzen zaio", argitu du.