“Goi mailako berrikuntza gara, baina liderrak izan nahi dugu” adierazi du Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak gaur goizean elkarteak egindako Batzar Nagusian. Urteroko hitzordua Euskadiko Parke Teknologikoko Donostiako Kanpusean egin dute, eta bertan izan dira EAEn berrikuntzari lotutako erakunde eta eragile nagusiak. Aurten, EAEko I+G inbertsioak 2.068 milioi euroko zifra errekorra izango du, aurreko ekitaldian baino %6,4 gehiago, Innobasquen arabera.
Manuel Salaverriak, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak ireki du batzarra, eta berarekin batera izan dira Bilbao eta Olatz Fernandez idazkaria. Lehenik, 2023ko kontuak aurkeztu dizkiete erakunde bazkideei. Denera aktiboetan 3.976 milioi euro izan ditu Innobasquek eta kapital zirkulatzailea 429 milioi eurokoa izan da 2023an. Halaber, 4.972 milioi euroko diru-sarrerak eskuratu ditu, aurreikusitakoa baino %2 gehiago.
Bilbaok elkartearen kudeaketa txostena ere aurkeztu du, eta Innobasquek etorkizunera begira dituen hainbat erronka zerrendatu ditu. I+Gko inbertsioa handitu beharra azpimarratu du, Europako batezbestekora gerturatzen jarraitzeko. Era berean, pandemia dela eta oraindik berreskuratu gabeko enpresen berrikuntza inbertsioak bultzatu behar direla gehitu du.
Berrikuntzan bidelagun
2023an Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek martxan jarritako zientzia, teknologia eta berrikuntzako 15 plan edota programa babestu zituen Innobasquek. Hala, enpresa txiki eta ertainen berrikuntza sustatzeko Hazinnova programa nabarmendu dute. Honen bidez, 385 enpresa txiki eta ertainek 540 proiektu gauzatu dituzte.
Iazko ekitaldian guztira 1.501 enpresa txiki eta ertainek Innobasquek sustatutako berrikuntza jardueraren batetan parte hartu zuten. Horrekin batera, gazteen artean zientzia eta teknologia ezagutzak zabaltzeko asmoz, 349 ikastetxeetan 22.000 gazteri STEAM jarduerak eskaini dizkie Innobasquek, agentziaren erakundeen bitartez.
Iazko ekitaldian guztira 1.501 enpresa txiki eta ertainek Innobasquek sustatutako berrikuntza jardueraren batetan parte hartu zuten
2024ra begira, Innobasquen aurrekontua 5.160 milioi euroko izango dela jakinarazi dute, hau da, 2023koa baino %4 handiagoa. Aurrekontu osotik ia %80 Eusko Jaurlaritzaren berrikuntza funtsetik jasoko du Innobasquek. %11 inguru Jaurlaritzaren proiektu estrategikoetatik eta %8 bazkideen kuotetatik.
Zuzendaritza batzorde berria
2023ko kontuak aho batez onartu dituzte Batzar Nagusira bertaratutakoek, eta modu berean berretsi dute agentziaren zuzendaritza batzorde berria. 60 kidek osatuko dute organoa. Presidentea Manuel Salaverria izango da. Aitzitik, ekitaldian, egungo presidenteak lehendakaritza berria hautatzeko prozesua irekiko duela iragarri du.
Agentziaren arlo bakoitzeko presidenteordeak honako hauek izango dira: Iberdrolako Asis Canales (enpresa), EHUko errektorea Eva Ferreira (zientzia), Tecnaliako Jesus Valero (teknologia), Elizbarrutiko Ikastetxeen zuzendaria Nerea Begoña (gizartea) eta Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua (administrazioa). Erakundeko idazkaria Olatz Fernandez izango da eta diruzaina Kutxabankeko Javier Larrañaga.
Aginte makila Urkulluri
Iñigo Urkullu lehendakariarentzat Innobasquen azken Batzar Nagusia izan da gaurkoa ohorezko presidente gisa. Egindako lana aitortu nahi izan dio berrikuntza agentziak eta aginte makila sinboliko bat jaso du Salaverriaren eskutik. Berrikuntza "herriaren helburua" dela ziurtatu du Urkulluk, eta "orain erronka den berrikuntza hori enpresa txikienera eramatea” dela uste du, "Euskadiko industria-ehuna ere gure obra kolektibo bihur dadin".
Ekitaldiaren itxieran ere izan dira Urkullurekin batera Jokin Bildarratz, Arantxa Tapia, Gotzone Sagardui eta Olatz Garamendi sailburuak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea, besteak beste.
Iñigo Urkullu: "Duela hamarkada bat planteatu genuen erronka lortu dugu, berrikuntzan Europarekin bat egitea"
Berrikuntzako inbertsioaren bilakaeraren errepasoa egin du jarduneko lehendakariak, 1981ean "ia ez baitzegoen"; 2001ean, berriz, EAEk 620 milioi euro inbertitu zituen, eta 2022an 1.800 milioi izan ziren. "Euskadik hirukoiztu egin du ikerketan eta garapenean egindako inbertsioa 20 urtean. Duela hamarkada bat planteatu genuen erronka lortu dugu, berrikuntzan Europarekin bat egitea. European Innovation Scoreboardek berritzaile indartsuen taldean sartzen du Euskadi, Alemania, Austria edo Frantzia bezalako herrialdeekin batera ", nabarmendu du.