Gidaririk gabeko taxien iraultza

Adimen artifizialaren garapenarekin batera, geroz eta ibilgailu autonomo gehiago merkaturatzen ari dira. Estatu Batuak eta Txinako hiri askotan egin dituzte probak urteotan, eta Tesla ere bere modeloa merkaturatzear da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Wuhanen (Txina) ikusi dugu azken adibidea. QR kode baten bidez autoko atea ireki eta inor agurtzeko ez pilotuaren eserlekuan. Gidaririk gabe badoa ibilgailua aurrera eta bihurguneak ederki hartzen ditu. Aurreko autoa motelago badoa, ezkerretara egin eta abiadura handituta pasatzen du. Ondoren, semaforoa gorrian dagoela jabetuta, gelditu egiten da. Bolantea mugitu egiten da, baina ez du eskurik gainean.

Sektore eta merkatu askotara hedatzen ari da adimen artifiziala, eta autogintzan izan dezakeen inpaktuaren beste adibide bat besterik ez da taxi autonomoena. Ibilgailu autonomoaren azken modeloa pasa den otsailean jarri zuten martxan Txinan, eta dagoeneko ehun baino gehiago ari dira zirkulatzen Wuhango hiritik.

Taxi hauek erabiltzeko nahikoa da mugikorreko aplikazio bat jaistea, eta QR kodeak irakurtzen dituen gailua izatea. Taxia eskatzeko erabiltzailea dagoen helbidea adierazi behar da aplikazioan. Behin taxia ailegatzean, autoaren atzeko lehioan dagoen kodea irakurri, eta autoko atzeko atea automatikoki irekitzen da. Gerrikoa jarri eta erabiltzaileak parean duen pantailan autoa martxan jartzeko agindu botoiari ematen dio. Ibilgailuak egin beharreko bidea aukeratzeaz gain, musika jartzea, klimatizazioa kontrolatzea eta ibilbidearen mapa ikustea ahalbidetzen du.

Taxia eskatzeko erabiltzailea dagoen helbidea adierazi behar da aplikazioan. Behin taxia ailegatzean, autoaren atzeko lehioan dagoen kodea irakurri, eta autoko atzeko atea automatikoki irekitzen da

Txinan hainbat enpresa handi ari dira ibilgailu autonomoa fabrikatzen eta autoarekin probak egiten. Besteak beste, Toyotak babestutako Pony.Ai, SAIC, Weride (Renaul-Nissan-Mitsubishi taldekoa), eta Auto X. Pekin, Shanghai, Guangzhou edota Shenzen hirietan egin dituzte probak, besteak beste.

Estatu Batuetan lehenago

Lehenengo taxi autonomoa 2016ko abuztuan atera zuen nuTonomy izeneko enpresa estatubatuarrak Singapurren. Massachussetseko instituto teknologikoan sortutako start-up bat da nuTonomy, eta lehenago Japonian ere zenbait proba egin zituen. Urte berean Uberrek ere lehen taxi autonomoak gizarteratu zituen Estatu Batuetako Pittsburgh eta San Francisco hirietan. Lehengo ibilgailu hauek autonomoak baziren ere, arduradun bat izaten zen beti autoan badaezpada.

Aitzitik, 2018an Uberren ibilgailu autonomo hauetako batek emakume bat harrapatu eta hil egin zen. Arrabotsa sortu zuen gertatutakoak eta konpainia estatubatuarrak Pittsburgh, Toronto eta San Francisco hirietako probak bertan behera utzi zituen.

Lehenengo taxi autonomoa 2016ko abuztuan atera zuen nuTonomy izeneko enpresa estatubatuarrak Singapurren

Taxi autonomoen inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen badu ere, teknologiak aurrera egin ahala erabilera areagotzen ari da azken urteotan. Googlen Waymo plataformaren taxiak, esaterako, erabili daitezke egun Phoenix, San Francisco edo Los Angelesen. Hiri hauetan 100 eta 300 taxi inguru daude martxan, eguneko orduaren arabera betiere.

Waymoz gain, General Motorsen Cruise izeneko beste plataforma baten taxiak ere badira Estatu Batuetan. Azken hauek, ordea, arazo gehiago eman dituzte. Autoak erabaki txarrak hartzen omen ditu, ataskoak eraginez, eta istripu txiki ugari eman dira. Hala, Kalifornian, esaterako, Cruise plataformari lizentzia kendu zioten iaz, kexa ugari jaso ostean. Iaz bi enpresetako taxien artean 102 istripu zenbatu ziren, gidaririk gabe egindako 10 milioi kilometrotan, hau da, 100.000 kilometroro istripu bat dute taxi hauek.

Aldekoak eta kontrakoak

Arazo teknikoak eta istripuak dela eta, oso merkatu zorrotza da ibilgailu autonomoena. Aldeko jende asko du, ondo funtzionatzen dutela eta oso erabilgarriak direla argudiatzen dutenak. Kontrara, zalantzak ere sortzen ditu gidaririk gabe auto bat martxan izateak, segurtasun aldetik batez ere. 

Aditu askoren arabera, auto hauek izandako istripu gehienak abiadura oso txikian eman dira, eta gehienetan errua beste autoarena izan da. Badirudi taxi autonomoa geratzeko etorri dela, nahiz eta oraindik Europara ez ailegatu. Dena den, orain gutxi arte taxi hauek ere zenbait muga zituzten. Hirietako eremu zehatz batzuetan soilik mugitzen ziren, euren esparru geografikoa mugatuta zegoelarik, eta gauetan ezin ziren erabili. Eguraldi txarra egiten duenean ere, ikusteke dago ibilgailu hauen funtzionamendua. Adimen artifizialak aurrera egin ahala, erabilera handituko dela argi dago.

Tesla eta Amazon

Elon Musken plan askoren artean ere badago taxi autonomoarena. Ibilgailu autonomoen merkatua irauli nahi du Teslak, eta abuztu hasieran bere modeloa aurkezteko asmoa du. Era berean, Jeff Bezosen Amazon ere Zoox izeneko ibilgailu autonomoa fabrikatzen hasi da, eta zenbait hirietan probak egin dituzte. Urteak daramatza Amazonek merkatu honetan, baina modelo osatuagoa bat merkaturatzeko intentzioa du. Ez da merkatu erraza, polemika ugari sortu baititu, eta arazo tekniko eta istripuen artean erabiltzaileen konfiantza lortzea zaila da. Gainera, taxi autonomo geroz eta gehiago badaude, zer pasako da gure betiko taxistekin?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK