Gipuzkoako Foru Aldundiak teknologia kuantikoen garapenean aitzindari izan nahi du

Quantum Hub estrategia jarri dute martxan, eta kuantikako enpresa-proiektu berriak bizkortzeko programa espezifiko bat abiatuko dute

Eider Mendoza gaurko agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Eider Mendoza gaurko agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Quantum Hub estrategiari ekin dio, teknologia kuantikoen garapenean Europako erreferentzia bihurtzeko. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu duenez, BIC Gipuzkoarekin lankidetzan, QuBic Accelerator izeneko kuantikako enpresa-proiektu berriak bizkortzeko programa espezifiko bat jarriko da abian, tokian tokikoak eta nazioartekoak. Kontu hauen berri eman du ekonomia, ikerketa eta ezagutzaren esparruko ehun pertsona baino gehiago bildu dituen kongresuan. 

Mendozak adierazi duenez, Gipuzkoa Quantum Hub-ren helburua da "2027rako Gipuzkoa Europan teknologia kuantikoak garatzean erreferentzia izatea, teknologia horiei lotutako balio-katearen eta ekintzailetzaren garapena azpimarratuz eta BasQ Eusko Jaurlaritzaren estrategia osatuz".

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, "I+G zentro bikainak ditugu, ekoizpen zientifiko eta patenteen ekoizpen garrantzitsuarekin; puntako azpiegitura teknologikoak mundu mailan; oinarri industrial zabala; apustu publiko irmoa, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru aldundien arteko inbertsio bateratuarekin BasQ estrategiaren barruan; eta prestakuntza espezifikoa duten unibertsitateak".

Bestalde, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Ane Insaustik azpimarratu duenez, estrategia horren ahaleginak "teknologia kuantikoen garapenarekin eta aplikazioarekin lotutako proiektu bat duten ekintzaileak, start-upak, ikertzaileak eta enpresa teknologikoak erakartzean oinarrituko dira". Halaber, euren ekimenak hedatzeko eta sendotzeko laguntza eskainiko zaie, baita laguntza pertsonalizatua ere negozioaren eta merkatura sartzeko funtsezko arloetan. Guztia ekintzailetzan, teknologian eta inbertsioetan adituak diren pertsonen laguntzarekin egingo da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK