Gizakia adimen artifizialaz goiti dago

Adimen artifiziala alde batera utzi gabe, gizakion adimenaren osagarri eta laguntzaile izan behar duela defendatzen du Idriss Aberkane egileak

Argazkia: iStock/metamorworks Argazkia: iStock/metamorworks

“Gizakia adimen artifizialaren gainetik dago”. Hori da Idriss Aberkane egile polemikoaren saio-lan guztiak laburbiltzen dituen esaldi nagusia. Hiru doktoretzaren jabe dugu Aberkane, horietako bat neurozientzia aplikatuan. Bioinspiraziorako Bioniria Fundazio Suitzarreko presidente ere bada, besteren artean, baita nazioartean hitzaldi dezente emana ere. Bere argitalpen zientifikoen eta bere adierazpenen sinesgarritasuna auzitan jarri izan du zenbaitek, Frantziako Wikipédiaren arabera, baina, halatan ere, Question de philo aldizkarirako aipatzen dituenek bide eman dezakete gizakiaren eta adimen artifizialaren arteko etorkizuneko bizikidetzaz aztarren batzuk ateratzeko. Le triomphe de votre intelligence azken saiakera filosofiko-geopolitikoan, 4.0 gizarte-ekintzaile edo entrepreneur sozial honek dio “makina bat zara!” esaerak ez duela gizakiarentzat zipitzik ere laudoriotik, giza garuna ahaltsuagoa eta moldaberagoa baita makina edo konputagailua baino.

Gizakia makinara murrizteko arriskua sumatzen du Aberkanek, urrutiago gabe, Elon Musken Neuralink egitasmoan. Gizakia makina huts bihurtuko luketen inplanteez ari da, aho-bizarrik gabe; inguratzen duen teknologia-testuinguruak atzera-bueltarik gabeko atakan jar omen dezake gizakia, izatezko nortasuna galtzerainokoan.

Eskolak, egun ere, adimenik apalenean oinarritzen den ikaskuntza-moldea gainbegiratzen du, eta bazterrean uzten ditu gizakiak dituen gaitasun handi asko eta asko

Aberkanek ez du ukatzen adimen artifizialaren bertsio sortzailea iritsiko denik, kalitaterik onenekoa, esaterako patenteak erregistratzeko gauza izango dena. Berau izango da, gainera, garestiena. Egungo hezkuntza-sistemak ezin du sortu etorkizuneko patente-erregistratzailerik, nahiz etorkizuneko gizartearen egiazko premietako bat hori izan. Biharko pertsonarik premiazkoenak izango dira, Aberkaneren esanera, itsasoa gezatzeko kapaz direnak, basamortua berdatzeko gaitasuna dutenak edo energia kasik doan baliatzea ahalbidetuko digutenak. Halakoetarako beharko omen dira adimenetan puntakoenak, hots, asmatze- eta egokitze-adimenak. Eskolak, baina, ez ditu ez bata, ez bestea gainbegiratzen. Eskolak, egun ere, adimenik apalenean oinarritzen den ikaskuntza-moldea gainbegiratzen du, eta bazterrean uzten ditu gizakiak dituen gaitasun handi asko eta asko.

Teknologia eta jakinduria, eskutik

Saialdia, errakuntza, zuzenketa eta errepikapena, segida horretan datza zientziaren jardunbidearen funtsa. Zer egiten du eskolak, baina? Kalifikatu, ebaluatu, eta, askoz ere neurri txikiagoan, zuzendu. Esplorazio sortzailea eta esplotazio normatiboa, bi horien arteko orekaren emaitza da Aberkanen iduriz adimena, eta errealitate hori enpresaren mundura lasai asko ekarri daitekeela gehitzen du. Esplorazioa ikasketa ez-gainbegiratua da, eta, esplotazioa, guztiz kontrara, ikasketa gainbegiratua. Eskola, gaur-gaurkoz, sormenaren eta esplorazioaren aurka jarria da, parez pare.

Hezkuntza-abagune horretan heziek, egungo eskolatuek, adimen artifizialarekin elkarbizitzen ikasi beharko dute, gailu guztietara, hots, telefono, etxetresna elektriko, auto eta beste gailu askotara sarbidea izango duen horrekin. Eta sarbide hori aitzakia, itaun hau azaleratuko da gizartean, luze gaberik, Aberkaneren ustean: “Zergatik ez garunerako sarbidea eman zuzen-zuzenean adimen artifizialari?” Oraindik horretara iristeko teknologiarik ere ez daukagularik, Elon Musk bezalakoak hasiak ei dira, jada, zergatik ez-ka. Musken Neuralink proiektua zitaltzat dauka Aberkanek, gehiegikeria askoren iturri posibletzat. Litekeena omen da haur batek, etorkizunean, hiru txip-belaunaldi buruan izatea helduarora ailegatzerako.

Teknologiarekin batera jakinduriarik ekoizten ez duen zibilizazioak bere eta gainerakoen galbidea du jomuga

Hala berean, adimen artifizialaren kontu hau erabat lotuta dago gerrekin. Areago, gerra nuklearraren kezka dago adimen artifizialaren jatorri zientifiko-teknologikoan: “Mundu guztia galduko balitz, nola lortu ordenagailu batek bere kabuz erabakitzea?” Adimen artifizialaren autonomia horren erakusgarririk garbiena da, Aberkanen iritziz, piloturik gabeko dron turkiar batek 2021ean eragindako hilketa. Teknologiarekin batera jakinduriarik ekoizten ez duen zibilizazioak bere eta gainerakoen galbidea du jomuga, ekintzaile frantziarraren iritzian. Hirugarren Reicha dugu adibiderik onena.

Adimen artifizialaren mehatxuak eta erronkak

Zer egin, beraz, adimen artifizialaren mehatxua dela-eta? Aberkanek argi du: Finlandiako edo Islandiako ikastetxeen ereduan egin bezala, hausnarrarazi egin behar zaie ikasleei, hori baita jakintzarako bidea. Dioenez, filosofiaren historia klasikoa buruz ikasi baizik ez da egiten ikastetxe gehienetan, hau da, adimen artifizialeko makina batek ere arazo handirik gabe gainditu lezakeela filosofia-azterketa. Frantzian, ezkerraren eta eskuinaren arteko dema politikoa traba ei da hezkuntza-sistema berritzeko. Eskolan meditazioa txertatzeko egitasmoak erreka jo zuenean nabarmen azaleratu zen oztopo hori, eskola-jazarpenaren beherakada ekarri bazuen ere.

Adimen artifizialaren auziarekin asmatzeko gakoa, Aberkanen aburuz, hartara itsu-itsuan ez mugatzea da, harantzago joatea, eskas duena osatzea. Ez baita komeni ahaztea adimen artifizialaren jitea ahalik eta sarituena izatea dela, eta gisa horretan bereganatzaile edo manipulatzaile bihurtu ahal dela. Horrek ondorio oso latzak ekar ditzake, zinez ekarri ere, arlo finantzariora. Gizakiari, ostera, apenas saritzen zaio bere jarduna, salbu-eta ez diren bene-benetako sormena edo artezia eskatzen duten artisau-lanak. Badaude, oraindik ere, gizakia saritzen den esparrutxo batzuk, baina hagitz gutxi dira. Hortxe munduko gizarteen komeria: konformitaterik eza eta indibidualtasuna saritzen diren esparrutxo horiek, izan, badira, baina nekez aurkitzen dira. Oroz gain konformitatea saritzen duten gizarteetan bizi gara egun. Azken beltzean, zera entzutera iritsiko omen gara lehenago edo geroago: “makinarekin bat etortzea, horixe da gizakiaren egitekoa”.

Hala halarik, Aberkanek ez dakus guztia galdua. Kultura orok sortu dezake bere kontrakultura, guztia joan daiteke bere aitzitik aitzikora

Hala halarik, Aberkanek ez dakus guztia galdua. Kultura orok sortu dezake bere kontrakultura, guztia joan daiteke bere aitzitik aitzikora. Historiari erreparatu besterik ez da jabetzeko bazterreko fenomenoak nagusitu egin daitezkeela. Errenazimendua, kontrako kultura hastapenetan, nagusi jarri zen, norma bihurtu zen inprenta zabaldu zela medio. Beste hainbeste gertatzen omen da biologian p elementua esaten zaionarekin, zeina genetikaren eta drosofilaren biologia molekularraren tresna bazterrezin bihurtu baita, geneak klonatzeko tresna baliagarri izanez edo eraldaketa-bektore gisa. P elementu hori, mikromolekula ultraminoritario hori, orain 30 urte baino lehenxeago aurkitu zen Japonian, eta lurreko drosofila guztiek zeukaten aipatutako elementua. Horrek ikerketa asko abiarazi zituen, nagusiki mimetikaren gainekoak. Hala bada, nola biologian egia dena kulturaren eta ideien eremuan ere egia omen den, adimen artifizialaren kontu honetan ere ziurtzat jotzen du Aberkanek anticyiberpunk-mugimenduak agertzea, alegia, neuk-ez-dut-inplanterik-ametitzen-darrek petxu ateratzea. Gutxi batzuk izanen omen dira hasiera batean, baina, behingo batean, gehiengo nasai bihurtuko dira. Hor ikus daiteke zergatik sinesten duen Aberkanek giza adimenean, eta zergatik pentsatzen duen gizakia bere sorkari artifizialak baino gehiago dena.

Adimen artifiziala enpresa-munduan

Amaitzeko, zakurrarekin, gure mesedetan hainbeste egin dezakeen abere etxekotuarekin, alderatzen du Aberkanek adimen artifiziala: “Noizbait finean, gerta daiteke bazterrezin, ezinbesteko bihurtzea, nola-eta Pirinioetan artaldea biltzeko derrigorrezkoa den zakurra. Lehiakorrago egingo gaituen zakur baten antzekoa ei da adimen artifiziala. Pentsa dezagun egun osoz egitekotik egitekora dabilen ekintzaileagan, erabakiak hartzeko ase eta leher dabilen horrengan. Bere garunak ezin ditu hartu nahi beste erabaki egunean, izan garrantzitsuak, izan xumeagoak; orduantxe gailentzen zaio, hain zuzen ere, erabakitzeko neke edo ezin hori. Hori horrela, ekintzaileak, bai enpresa txiki eta ertainetakoak, bai handietakoak, biziki interesatuak izan ohi dira erabaki-hartze horiek murrizteko aukeretan. Horrela bizi omen da Elon Musk bera, Teslako burua, bere Space X enpresa astronautikoaren alde-aldean, 40 metro koadroko prefabrikatu batean: 5 orduz egiten du lo gauean, 15 orduz lan egunez eta, bazkaldu aurretik, Playstationean aritzen da une batez, atseden hartzeko. Cyberpunk izeneko jolasaren atzaparretan erori omen da. Adimen artifizialaren munduan, beraz, eta, harira bueltatuta, elkarte espezializatuek eskaintza egingo omen diete gutxi barru enpresaburuei, arren-eta beren hainbat aginte eta zeregin gauzatuko dituzten adimen artifizialei aurrerabidea eman diezaieten. Pokemon horiek, makina edo zorioneko artzain-zakur horiek, ordea, enpresaburu horien eskumeneko datu ugari bere egin ditzakete. Halakorik balitz, oso txarra litzateke abelera, batik bat, adimen artifizialak mundu guztiko enpresaburu edo ekintzaileen datu guztiak eskuratuz gero. Bestela esanda, oso arriskutsua litzateke artzain-zakur horiek guztiek haien nagusienganako leialtasuna galtzea.

Ez da bazterrean utzi behar adimen artifiziala, ezinezkoa izango baita bera gabe ekintzaile lehiakor izatea, baina gogoan izan behar da ez dela sekula norberaren zakurra izango

Zein da, hortaz, ekintzaile edo enpresaburuentzako aholkua? Ez da komeni, inola ahalean bederen, enpresaren liderrak isilpeko datuak edo garrantzitsuenak adimen artifizialaren pentzudan uztea. Ez da bazterrean utzi behar adimen artifiziala, ezinezkoa izango baita bera gabe ekintzaile lehiakor izatea, baina gogoan izan behar da ez dela sekula norberaren zakurra izango, eta ez dela, halaber, leial egongo ere. Eta inportanteena: berrikuntza-ideiaren bat bururatuz gero, ez zaio inola ere fida behar, ez litzateke-eta harritzekoa adimen artifizialaren fabrikatzaileak bere egitea. Horri arretarik ez emateak, konturatzerako, mundu guztiko makinek norberaren ideiaren berri izatea ekar dezake, are patentea eskatzeko betarik izan baino lehen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK