Eustaten arabera, 2022an, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren balio erantsi gordin osoaren %9,4 goi eta erdi mailako teknologia sektorean bildu zen. EAEko enpleguaren %8,8 ordezkatzen zuen, hau da, 98.653 lanpostu, eta denera 5.032 enpresa ziren sektorean, 24.979 milioi euroko fakturazioarekin.
2021arekin alderatuta, lanpostuen kopuruak gora egin zuen sektorean (%3,4), negozio zifra %14,5 hazi zen eta balio erantsia %7,9. Halaber, 2022an, jarduera honetan lanean ari ziren enpresen batez besteko tamaina 19,6 langilekoa zela jakinarazi du euskal estatistika erakundeak.
Goi eta erdi-goi teknologiako sektorean, enpresen %13,1ek I+Gko jarduera garatzen dute, gainerako sektoreetan ematen den ehunekoa (%1,1) baino askoz handiagoa.
2022an 11.076 pertsonek lortu zuten lana sektorean, eta horietatik 3.599 emakumezkoak ziren. Gainera, langile guztietatik 7.414 ikerlari gisa aritu ziren, horietatik %32,8 emakumeak.