Igor Garcia: “Oraindik irudikatzeko gai ere ez garen era askotan erabiliko dugu adimen artifiziala"

Enpresa txikiek euren teknologia propioa garatu dezaketela uste du Vicomtech-eko teknologia zuzendariak. Ahalegin handiagoa eskatuko badie ere, merkatuan bereizteko "aukera paregabea" dela dio

Igor Garcia Olaizola Vicomtech-eko teknologia zuzendaria da | Argazkia: utzita Igor Garcia Olaizola Vicomtech-eko teknologia zuzendaria da | Argazkia: utzita

Vicomtech-eko teknologia zuzendaria eta Industria Dibisioko arduraduna da Igor Garcia Olaizola (Zarautz, 1976). Industria Automatiko eta Elektronika ingeniaritzan doktorea da, eta 20 urte baino gehiago daramatza zentro teknologikoan lanean. Aitortu du adimen artifiziala erronka handia dela euskal enpresa txiki eta ertainentzat, baina nazioartean lehiatzera ohituta dauden neurrian, egokitzeko gaitasuna badutela uste du. Lanpostuak galtzeko arriskua ez du ikusten, baina eraldaketa handia jazotzen ari da, eta egokitzen ez denak lan munduan lehiatzeko arazoak izango dituela dio.

Vicomtech-en industria dibisioak zer proiektu ditu egun esku artean?

Industria Dibisioak gure inguruko enpresen lehiakortasuna bultzatzea du xede, horretarako ikerkuntzaz eta garapen teknologikoaz baliatuz. Helburu horrekin, adimen artifiziala (ikusmen artifiziala eta datu ustiaketa), ordenagailu bidezko grafikoak / errealitate areagotua eta komunikazio industrialaren inguruan jorratzen dugu gure teknologia espezializazioa.

Baliabide hauekin, proiektu nagusienak prozesu konplexuen ulermena eta hobekuntza, optimizazioa, kalitate kontrola, automatizazioa eta diseinu hobekuntzaren inguruan izaten dira.

Zein teknologia digital ari dira eragin handiena izaten industrian?

Gaur egun adimen artifiziala da eragin handiena izaten ari den teknologia. Alde batetik, enpresa askok dagoeneko duten digitalizazio mailak adimen artifizialaren erabilera ahalbidetzen du, eta, bestetik, ChatGPT-ren moduko teknologiek guztion eskutan jarri dute adimen artifizialak duen gaitasunaren ezagutza oinarrizko bat. Honek ideia berri asko piztu ditu industrian.

Nola ikusten duzu euskal industriaren egoera? Teknologikoki aurreratua dagoen industria al da gurea?

Bere erronkak dituen arren, egoera onean dagoela esango nuke. Nazioartean lehiatzen ohituta dagoen heinean egokitzeko gaitasun handia du euskal industriak, eta teknologia digitalei dagokienez, maila oneko zerbitzu enpresak izateaz gain ikerkuntza sare sendo bat ere badugu bertan.

Zein erronka eta zailtasun nagusi dituzte industria sektoreko enpresek?

Euskal enpresen gehiengoa enpresa ertain edo txikiz osatua dago. Teknologia berrietan apustu egiteko eta handiagoekin lehiatzeko erronka handi bat suposatzen du horrek. Erronka horien aurrean ezinbestekoa da elkarlanean aritzea eta bereizgarri zertan izan gaitezkeen ongi identifikatzea.

"Nazioartean lehiatzen ohituta dagoen heinean egokitzeko gaitasun handia du euskal industriak, eta teknologia digitalei dagokienez, maila oneko zerbitzu enpresak izateaz gain ikerkuntza sare sendo bat ere badugu"

Nolako bilakaera izaten ari da adimen artifiziala gure enpresetan? Eta bestelako teknologiak?

Inguruan mugimendu handia nabaritzen dugu. Enpresa askok abiatu dituzte adimen artifizialaren inguruko ekimenak eta gehienek garrantzi handia ematen diote etorkizun laburrean adimen artifizialak izango duen eraginari. Baina, era berean, kasu gehienetan, nondik eta nola hasi erabakitzea ez da batere kontu erraza izaten ari. Gainera, adimen artifiziala oso teknologia eraldatzailea da, eta enpresen prozesuak errotik aldatzea suposa lezake askotan, gero bere eragina ondo ustiatu nahi baldin bada. Honek bestelako teknologietan (azpiegiturak, datu sarrera sistemak) eragin handia izaten du, eta baita pertsonen ohitura, ikuspegi eta enpresa kulturan ere.

Hemengo enpresa gehienak txikiak dira, nola barneratuko dituzte teknologia berri hauek euren ekoizpen prozesuetan?

Nire ustez, erabaki horiek enpresaren estrategiatik abiatuz hartu behar dira, eta ez teknologia hobekuntza ikuspegitik soilik. Batzuk, teknologia zerbitzu moduan kontratatuz nahikoa izango dute, gaur egun denok ezagutzen ditugun plataformetako batekin integratuz. Kasu hauetan lehen emaitzak oso azkar lortu ohi dira, baina enpresa horrek nekez joan ahal izango du zerbitzu estandarretatik haratago, eta gehienetan ez du konpetentziarekiko ezberdintzerik lortuko. Bestalde, gaur egun eskura dauden teknologietatik abiatuz eta elkarlanean bidelagun egokiak izanda, enpresa txikiek ere beren teknologia garatu lezakete. Honek askoz ahalegin handiagoa eskatuko die bide hau urratzea erabaki dutenei, baina ordainetan teknologiaren kontrola izango dute eta merkatuan bereizteko aukera paregabea eskain lezake.

Lanpostuak galtzeko arriskua ba al dago? Zer lanpostu mota?

Lanpostuak galdu baino eraldatzeko arriskua dagoela esango nuke. Eraldaketa guztietan bezala, hemen ere egokitzen ez denak zailago izango du lan munduan lehiatzea. Orain arte adimen  artifizialak lanpostu mekaniko eta sinpleenak ordezkatuko zituela uste bagenuen, gaur egungo “eredu fundazionalek” jakintzan oinarritutako lanbideak jarri dituzte mehatxupean, hala nola, mediku, abokatu, ingeniari, etab. Halere, neuk ez ditut lanbide horiek galtzear ikusten, baldin eta profesionalak adimen artifizialaz ongi baliatzera egokitzen badira. Nolabait, garai batean aipatzen zen arrakala digitala orain adimen artifizialaren arrakala izatera pasako dela esango nuke.

"Lanpostuak galdu baino eraldatzeko arriskua dagoela esango nuke. Eraldaketa guztietan bezala, hemen ere egokitzen ez denak zailago izango du lan munduan lehiatzea"

Nola probestu ditzakegu adimen artifizialak sortutako abantailak?

Seguruenik oraindik irudikatzeko gai ere ez garen era askotan. Gaur egun, automatizazio eta prozesuen optimizaziora ari da gehienbat zuzentzen adimen artifizialaren erabilera, eta ildo honetan emaitza oso onak ematen ari da enpresaren munduan. Nire ustez, hurrengo pausua profesionalen adimena artifizialarekin batuz adimen areagotu batetara iristea izango da. Honek aurrerakuntza handiak ekarriko ditu, bai zientzian (2024ko Kimikako Nobel Saria Google DeepMind-en bi ikerlarik irabazi zuten) eta baita enpresa munduan ere.

Zer nolako garapena izango dute teknologia hauek? Nola ikusten dituzu industria enpresak hemendik hamar edo hogei urtera?

Gaur egungo adimen artifizial ereduak gure eguneroko bizitzaren alde guztietan ikusten ditut hemendik hamar urtera. Interneten demokratizazioak ekarri zuen aldaketaren ondoren, hurrengo iraultza global nagusia hauxe dela esango nuke. Teknologiarekin dugun harremana erabat aldatuko du adimen artifizialak eta askoz era naturalagoan arituko gara makinekin.

Adibidez, ez dakit ez ote garen pertsonekin baino lehen makina batekin arituko lehen kontsultak egiteko (lehen aipatutako abokatu, mediku, zerbitzu tekniko, etab.) eta pertsona profesionalen erantzunak ere ez ote diren adimen artifizialekin jardutearen emaitza izango. Honek ekarriko duen aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialaren aurrean euskal enpresei bide horretan laguntzea erronka itzel eta zirraragarria da guretzat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK