• BERRIKUNTZA
  • Fersa multinazionalaren ekoizpen prozesuak digitalizatuko ditu Idekok

Fersa multinazionalaren ekoizpen prozesuak digitalizatuko ditu Idekok

Elkarlanean arituko dira euskal zentro teknologikoa eta multinazional espainiarra

Akordioa sinatzeko unea | Argazkia: Guk
Akordioa sinatzeko unea | Argazkia: Guk
2025eko apirilaren 8a
Eg. 2025eko apirilaren 8a

Ideko zentro teknologikoak akordioa itxi du Fersa multinazional espainiarrarekin. “Akatsik gabeko fabrikazioa” izango du helburu elkarlanak, eta horretarako, digitalizazio teknologia berriak garatu eta ezarriko dituzte.

 

Finean, Idekok Fersaren ekoizpen prozesuak digitalizatuko ditu. Edge computing gailuak, neurketa-sentsoreak, ikuskapen ez suntsitzaileko (NDT) ekipamenduak, datuen analisiaren soluzio berritzaileak eta produktuaren kalitatearen eta makinen errendimenduaren aurreikusteko ereduak integratuko ditu.

"Fersako fabrikazio-prozesuetatik, bereziki artezketatik, informazio esanguratsua ateratzea da helburua, kalitate eta produktibitatearen ikuspegitik produkzio optimoa lortzeko bidean aurrera egiteko", adierazi du Harkaitz Urreta Idekoko merkatu zuzendariak.

 

Ekoizpen prozesuak digitalizatzeaz gain, “lankidetzak prozesuaren gaineko ezagutza teknikoa areagotzea ere bilatuko du” Idekok. Horretarako, material, erreminta, ebaketa-jariakin edo makina-elementu berrietan ikerketa egingo da, Fersaren beharretara egokitutako soluzioak garatzeko.

Halaber, makina, prozesu eta produktuei buruz fabrikazio lerroetan lortutako informazioaz baliatuz, Adimen Artifiziala (AA) eta analitika aurreratua erabiliko dira produkzio prozesuen kontrola hobetzeko.

"Idekorekin dugun aliantza pauso erabakigarria da Fersarentzat, fabrikazio adimendun, jasangarri eta akatsik gabekoaren alde egiten dugun apustuan. Bere gaitasun teknologikoa eta gure ezagutza industriala uztartuta, gure ekoizpenaren kalitatea, eraginkortasuna eta trazabilitatea optimizatuko ditugu, etorkizuneko industriaren erronkei aurre egiteko," adierazi du Fernando Cebrián Fersako eragiketa zuzendariak.