Grafenoaren proiektu berritzaileak sustatu nahi dituzte hainbat euskal erakundek

Global Graphene Callen III. edizioan parte hartzeko epea irekita egongo da urriaren 13ra arte

Nanogune | Argazkia: CIC Nanogune Nanogune | Argazkia: CIC Nanogune

Global Graphene Call nazioarteko deialdiaren harira, lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute CIC nanoGUNEk, BerriUpek, Grapheneak, Donostiako Sustapenak eta BIC Gipuzkoak, grafenoarekin zerikusia duten proiektuak sustatzeko. Erakundeek beren alea jarriko dute hautatutako proiektuei baliabideak eskaintzeko: BerriUpen azelerazio metodología, Graphenearen grafeno aurreratuko produktuak, nanoGUNEren punta-puntako azpiegitura eta ekipamendua, eta Donostiako Sustapenak eta BIC Gipuzkoak emandako ekintzailetza laguntzak eta programak.

Global Graphene Callen III. deialdian proiektuak aurkezteko epea ireki da gaurtik, ostiraletik, urriaren 13ra arte. Deialdiaren helburua da grafenoaren “ahalmen disruptiboan” oinarritutako proiektuak ezagutaraztea eta garatzea. Antolatu zen lehenengo urtean, 2020an, 35 proiektu aurkeztu ziren, eta 2022an, aldiz, 45. Herbehereetako eta Indiako proiektuek irabazi zuten lehen bi deialdi horietan.

Patricia Casadok, BerriUpeko zuzendariak, “lankide berriak gehitu” dituztela adierazi du, baldintza onenak eskaintzeko grafenoa oinarri duten proiektuen garapenean eta merkaturatzean. Jesús de la Fuentek, Grapheneako zuzendari nagusiak, grafenoaren potentziala azpimarratu du, eta Ainara Garcia Gallastegui Transferentzia Teknologikoko zuzendariak gehitu du “grafenoa etorkizuneko material gakoetako bat dela eta industria ezberdinak eraldatzeko ahalmen handia duela”.

Iñigo Olaizolak, Donostia Sustapeneko zuzendari nagusiak, eta Marisa Arriolak, BIC Gipuzkoa-ko zuzendari nagusiak, baieztatu dute grafenoak aukera ematen duela Donostiara talentua erakartzeko, eta Gipuzkoa leku egokia dela proiektu berritzaileak garatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK