Idekok 11 milioi euroko fakturazioarekin itxi du 2023a

Rafael Lizarralde, gaur egun zentro teknologikoko Garapen Teknologiko eta Transferentziako zuzendaria, zentro teknologikoko zuzendari nagusi berria izango da Nerea Arangurenen ordez

Nerea Aranguren Idekoko zuzendari nagusia Batzar Nagusian | Argazkia: Ideko Nerea Aranguren Idekoko zuzendari nagusia Batzar Nagusian | Argazkia: Ideko

Joan den ostiralean Idekok urteroko Batzar Nagusia egin zuen eta 2023ko emaitzak onartu zituzten. Zentro teknologikoak 11 milioi euroko fakturazioarekin amaitu du urtea, 2022arekin alderatuz, 700.000 euro gehiago lortuz. Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak ohar bidez azaldu duenez, fakturazioa %7 handitu du iazko urtean, eta industria-ehunarentzat balio handiko ikerketa-proiektuak lortu ditu. 

Horrez gain, pertsona-kopuruari dagokionez, Idekoren bazkide kopurua %20 hazi da 2023an, 22 bazkide berrirekin, eta plantilla osoa 133 pertsonakoa da. Kopuru horri zentroko enpresa partaidetuetan lan egiten duten 11 pertsonako taldea  gehitu behar zaio

Diru sarreretatik, %53 (5,9 milioi euro) sektore pribatukoak izan ziren, eta %47 (5,2 milioi euro) ikerketa teknologikoko eta berrikuntzako lanetik etorri ziren, ikerketaren emaitzak enpresara transferitzeko, Eusko Jaurlaritzaren (%23), Europako erakundeen (%20) eta Espainiako Gobernuaren (%4) programen laguntzarekin gauzatutako ekimenen artean banatuta.

Argazkia: Ideko
Argazkia: Ideko

Nerea Aranguren, Idekoko zuzendari nagusiaren esanetan, "manufacturing-ari aplikatutako Adimen Artifiziala, doitasun-makinak eta -prozesuak, simulazioa eta biki digitalak, soluzio aktibo eta adimendunak, piezetarako eta sektore estrategikoetarako prozesuak eta robotika dira gure ikerketa-esparru nagusiak, eta merkatu berrietarako ateak irekitzen ari zaizkigu". Ildo horretan, fabrikazio aurreratuan I+G+b bultzatzen jarraitzeko helburuarekin, zentro teknologikoak 800.000 euro inbertitu zituen iaz azpiegitura eta ekipamendu berrietan.

Bestalde, 2023an ere Idekok ingurumenaren iraunkortasuna bultzatu duela iragarri du. Horrela, hobekuntza nabarmenak ezarri ditu bere instalazioen energia-eraginkortasunean, eta energia-kontsumoari lotutako ingurumen-inpaktua nabarmen murriztea lortu du. Era berean, 2023an, teknologia- eta ikerketa-zentroak ere jauzi handia egin zuen bikaintasun zientifikoari dagokionez: 30 argitalpen indexatu argitaratu zituen, eta %16ko igoera izan zuen 2022arekin alderatuta. Patente aktiboen kopurua, berriz, 39an mantendu zen.

Lizarralde, zuzendari nagusi berria

Rafael Lizarralde, gaur egun zentro teknologikoko Garapen Teknologiko eta Transferentziako zuzendaria, Idekoko zuzendari nagusi berria izango da Nerea Arangurenen ordez. Aranguren Mondragon Korporazioko Makina Erreminta eta Automatizazio Industrialeko dibisioetako zuzendari nagusia izango da: hau da, Danobatgroup eta MIA enpresetako zuzendaria.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK