
Hiru urte bete ditu gaur GovTech Bizkaia programak. Urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu dute Bilboko BAT B Accelerator Tower dorrearen Nazioarteko Ekintzailetza Zentroan.
Bertan izan dira, besteak beste, Ainara Basurko Ekonomia Sustapenerako foru diputatua, Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua, Natalia Aristimuño Zerbitzu Digitalen zuzendaria Europako Batzordean, Mercedes Vidal Gartner enpresako bazkide exekutiboa eta Carlos Santiso ELGAko Gobernu Digital, Berritzaile eta Irekiaren arduraduna.
GovTech Bizkaia programa 2022. urtean jarri zen martxan, eta zenbait helburu finkatu zituzten, hala nola: espazioak sortzea start-upek haien artean berrikuntzak partekatzeko, konponbideak elkarrekin diseinatzeko aukerak sustatzea, “palanka-lana” egitea kultura-aldaketa lortzeko, baita “lurraldeko ekosistema ekintzailea antolatzen eta dinamizatzen duen tresna” izatea ere.
Hala, hiru urteetan zehar bi jarduera-ardatz izan ditu programak. Batetik, berrikuntza irekiko laborategian hamalau erronka gidatu dira, hamahiru talde publikorekin. Soluzio teknologikoak landu dituzte, besteak beste, Whatsapp kanala erabilita inkestak bidaltzeko sistema, Bizkaibusen garraio-zerbitzuko datuak hobeto ulertzeko sistema, AArekin hitz egiteko morroiak… Orotara, 355 start-up digitalekin lan egin da programan.
Bestetik, berrikuntzarako eta ekintzailetzarako huba izan dute ardatz. Hala, prestakuntza intentsibo eta azeleratuak, aurkezpenak eta mahai tematikoak antolatu dira; hori ez ezik, GovTech Bizkaiak nazioarteko hiru topaketetan parte hartu du, lankidetzak sustatzea helburu izanik.
Gaur egun, “GovTech ekosistemaren parte” dira ondorengoak: unibertsitateetako (EHU, Deustu eta Mondragon) ekintzailetza-zentroak; Lantik, Beaz eta Bat; sektoreko elkarteak eta teknologia-klusterrak; inbertsio-funtsak; teknologiaren arloko korporazioak; eta, nazioarteko beste GovTech laborategiak.