Hupi: adimen artifizialaren bidez tokiko ekonomian eragiten

Duela hamar urte sortu zen Hupi Bidarten, eta adimen artifizialeko sistema ziberfisiko eta laguntzaile birtualak egiten ditu. 2018an bigarren bulego bat ireki zuten Donostian. Adimen artifiziala ibilgailu hartuta, euskararen erabilera bultzatu eta tokiko ekonomian eragin nahi dute

Argazkia: Hupi Argazkia: Hupi

Adimen artifizialean espezializatutako enpresa lapurtarra da Hupi. 2013an Bidarten sortu zenetik sistema ziberfisikoak eta laguntzaile birtualak egiteaz arduratu dira. Hala, hainbat sektoretako enpresentzat informazioa denbora errealean jasotzen duten gailu adimendunak jorratzen dituzte, sistema beraren barruan kokatutako algoritmo matematikoek monitorizatzen dituztelarik, gomendioak automatikoki eskaintzeko. Halaber, datuen bisualizazioen bidez laguntzaile birtualekin gomendio automatikoak eskaintzeko adimen artifiziala eskaintzen du Hupik.

“Bi mailatako produktuak egiten ditugu”, dio Irati Rodriguez Hupi Ibericako arduradunak. Alde batetik, machine learning, hau da, “ikaskuntza prozesu bat non oinarri historiko batetik abiatuta mantentze prediktibo bat egin edo nolabaiteko iragarpen batzuk sortzen ditugu”. Bestetik, operational research, “optimizazio prozesuak egiten ditugu, ekoizpen lerro batena. Esaterako, nik dauzkadan baliabideekin denbora jakin batean eta murrizketa batzuk kontuan hartuta prozesu bat nola optimizatu daitekeen aztertzen dugu”.

Hainbat sektoretako enpresentzat informazioa denbora errealean jasotzen duten gailu adimendunak jorratzen dituzte, sistema beraren barruan kokatutako algoritmo matematikoek monitorizatzen dituztelarik, gomendioak automatikoki eskaintzeko

Prozesu horietan guztietan pertsonak erdigunean jartzen saiatzen dira Rodriguezen arabera. “Langile edo operatzaileei benetan egunero erabiltzea daukaten erreminta bat sortzea da gure helburua”. Google Mapsen eginkizun bera duela gehitu du: “Google Mapsek ez dizu esaten azkeneko urteetako joerak edo historikoa zein izan den; zuzenean gomendioa ematen dizu, hainbat bide aurkeztu dizkizu eta zuk aukeratu egiten duzu”. Hupik tankerako laguntza eta gomendioak eskaintzen dizkie industria sektoreko tekniko edo operatzaileei, eta finean “kopilotu batzuk gara soilik”.

Euskara eta pertsonak erdigunean

Romain Roquefère eta Vincent Morenok sortu zuten Hupi 2013an, Ipar Euskal Herriko ekoizle eta langileen jarduera eta negozioak digitalizatzeko asmoz. “Iparraldean arlo teknologikoan nolabaiteko hutsune bat zegoela sumatu zuten, eta aukera ikusi zuten adimen artifiziala lantzen hasteko, tokitik eta tokirako ideiarekin”, azaldu du Rodriguezek.

Hamar urteotan bi lankidetik hamalau izatera pasa dira, eta milioi bat euroko fakturazioarekin bukatu zuten iazko urtea, %30eko hazkundea ekarriz. Aurten, 1,3 milioi euro fakturatzea aurreikusi dute. Ibilbide oparo horren ondorioetako bat 2018an Gipuzkoako Parke Teknologikoan bigarren bulego bat irekitzea izan zen. Rodriguezen esanetan, “iparralde-hegoalde konexioa indartu genuen nolabait”.

Irati Rodriguez: “gure negozio-jarduera eta bizitokia izan nahi dugun lekuan euskara da gure komunikatzeko hizkuntza. Gernikara joan eta ingelesez aritzeak guretzat ez du zentzu askorik. Euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea garrantzitsua da"

Are gehiago, Rodriguezek kontatu duenez, langileak euskara ikasten ere hasi ziren orduan: “gure negozio-jarduera eta bizitokia izan nahi dugun lekuan euskara da gure komunikatzeko hizkuntza. Gernikara joan eta ingelesez aritzeak guretzat ez du zentzu askorik. Euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea garrantzitsua da guretzat”. Hala, AEKrekin euskara ikastaroetara joaten hasi zen HUPIko lantaldea. Rodriguez da hegoaldeko lankide bakarra, iparraldeko beste bi ere euskal hiztunak dira eta gainerakoak astean hiru ordu egiten dituzte euskara ikasten. “Erakutsi nahi dugu euskaraz ere lan egin daitekeela iparraldean, eta agian errentagarritasun ekonomikoa ez, baina beste nolabaiteko produktibitatea ematen digu”, kontatu du arduradunak.

HUPI
Bai Euskarari Sariak | Argazkia: Hupi

Horren harira, aurtengo ekainean Bai Euskarari Elkarteak Hupi saritu du euskararen erabilera areagotzeko egindako lana aitortuz eta guztiz erdalduna den sektore batean euskarari lekua egiteagatik.

Adimen artifizialaren demokratizazioa

Hupiren lekua Euskal Herrian dagoela nabarmendu nahi izan du Rodriguezek, "ez dugu Sillicon Valleyra joan nahi”. Frantzian, esaterako, Safran Helicoptare Engines, helikoptero motorrak ekoizten dituen mundu mailako enpresa handienetako batekin, Enedis konpainia elektrikoarekin, eta Frantziako ur sareak kudeatzen dituen Suez enpresarekin ere egiten dute lan. Hain zuzen, euren fakturazioaren gehiengoa Frantziatik dator.

Donostiako bulegoaren jarduerari esker, berriz, fakturazio osoaren %30 lortzen dute. Hainbat sektoretako bezeroak dituzte, hala nola, Gestamp, Luma, Lantek, Seinsa, Garita Automotive, Dbus eta Maier. “Poliki-poliki gure sarea sortu dugu eta enpresa askok ikusi dute adimen artifizialerako beharra badagoela. Gure helburua beti izan da teknologia eta sare honen demokratizazioa, nolabait enpresa txikiagotara iritsi eta zerbait erreala dela erakutsi”, kontatu du Rodriguezek.

Irati Rodriguez: “Poliki-poliki gure sarea sortu dugu eta enpresa askok ikusi dute adimen artifizialerako beharra badagoela"

Era berean, sare publiko-pribatuan arteko elkarlana EAE mailan oso sendoa dela uste du, eta duela pare bat urte sortu zuten Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) non beste 18 enpresarekin batera administratzaile izateko gonbita jaso zuten. Modu horretan, euskal industria enpresen artean nolabaiteko sarea sortu da eta “ekosistema oso potentea dago”. Enpresez gain, unibertsitateak eta beste hainbat hezkuntza eta teknologia zentro ere badaude, “eskari asko” baitago sektorean.

Helmuga baino ibilgailu

Adimen artifiziala, azken helmuga baino eskualdean inpaktua sortzeko baliabide bezala ikusten du Hupik, eta errentagarritasun ekonomikoa alde batera utzi gabe, jasangarritasuna du helburu: “guk euskara sustatu nahi dugu, iparraldeko lehen sektoreari lagundu, beste enpresa batzuei euskaraz lan eta bizi daitekeela erakutsi, kultura ekitaldietan parte hartu eta egitasmo sozialei lagundu nahi diegu”.

Hori gutxi balitz, formakuntza ere Hupiren jardueraren parte da, eta adimen artifizial arloan talentua aurkitzeko sarbidea ere. "Asko hitz egiten da adimen artifizialaz, baina benetan adimen artifiziala egiten duten enpresak topatzea ez da hain erraza”. Unibertsitateekin lankidetzan dihardute, hala nola, Bordele eta Pauekoekin. Baionako Bernat Etxepare lizeoan ere ikastaroak eman dituzte, “ez bakarrik formakuntza tekniko aldetik, bazik eta negozio egiteko beste eredu bat erakustetik. Ikusarazi nahi diegu ez dutela multinazional batera joan beharrik hontan lan egiteko, etxean ere badaudela enpresak gauza ondo egiten ari direnak beste balio batzuekin, beste filosofia batekin”.

Irati Rodriguez: "adimen artifizialaren arloan hemen lan eta bizitzeko baldintzak ezartzeko lanean ari gara"

Hego Euskal Herrian, Mondragon eta EHUrekin elkarrizketa izan dituzte antzeko programetan ere parte hartzeko. “Unibertsitateetatik ikusi dute eskari handia dagoela eta enpresek eskatzen dutela. Adimen artifizialaren arloan hemen lan egin eta bizitzeko baldintzak ezartzeko lanean ari gara, lehen esan bezala, adimen artifiziala helmuga baino ibilgailua baita guretzat”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK