
Eusko Jaurlaritzak eta IBMk aurkeztu berri dute IBM Quantum System Two izeneko sistema kuantikoa instalatzeko plana. Imanol Pradales Lehendakariak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dute iragarpena, Jay Gambetta IBM Quantumeko lehendakariordearekin batera, IBM Thomas J Watson Research Centerrera egindako bisitan, New Yorken.
Ikerbasque fundazioaren campus nagusian kokatuko da ordenagailua, Donostian. Hasiera batean, IBM Quantum System One sistema instalatzea aurreikusi bazen ere, azkenean IBM sistema kuantiko modular aurreratuena ipiniko da, hain zuzen, IBM Quantum System Two izenekoa. Instalazioa 2025 amaierarako bukatzea aurreikusi dute.
Konpainiak gaur egun arte diseinatutako prozesadore “indartsuena” da. Quiskit izeneko softwareari esker, sistemak exekutatu ahal izango ditu zirkuitu kuantiko mota jakin batzuk, bi kubiteko 5.000 arteko eragiketekin.
Eusko Jaurlaritzak eta IBMk helburu dute kuantikaren alorrean formakuntza garatzea, eta aldi berean, ekonomia sustatzea, algoritmo berriak diseinatuta. Gehitu dute instalazioak punta-puntako teknologia eskainiko diela ikertzaileei, akademikoei eta, oro har, industriari.
Pradalesek adierazi du azpiegitura berriak “erreferente global” bilakatuko duela Euskal Herria, eta gaineratu du teknologia “gako” izango dela eraldaketa digitalerako eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren “gure ekosistema” indartzeko. Datozen bi urteetarako “abantaila kuantikoak” eskainiko dizkio IBM Quantum System Two-k EAEri, Jay Gambetta IBM Quantumeko presidenteordearen esanetan.